Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC)
- Helduen euskalduntzearen oinarriak
- Osagaiak
- Mailak
- Irakastorduak eta ikastorduak
- Mailen azpimailak
- Euskararen ezagutza-egiaztagirien arteko baliokidetzak
Helduen euskalduntzearen oinarriak
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak —HEOCak— helduen euskalduntzegintzaren jardun didaktikoan betebeharreko gidalerroak deskribatzen eta zehazten ditu. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Agindu bidez ezarri zuen 2015eko uztailaren 22an curriculum hau, erreferentzia-marko izan dezaten euskaltegiek, euskararen autoikaskuntzarako zentroek, HABEk eta HABErekin lankidetzan arituko direnek, eta 2015eko uztailaren 31n argitaratu zen EHAAn (144 zk.).
Azken urteotan, ibilbide oparoa egin du 2015ean argitaratutako HEOCak, eta onarpen zabala jaso du helduen euskalduntzearen alorrean. 2015eko uztailaren 22ko Agindu bidez indarrean jarritako paperezko HEOCa agortu egin denez, orri honetan eskuragarri duzun alea bigarren argitalpenari dagokiona da, 2015eko lehen argitaraldian atzemandako okerrak zuzenduta eta eguneratuta. Zenbait akats zuzendu, eta HABEren zuzendari nagusiaren 2015eko abuztuaren 3ko Ebazpena, HEOCaren mailen azpimailak zedarritu eta ikas-irakas prozesuen eraketa, jarraipena eta kudeaketa didaktikoaren jarraibideak ezartzen zituena indargabetuta dagoenez, eta horren osagai, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Agindua erantsi da, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautzen dituena eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma sei mailatan egituratua aurkezten da; elkarreragin soziodiskurtsiboan ardaztua, hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua, ekintza komunikatibotan definitua, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitua.
Oinarrizko curriculum honek indarrean jartzen dituen euskararen sei gaitasun-mailak (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2) Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuan zehaztutako mailen gidalerroetan oinarritu dira, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitu. Horrela, hiru lerrunetan bildu dira sei maila horiek:
- Oinarrizko lerruna (A1 eta A2): oinarrizko erabiltzailea
- Lerrun aurreratua (B1 eta B2): erabiltzaile aurreratua
- Adituaren lerruna (C1 eta C2): erabiltzaile aditua
Helduen euskalduntzea ikaslearen komunikazio-gaitasuna garatzera bideratuko da, ikasprozesuaren amaieran maila bateko zein besteko erabiltzailea bilakatzera. Horretarako, oinarrizko curriculum honetan, Hizkuntzen Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoaren oinarri psikopedagogikoen baitan, ekintza komunikatiboa oinarri harturik, ikuspegi komunikatiboa, soziokonstruktibista eta ekintzara bideratutakoa hobesten da.
Halaber, Europako Kontseiluak gerora argitaratu duen Markoaren Liburu osagarrian (PDF, 2 MB) adierazitako eduki garrantzitsuak ere kontuan izan dira helduen euskalduntzearen curriculum-ereduaren garapenean, arestian aipatutako 2020ko irailaren 9ko Aginduan besteak beste.
Bi dira, beraz, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren curriculuma: gaitasun komunikatibora eta ekintzara bideratutako ikuspegia, eta ikaslearen autonomia.
- Gaitasun komunikatibora eta ekintzara bideratutako ikuspegia:
- Curriculum honek ikaskuntzaren ikuspegi komunikatibo, soziokonstruktibista eta ekintzara bideratutakoa du abiapuntu eta ardatz. Ikuspegi horren arabera, ikaslea edota hizkuntzaren erabiltzailea ekintzak burutzen dituen gizarte-eragilea da, eta horiek hizkuntza-ekintza komunikatiboen bidez gauzatzen ditu.
- Ekintza komunikatiboak izango dira hizkuntzaren ikaskuntzako eta irakaskuntzako abiapuntu eta helburu.
