Azken eguneratzea: 2013/03/15
Lanbide Heziketako arlo profesional guztietako euskarara itzulitako 700 ikasmaterial inguru biltzen ditu www.jakinbai.eu atariak.
Jakinbai.eu, Lanbide Heziketan euskarazko irakaskuntza garatzeko lanabes berria
Lanekik, Lanbide Heziketa sustatu eta hobetzeko elkarteak, www.jakinbai.eu webgunearen diseinu berria eta edukiak aurkeztu ditu gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan egindako ekitaldian. Lanbide Heziketari lotutako euskarazko materiala sortu eta interneten partekatzeko helburuarekin jaiotako webgunea da www.jakinbai.eu.
2001az geroztik abian dagoen atariak diseinu eguneratua eta erakargarria duela ekin dio aldi berriari. Haren berrikuntza nagusia, halere, Komunitatea izeneko atal berria da. Horri esker, Lanbide Heziketako irakasleek eurek euskaraz sortutako materiala webgunera igo eta parteka dezakete. Horrela, oso sinergia interesgarriak sortzen dituzte, material hori edozein erabiltzaileren eskura baitago, libre eta doan. Etapa berri honetan, erabiltzaileek parte hartzeari eta materiala partekatzeari emango dio lehentasuna atariak. Ezaugarri horiekin, jakinbai.eu web 2.0 bihurtu da.
Agerraldian, Lanbide Heziketarentzat euskarazko materiala sortzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute Lanekiko ordezkariek. Halaber, gogorarazi dute, argitaletxeek ez dutela argitaratzen euskarazko ikasmaterialik Lanbide Heziketan, ekonomikoki ez baitzaie errentagarri gertatzen. Lehen egunetan izan duen harrera onarekin pozik azaldu dira Lanekiko arduradunak. Lau egunean 400 lagunek baino gehiagok alta hartu dute eta materiala webgunean partekatzen ari dira.
Baina 12 urteko lanaren emaitzak ere aintzat hartzekoak dira. Jakinbai.eu-k 8.400 kontzeptu inguru biltzen ditu, eta terminoei dagokienez, euskarazko 8.700 eta gaztelaniazko 8.200 jasotzen ditu. Termino horiekin lotutako testuak, berriz, 129.359 dira. Orotara, euskarazko 697 ikasmaterial biltzen ditu atariak, Lanbide Heziketako arlo guztietakoak. Hala nola, batzuk aipatzearren, Arrantza eta Itsasoko Jarduerak, Eraikuntza eta Obra Zibila, Irudi Pertsonala, Osasuna edo eta Kimika.
Webguneak ohikoa den atalari eutsi dio, Lanbide Heziketaren hiztegiari hain zuzen, lan-tresna hori nahitaezkoa delako LHko irakasle eta ikasleentzat. Hiztegia aberastu egin da Elhuyarren Zientzia eta Teknologia Hiztegi Entziklopedikoa inplementatuta. Webgunearen beste hobekuntza bat hitzak bilatzeko sistema da. Termino bat aurkitzeko, termino-zerrenda osoan, testuetan, hiztegi osoan edo familia jakin batean bila daiteke.
2012an, www.jakinbai.eu webguneak 20.952 erabiltzaileren bisita izan zuen, eta 5.987 erabiltzaile ditu erregistratuta.
ZER DA LANEKI?
Lanbide Heziketa euskalduna sustatu eta hobetzeko elkartea da Laneki. 2001ean sortu zuten Ikaslan Gipuzkoak, Ikaslan Bizkaiak, Ikaslan Arabak eta HETELek. Euskarazko material didaktikorik ez zegoela jakitun, Lanbide Ekimena programa jarri zuten abian, LHko materiala euskaratu eta interneten erabiltzaileen esku jartzeko xedez. Hasiera-hasieratik, Lanekik teknologia berrien aldeko apustua egin zuen; izan ere, hainbeste espezialitate zirenez eta bezeroak hain atomizatua zeudenez, paperezko ohiko formatua ez zen egokia.
- www.jakinbai.eu webguneak diseinua berritu, atal gehiago erantsi eta bilatzailea hobetu egin du.
- Etapa berri honetan erabiltzaileek parte hartzeari emango dio lehentasuna, gizarte-sareen antzera.
- Lanbide Heziketako eta arlo profesional guztietako 700 euskal material inguru biltzen dituen azken 12 urteetako lanaren emaitza da.
- Webgunean bildutako material guztia edozein erabiltzailek du eskura, libreki eta doan.
- Elhuyarren Zientziaren eta Teknologia Hiztegi Entziklopedikoa inplementatu du.
- Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Buruntzaldea ditu laguntzaile.