- Ekintza komunikatiboa dinamikoa da: erabiltzaileak, ekintza gauzatzean testu bat (testu-generoa) sortzen du testuinguru batean. Testua eta testuingurua: elementu dinamikoak dira biak, hiztunak kontuan hartuko dituenak, aldian-aldian, ekintza komunikatiboa zuzen eta egoki gauzatuko badu.
- Ikaslearen autonomia:
- Helduen euskalduntzearen helburua da ekintza komunikatibo kontaezinak gauzatzeko trebatzea ikaslea, hau da, ikasle autonomoa eta estrategikoa lortzea; egoera eta era askotako testuingurutan hizkuntza ongi erabiliko duen erabiltzailea, arrakastaz komunikatuko duena.
- Dokumentu honek, aipatu ikuspegi horietan oinarrituz, mailaz maila helburu diren ekintza komunikatiboak —gaitasun komunikatiboaren adierazle izango direnak—azaltzen ditu, maila bakoitzari dagozkion testuinguruak, komunikazio-baldintzak, gaiak, testu-generoak, funtzioak, baliabide linguistikoak, estrategiak eta abar kontuan hartuz eta uztartuz. Izan ere, izaera integratzailea du curriculumak, eta horixe du helburu: ekintza komunikatibo horiek, elkarreraginean, elkarri loturik lantzeko aukera eskaintzea.
- Oinarrizko curriculum hau izango du HABEk irakasle zein teknikarien prestakuntzarako oinarrizko erreferentzia hiru zehaztapen-mailetan —oinarrizkoa, curriculum-proiektua zein ikasgela-programazioa— eta hiru ikastereduetan —aurrez aurre, autoikaskuntza tutorizatuan eta jardun bikoan—. Era berean, oinarrizko erreferentzia izango dute euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroek, beren autonomia pedagogiko eta antolatzailearen ildotik, Euskaltegiaren Curriculum Proiektua diseinatzeko.
Helduen euskalduntzearen osagaiak
Helburuak ekintza komunikatibotan definituta
Mailaz maila definitu diren helburuak gaitasun komunikatibo jakin baten adierazpen dira, eta ekintza komunikatibo zehatzen bidez adierazi dira curriculum honetan. Hizkuntza-erabiltzailearen gaitasun komunikatiboa testuinguru eta baldintza jakinetan adierazten da, eta ekintza komunikatibotan gauzatzen. Horregatik, helburu den gaitasun komunikatiboa definitzean, mailaz maila, zein ekintza gauzatzeko gai izango den zerrendatu da, adieraziz ekintza komunikatiboaren testuingurua (ekintzan parte hartzen dutenen harreman mota, xedea eta erabilera-esparrua) eta testu-generoa.
Beraz, helburuak bi eratara emanak datoz curriculum honetan: batetik, helburu orokorrak daude, mailaz mailako definizio orokor batekin (A1, Hasierako erabiltzailea; A2, Oinarrizko erabiltzailea; B1, Erabiltzaile independentea; B2, Erabiltzaile aurreratua; C1, Erabiltzaile gaitua; eta C2, Erabiltzaile aditua); eta, bestetik, “helburuak” izenburupean, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun sailkatuak (mintzamena eta idazmena ekoizpenari dagokionez, eta irakurmena eta entzumena trebetasun hartzaileei dagokienez), mailaren amaieran ikaslea zer egiteko gai izango den adieraziz; hau da, ekintza komunikatiboak.
Helburuak mailaz maila:
Edukiak
- Gaitasun soziolinguistikoaren garapena
- Testuinguruaren ezaugarriak
- Gaiak
- Kultura-erreferentziak
- Gaitasun testualaren garapena
- Testu-generoak
- Funtzioak
- Adierazpide testualak
- Gaitasun linguistikoaren garapena
- Adierazpide linguistikoak
- Gaitasun estrategikoaren garapena
- Komunikazio-estrategiak
- Ikasprozesuaren estrategiak
Ebaluazioa
Ikaste- eta irakaste-prozesuaren baitan sortzen den informazioaren bilketa sistematikoa da ebaluazioa; batetik, prozesu horren alderdi guztien deskribaketa osoa eta zehatza emanez, eta, bestetik, deskribaketari buruzko epai eta irizpen arrazoitua eskainiz, betiere hobekuntzara begira.
Ebaluazio-irizpideak eta eskalak
Euskalduntzearen ebaluagai nagusia komunikagaitasuna da, baina gaitasun hori, bere horretan, behagai ez denez, ekintza komunikatiboaren gauzatze-maila aztertzen eta balioesten da. Azken finean, ikaslearen gaitasun soziolinguistiko, testual, linguistiko eta estrategikoaren maila baloratzen eta neurtzen da. Horretarako, ikasleak ulermen- eta ekoizpen-ekintzak (elkarreraginezkoak barne) burutu beharko ditu, eta horiek ebaluazio-irizpide batzuen arabera ebaluatuko dira.
Ebaluazio-irizpideak trebetasunez trebetasun (entzumena, mintzamena, irakurmena eta idazmena), eta irizpidez irizpide (egokitasuna, koherentzia, kohesioa, jariotasuna, aberastasuna eta zuzentasuna) antolatu dira, 1etik 3rako eta behetik gorako balioespen-eskala eskainiz. Maila bat gainditzeko balioespen-eskalako tarteko deskripzioa (2) izango da atalase-maila edo gutxieneko gaitasun-maila.
Sailkapen horren helburua, beraz, ebaluaziorako ahalik eta erreferente egokiena izatea da; betiere, errealitatea eta curriculuma garatzen den gizarte-testuingurua kontuan izanda. Horri esker erabaki ahal izango da erabiltzaileari edo azterketariari zer balioespen dagokion.
Ebaluazio-irizpideak mailaz maila:
Ildo metodologikoak
Ikaslearengan eta ikasprozesuan ardaztutako curriculum batean metodologia osotasun bakarraren zati bat besterik ez da, ikuspegi, helburu, eduki eta ebaluazioarekin batera.
Curriculum hau axioma honetan oinarritzen da: “Hitz egitea hitzen bidez gauzak egitea da, eta eginez ikasten da egiten”. EGIN da axioma horretan hitz gakoa. Egitea da helburua. Hona helburu nagusia, beraz: ikasleak zerbait egitera heldu behar du ikasprozesua amaitzean.
Eta axioma eta helburu horren eragile nagusia, berriz, ekintza komunikatiboa da. Izan ere, gaitasun komunikatiboa ekintza komunikatibotan gauzatzen da.
Ildo metodologiko nagusiak:
- Curriculum honek bi ikuspegi nagusi ditu: ikuspegi komunikatiboa eta ekintza-ikuspegia. Beraz, ikasprozesua xede-hizkuntzaren erabileran oinarrituko da, betiere, ikasleentzat beharrezko eta interesgarriak diren ekintzen erabileran. Ikasprozesuan
- ikasestrategiak eta estrategia komunikatiboak baliatuko ditu ikasleak;
- lau hizkuntz trebetasunen garapena integratuko da;
- ekintzak testuinguru jakin batean landuko dira;
- ikasleak ekintza gauzatzeko beharrezko dituen baliabide linguistikoak eskuratzera bideratuko da ikasprozesua.
- Ahozkoaren zein idatziaren ulermen- eta ekoizpen-ekintzak xede edo funtzio jakin batekin gauzatuko dira.
- Baliabide linguistikoak gauzatu beharreko ekintza komunikatiboaren baitan eskuratuko dira.
- Ikasgelako dinamikak ikasleen zein irakasle-ikasleen arteko elkarreragina bultzatuko du, eta ezinbestekoa izango da harreman-sarea, lan-giroa, lankidetza, enpatia, begirunea eta interesa sortzea.
- Ikaslearen interes eta behar komunikatiboetatik abiatuz, ikaslea, batez ere, bide induktibotik jardutera bideratuko da. Horretarako, garrantzitsua da egoera komunikatiboa sortzea, xede-hizkuntzan zer baliabide diren ezinbesteko zehaztea, baliabide horiek zenbait testutan aurkitzera bideratzea eta horiek landuz behar komunikatiboa asetzea.
- Lan-modu honek ikasten ikastea ahalbideratzen du. Irakasleak ikasestrategia eta komunikazio-estrategiak erabiltzera etengabe bultzatuko ditu ikasleak, komunikatzera animatuz, bideratuz eta baliabideak eskainiz.
- Ikas-jarduera ekintza komunikatibotan antolatzea lehenetsiko da. Aukeratutako ekintza izango da abiapuntu eta helburu, unitate edo sekuentzia didaktikoa antolatzeko, eta horren baitan aukeratuko dira beharrezko diren baliabide linguistiko, testual, estrategiko eta abar. Honako sekuentzia hau antola daiteke:
- Ekintza komunikatiboaren aukera eta motibazio-aldia.
- Azken ekintzaren zehaztapena.
- Helburuak definitzea (zer jakin eta ikasi behar da ekintza gauzatu ahal izateko?).
- Edukiak zehaztea: soziolinguistikoak, testualak, linguistikoak eta estrategikoak.
- Eduki soziokulturalak erabakitzea (gaia, alderdi kulturala).
- Ebaluazioa eta autoebaluazioa.
- Materiala: ahozko testuak eta testu idatziak; ikasliburuak; material digitala…
- Iraupena aurreikustea.
- Curriculum honetatik erator daitezkeen ikasliburuak eta materiak zabalkunde-elementu gisa hartu behar dira, eta izan dezaketen edozein izaera preskribatzailetatik urrunduz, curriculum honetan ezarritako irizpideetara eta ikastaldera egokituko dira
- Ebaluazioa curriculumaren helburu, eduki eta ikuspegiarekin bat etorriko da. Irakasleak, autoebaluazioa bultzatzeaz gain, informazioa etengabe jasoko du ikastaroan zehar, eta horren berri emango dio ikasleari, horrek bere aurrerabidea balioetsi eta aztertu dezan.
- Maila baten amaieran ikasleak bere gaitasun komunikatiboa egiaztatzerik izango badu ere, horrek ez du baldintzatuko ikaslearen motibazioa. Ikasprozesuaren helburua xede-hizkuntzan komunikagaitasuna areagotzea izango da.
Helduen Euskalduntzearen mailak
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculum hau hiru lerrun nagusitan dago banatuta: oinarrizko erabiltzailearena, aurreratuarena eta adituarena. Eta lerrunok bina mailatan: oinarrizko erabiltzailearena, A1 (Hasierakoa) eta A2 (Oinarrizkoa) biltzen dituena; aurreratuarena, B1 (Independentea) eta B2 (Aurreratua) bere baitan hartzen dituena; eta adituarena, C1 (Gaitasunezkoa) eta C2 (Adituarena) mailez osaturik dagoena.
Mailen deskribapena
Oinarrizko lerruna (A1 + A2): Oinarrizko erabiltzailea
Oinarrizko lerrun honen xedea honako hau da: ikasleak eguneroko gaiei buruzko euskarazko testu laburrak ulertzea, eta ahoz zein idatziz —baina gehienbat ahoz— euskara elkarreraginean erabiltzea, labur eta sinple, baina egoki eta eraginkor.
- A1 maila: Hasierako erabiltzailea
- Gai da eguneroko harremanetan eta aurrez aurreko testuinguru ezagunetan beharrezkoak diren hitzak eta esapide sinpleak ulertzeko eta erabiltzeko, baita berehalako premiei lotutako galderei erantzuteko ere (bere buruaren eta besteren aurkezpena, eta ezagutzen duen jendeari, haien helbideei eta gauzei buruzko oinarrizko informazioa).
- A1 Hasierako erabiltzailearen maila lortzeko, 125 irakastorduko prozesua aurreikusten da, betiere ikaslearen abiapuntua kontuan izanik. Horiez gain, ikasleak bakarlanean eta erabilera askean beste 75 ikastordu jardun beharra aurreikusten da.
- A2 maila: Oinarrizko erabiltzailea
- Gai da egoera ezagunetan kideekin (lagun, senide, lankide, etab.) aurrez aurreko elkarreraginean gauzen eta pertsonen deskribapenak eta azalpen errazak egiteko eta ulertzeko, baldin eta bere esperientzia-esparruarekin loturiko gaiei buruzko informazio-truke erraza eta zuzena eskatzen badute: bere buruari eta familiari buruzko oinarrizko informazioa, eta erosketei, intereseko lekuei, lanbideei eta abarri buruzkoa.
- A2 Oinarrizko erabiltzailearen maila lortzeko, 200 irakastorduko prozesua aurreikusten da, baldin eta A1 mailatik abiatuta baldin bada. Horiez gain, ikasleak bakarlanean eta erabilera askean beste 100 ordu jardun beharra aurreikusten da.
Lerrun aurreratua (B1 + B2): Erabiltzaile aurreratua
Lerrun aurreratuaren xedea honako hau da: ikasleak ohiko testuinguru, gai eta egoera ezagunetan instrukzioak, kontaketa laburrak eta azalpen-testuak ulertzea, eta, ahoz zein idatziz, euskara zehaztasunez eta eraginkortasunez erabiltzea. Xede ere izango da ikasleak elkarreraginean, bere lan-esparruko gaiei buruz, alderdi esanguratsuak eta xehetasunak bereiziz, deskribapenak egitea eta azalpenak eta iritziak eraginkortasunez ematea.
- B1 maila: Erabiltzaile independentea
- Gai da eguneroko testuinguru ezagunetan eta maila bereko solaskideekin elkarrizketak izateko, gai orokorra eta ohikoa izan eta xedea informazioa trukatzea denean. Era berean, gai da lagunei, senideei eta ikaskideei edo lankideei instrukzioak emateko, pertsonak eta objektuak labur deskribatzeko eta gertaeren kontaketa laburrak egiteko. Gai da, baita ere, bere iritziak labur-labur emateko eta bere asmoak azaltzeko.
- B1 Erabiltzaile independentearen maila lortzeko, 250 irakastorduko prozesua aurreikusten da, baldin eta A2 mailatik abiatuta baldin bada. Horiez gain, ikasleak bakarlanean eta erabilera askean beste 150 ikastordu jardun beharra aurreikusten da.
- B2 maila: Erabiltzaile aurreratua
- Gai da, gai orokor nahiz abstraktuei buruz aurrez aurre duen solaskideen zein komunikabideetako esatarien testu gehienak ulertzeko, eta ongi bereiziko ditu ideia nagusiak eta bigarren mailakoak. Gai da lagun eta lankideekin, baita jatorrizko hiztunekin ere, ohiko elkarreraginean jariotasunez aritzeko, besteak jakinaren gainean jarriz, iritzia eskatuz, bere ikuspegia defendatuz, etab. Ohiko gai eta egoera ezagunetan adierazpen argiak egingo ditu. Bere lan-esparruko hainbat gairi buruzko deskribapenak eta azalpenak ere emango ditu alderdi esanguratsuak eta xehetasunak bereiziz, eta bere iritzia ere eraginkortasunez emango du.
- B2 Erabiltzaile aurreratuaren maila lortzeko, 350 irakastorduko prozesua aurreikusten da, baldin eta B1 mailatik abiatuta baldin bada. Horiez gain, ikasleak bakarlanean eta erabilera askean beste 250 ikastordu jardun beharra aurreikusten da.
Adituaren lerruna (C1 + C2): Erabiltzaile aditua
Adituaren lerrunaren xedea honako hau da: eremu profesional, publiko zein pertsonalean ikasleak era guztietako informazioa euskaraz trukatzeko gai izatea era landu eta jantzian, ahoz zein idatziz, gaia, solaskidearen jarrera edota euren arteko harreman maila zeinahi delarik, hizkuntza-adierazleak estrategikoki erabiliz eta hizkeraren maila denotatiboa eta konnotatiboa bereiziz.
- C1 maila: Erabiltzaile gaitua
- Gai da lagunarteko, lan-esparruko eta komunikabideetako edozein testu (elkarrizketak, eztabaidak, azalpenak) ulertzeko; baita inguruko herri-hizkeran sortutakoak ere. Eta gai da, era berean, lagunarteko elkarreraginean, lan-esparruan eta komunikabideetan ideiak eta iritziak jariotasunez eta eraginkortasunez adierazteko. Ongi egituratutako eta osatutako testu argiak eta zehatzak idazteko gai da, ideia nagusiak eta osagarriak bereiziz, eta, oro har, xedea lortzeko estrategia egokiak aukeratuz. Era berean, bere ikuspuntua luze eta zabal adierazteko gai da, ideia osagarriak eta adibide egokiak emanez.
- C1 Erabiltzaile gaituaren maila lortzeko, 400 irakastorduko prozesua aurreikusten da, baldin eta B2 mailatik abiatuta baldin bada. Horiez gain, ikasleak bakarlanean eta erabilera askean beste 350 ikastordu jardun beharra aurreikusten da.
- C2 maila: Erabiltzaile aditua
- Gai da norbere espezialitateko nahiz gai orokorretako testuak ulertzeko, eta egoerari egokituz, zuzen eta zehatz, arrakastaz ekoizteko. Gai da, jariotasun handiz eta zehaztasunez, gauzak adierazteko, baita konplexutasun handiko egoeretan esanahiaren ñabardura txikiak bereizteko ere.
- Maila honetan matrikulatu ahal izateko, C1 mailaren agiria edo baliokidea izan beharko du ikaslegaiak. C2 Erabiltzaile adituaren maila lortzeko, 200 irakastorduko prozesua aurreikusten da. Horiez gain, bakarlanean eta bere espezialitateari dagokion proiektua garatzen eta lantzen ikasleak beste 500 ikastordu jardun beharra aurreikusten da.
Irakastorduak eta ikastorduak
A1 | A2 | B1 | B2 | C1 | C2 | Orduak guztira | |
---|---|---|---|---|---|---|---|
Irakastorduak | 125 | 200 | 250 | 350 | 400 | 200 | 1525 |
A1 | 125 | 125 | |||||
A2 | A1+200 | 325 | |||||
B1 | A2+250 | 575 | |||||
B2 | B1+350 | 925 | |||||
C1 | B2+400 | 1325 | |||||
C2 | C1 + 200 | 1525 |
A1 | A2 | B1 | B2 | C1 | C2 | Orduak guztira | |
---|---|---|---|---|---|---|---|
Irakastorduak | 125 | 200 | 250 | 350 | 400 | 200 | 1525 |
Bakarlana eta erabilera askea | 75 | 100 | 150 | 250 | 350 | 500 | 1425 |
Orduak guztira | 200 | 300 | 400 | 600 | 750 | 700 | 2950 |
Curriculumaren mailen azpimailak
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako sei gaitasun-mailen ikas-irakas prozesua egituratzeko bereizi dira azpimailak, eta HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenez ezarri dira, HEOCean emandako irizpide pedagogiko-didaktikoei eta ikasprozesuaren antolaketa-beharrei egoki eta zuzen erantzuteko.
Hortaz, HEOCak berak zehazten dituen hizkuntza-trebetasunetan oinarritzen dira azpimailak, eta trebetasun hartzaileak eta ekoizleak integratzen dituzte. Ikastaroen ezaugarrien eta ikas-baldintzen arabera, azpimaila horiek lortu beharreko helburuen adierazle izango dira.
HEOCaren maila | Azpimailak | Azpimailen egitura |
---|---|---|
A1 | A1 | A1A1 |
A2 | A2.1 | A2A1 |
A2.2 | A2A2 | |
B1 | B1.1 | B1B1 |
B1.2 | B2B1 | |
B2 | B2.1 | B2B1 |
B2.2 | B2B2 | |
C1 | C1.1 | C1B2 |
C1.2 | C1C1 | |
C2 | C2.1 | C2C1 |
C2.2 | C2C2 |
Ikastaro hasierako mailaketa
Matrikulaldi bakoitzean, trebetasunetan oinarritutako ebaluazioa egingo dio euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikasleari, Euskaltegiaren Curriculum Proiektuan (ECP) ezarritako prozedurei eta HEOCean zehaztutako ebaluazio-irizpideei erreparatuz. Diagnosi hori baliatuko du euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikaslea mailakatzeko eta ikas-irakas prozesuaren helburuak finkatzeko.
Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak, trebetasunez trebetasun balioetsiz, jasoko du ikaslearen komunikagaitasun-maila, “Ikasleak egindako ikastaroaren EBALUAZIO-TXOSTENA” dokumentuan. Abiapuntua eta helburu-azpimaila bi multzotan bilduko dira: lehendabizikoan, trebetasun hartzaileetan aurreikusten zaion maila (irakurmena eta entzumena), eta bigarrengoan, ekoizleetan aurreikusitakoa (idazmena eta mintzamena).
Egungo egoera soziolinguistikoaren ezaugarriak kontuan harturik —ikasleon trebetasun hartzaile eta ekoizleen arteko desoreka—, gerta daiteke, diagnosia egitean, aurreikusitako azpimailek egoera guztiak ez islatzea. Horrenbestez, abiapuntuari begira, baina ez helburu-azpimailari, honako egoera hauek ere aurreikusten dira (atzealdea ilunduta):
Ikastaro bukaerako ebaluazioa
Ikastaroaren amaieran, ikaslearen ebaluazio sumatiboa egingo du irakasleak. Euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren ECPan ezarritako prozedura eta HEOCean zehaztutako ebaluazio-irizpideen arabera, ikaslearen komunikagaitasuna balioetsiko du, eta “Ikasleak egindako ikastaroaren EBALUAZIO-TXOSTENA” dokumentuan jasoko du, trebetasunez trebetasun, euskara erabiltzeko ikasleak duen gaitasun-maila.
Ondoren, lau trebetasunetan izandako emaitzak bi hartzaileetan eta bi ekoizleetan integraturik eta egindako ikastaroaren ezaugarri eta baldintzen arabera, ikasleari iritsitako azpimaila zein izan den adieraziko zaio “Ikasleak egindako ikastaroaren EBALUAZIO-TXOSTENA” dokumentuaren bidez: ikastaroaren hasieran aurreikusitako helburu-azpimaila lortu badu, horrela aitortuko zaio; beste azpimailaren baten gutxienekoak iritsi baditu, azpimaila hori; eta aurrerapen nahikorik izan ez badu, abiapuntuan jarraitzen duela adieraziko da. Bestalde, ikasprozesuan izandako aurrerapenaren berri emango zaio trebetasunez trebetasun, alderdi sendoak eta sendotu beharrekoak azpimarratuz. Horrela jasoa geratuko da ikasleak eskura izango duen garaian garaiko aplikazio informatikoan.
Horretaz gain, ikasprozesuan zehar osatuz joango da “IKASTALDEAREN EBALUAZIO-FITXA”, eta islatuko da ikasleek ikastaldean izandako ibilbidearen berri, aplikazio informatikoan garaian garaiko informazioa eskainiz.
Komunikagaitasuna neurtzeko ikasleek egindako proba guztiak bi urtez jasoko ditu euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak.
Euskararen ezagutza egiaztagirien arteko baliokidetzak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoari egokituak
Araudia:
- 297/2010 DEKRETUA, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren mailekin parekatzeko dena (EHAA–2010eko azaroaren 15a, 219 zk.).
- 187/2017 DEKRETUA, uztailaren 4koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dekretua aldatzen dena. (EHAA-2017ko uztailaren 20a, 138 zk.).
- 65/2023 DEKRETUA, apirilaren 18koa, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko Dekretua. (EHAA-2023ko maiatzaren 17a, 92 zk.)
187/2017 Dekretuaren bidez administrazio ezberdinek ematen dituzten titulu eta egiaztagiri guztiak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B1, B2, C1 eta C2 mailetara egokituta gelditu dira.
297/2010 Dekretuak, euskararen ezagutza-egiaztagiri eta tituluak baliokidetzekoak, ez zituen titulu guztiak barne hartzen. 187/2017 Dekretuaren bidez onartzen den aldaketaren xedea HABEk ematen dituen tituluak eta Euskaltzaindiaren B agiria sartzea izan da nagusiki.
Honela, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten ondorengo titulu eta ziurtagiriak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B1, B2, C1 eta C2 mailekin parekatzen dira eta elkarren baliokideak dira:
- Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B1 mailarekin parekatutako titulu eta ziurtagiriak:
- HABEren 1. mailako eta B1 mailako ziurtagiriak.
- HAEEren 1. hizkuntza-eskakizuna.
- Osakidetzaren 1. hizkuntza-eskakizuna.
- Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B2 mailarekin parekatutako titulu eta ziurtagiriak:
- HABEren 2. mailako eta B2 mailako ziurtagiriak.
- HAEEren 2. hizkuntza-eskakizuna.
- Osakidetzaren 2. hizkuntza-eskakizuna.
- Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna.
- Irakaspostuen 1. hizkuntza-eskakizuna.
- Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C1 mailarekin parekatutako titulu eta ziurtagiriak:
- HABEren 3. mailako eta C1 mailako ziurtagiriak.
- HAEEren 3. hizkuntza-eskakizuna.
- Osakidetzaren 3. hizkuntza-eskakizuna.
- Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna.
- Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA)
- Irakaspostuen 2. hizkuntza-eskakizuna.
- Euskaltzaindiaren D agiria.
- Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).
- Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).
- Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C2 mailarekin parekatutako titulu eta ziurtagiriak:
- HABEren 4. mailako eta C2 mailako ziurtagiriak.
- HAEEren 4. hizkuntza-eskakizuna.
- Osakidetzaren 4. hizkuntza-eskakizuna.
- Euskaltzaindiaren B agiria.
Bestalde, 297/2010 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluen arabera, Hizkuntza Eskola Ofizialetan egindako euskara-ikasketak eta Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria dekretu bereko 3. artikuluan jasotako (187/2017 Dekretuaren bidez aldatua) titulu eta ziurtagiriekin daude baliokidetuta, baina ez alderantziz, era honetan:
- Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B1 mailarekin baliokidetuta daude:
- Hizkuntza Eskola Ofizialetako euskal ikasketen 3. maila (Antzinako Ikasketa Plana).
- Hizkuntza Eskola Ofizialetako Tarteko Maila.
- Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B2 mailarekin baliokidetuta daude:
- Hizkuntza Eskola Ofizialetako euskal ikasketen 4. maila (Antzinako Ikasketa Plana).
- Hizkuntza Eskola Ofizialetako Maila Aurreratua.
- Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria (HLEA).
- Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C1 mailarekin baliokidetuta daude:
- Hizkuntza Eskola Ofizialetako euskal ikasketen 5. maila edo euskal gaitasun maila (Antzinako Ikasketa Plana).
- Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Gaitasun Maila (C1) eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C1 mailaren bat Hizkuntza Eskola Ofizialetan egindako ikasketak egiaztatzen dituzten bestelako ziurtagiriak.