Euskaltegientzako ohiko galderak: 2023-2024 ikasturtean euskararen C1 maila helburu duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak

"Ikastaroa" hitzak zer esan nahi du? Taldea osatzen duten ikasle guztiek izan behar dutela C1B2 hasiera maila ala taldea C1B2 izan gabe, ikasle solteak daukan maila hartuko dela kontuan?

Bi egoera bereiztuko genituzke.

  • Lehenik, 1618-C1C1 delako dirulaguntza lerro berriaren deialdia arautu duen ebazpenak bigarren oinarriaren 1.b) puntuaren baitan ageri den 1) atalak zera dio: “Helburuari dagokionez, ikastaroak C1C1 maila izan behar du eta aldi berean ikasleak C1C1 helburua izan behar du.” Kasu hau dago aurreikusita 1618-C1C1 dirulaguntza lerro berezi honen bitartez diruz laguntzeko taldea berariaz eratzen den kasuetarako. Egoera honetan eratzen den taldeko ikasle bakoitzak C1C1 helburu maila izan behar du derrigor, eta ondorioz, ulertzen da talde horrek ere C1C1 maila edo norabidea edo xedea duela, alegia, ikastaro hori egiteak ikasleak prestatuko dituela C1C1 maila eskuratzeko. Hori bai, ikasleren batek B2B2 abiapuntu maila badu, ikastaro horrek derrigorrez 330 orduko gutxieneko iraupena izan beharko du.
  • Bigarrenik, ikasle bat bakarka jadanik eratuta dagoen bestelako talde batean barneratzen denean, ikasle horrek dirulaguntza lerro honen bitartez dirulaguntza jaso dezan, betiere 16-18 urte bitarte izateaz gain, derrigorrez izan behar du C1C1 helburu maila (abiapuntua C1B2 edo B2B2 izan dezake, ikastaroaren iraupena zein den). Kasu  honetan jadanik eratuta dagoen talde hori anitza izan daiteke gainerako ikasleen ezaugarriei dagokienez, adina, abiapuntu maila, helburu maila, etab. Hori bai, dirulaguntza jaso nahi  duen ikasle horrek B2B2 abiapuntu maila badu, ikastaroak 330 orduko gutxieneko iraupena izan beharko du.

Zein da ikaslearen abiapuntua?

Irizpide orokorra zera da: ikaslearen abiapuntua C1B2 da.

Salbuespen bakarra honakoa da: aurrez aurreko ikastaroa 330 ordukoa denean, orduan soilik da B2B2 abiapuntu maila onargarria.

Bertaratzea kalkulatuko da ikasleak izena eman duen ikastaroaren hasiera eta amaiera datekin, eta ikasleak jasotako orduekin. Eta ikasleak ordu horien % 75eko bertaratzea bete beharko du, gutxienez, dirulaguntza jasotzeko.

Dena den, ikasle bat aldez aurretik abian den ikastaro batean sartzea onargarria denez, haren gutxieneko bertaratzearen hasieraren erreferentzia ikasleak berak ikastaroari ekin dion eguna da. Hasierako erreferentzia hori aldakorra izatea onargarria da dirulaguntza lerro honetan. Ikastaroaren amaierako erreferentzia, aldiz, mugiezina da, hau da, beti izango da ikastaroa eta taldea eratu zen uneko amaierako data.

Adibide bat jarriko da ondoren berantiarrak diren ikasleekin bertaratzearen baldintza edo konpromisoa nola kalkulatu hobeto ulertzeko:

Ikastaroa 120 ordukoa bada, ikasleak izena ematen badu 20 ordu eman direnean (beraz, 100 ordu teoriko bere kasuan), eta 80 ordu hartzen baditu, betetzat emango litzateke bertaratzearen baldintza?

Ikastaroa hasita dagoela izena eman duen ikasleari (A-alta hizkia duenari) hasten den egunetik aurrera ikasle horri emandako orduak hartuko zaizkio aintzat (ez taldean emandakoak). Hau da, aipatutako balizko ikasle horrek  100 ordu jasotzeko aukera izan du ikastaroan hasi denetik  eta 80 ordu jaso ditu, hau da, orduen % 80, beraz, gutxieneko bertaratzearen baldintza beteko luke.

Dirulaguntzak eskola-materiala eskuratzeko oradaindutakoa barne hartzen du?

Dirulaguntza lerro honek eskola-ordu bakoitzeko prezio publikoa baino ez du barne hartzen eta ez eskola-materiala.

Dirulaguntza ikasleari aintzatetsi edo errekonozituko dio HABEk. Errekonozimendu formal hori, nagusiki, matrikula egiteko garaian dirua ez aurreratzean datza, ikaslearen ikuspegitik.

Aintzatetsitako edo errekonozitutako dirulaguntza horren zenbatekoa zehatza izango da, euskaltegian matrikulatzen den ikastaroaren prezioari 20 euroko kopurua gutxitu ondoren ondorioztatzen den kopurua. Horixe da, hain zuzen ere, hobaria.

Ikasleak soilik 20 euro ordaindu edota aurreratuko ditu, ikastaroa hasten den unean bertan. 20 euroko ordainketa horren ordainagiria euskaltegiak jaso eta Q87 aplikaziora igoko du.  

Aurreko paragrafoan aipatutako hobaria ikasleari aintzatetsiko dio HABEk, ebazpen formal eta berariazko baten bitartez. Baina horrek ez du eragingo ikaslearen aldeko diru-transferentzia edo diru-sarrera bat haren kontu korrontean. Hobariak esan nahi du ez duela dirua aurreratu beharko edo ez duela ikastaroan izena emateko unean matrikula osoa ordaindu beharko.

Hobariaren zenbatekoaren diru-sarrera hori euskaltegiak jasoko du, ikasturtean zehar, lau epetan (abenduak 5, martxoak 15, ekainak 10 eta irailak 13).

Hobari hori, dena den, ikaslearen gutxieneko bertaratzearen menpe dago. Ikasleak gutxieneko hori betetzen ez badu, bete ez duen proportzioan ordaindu egin beharko dio matrikularen zati baliokidea HABEri.

Ezberdindu egin behar dira hainbat kontzeptu:

  • Ikasleari HABEk aintzatetsiko dion dirulaguntza (errekonozimendu formala).
  • Ikasleak ordainduko edo aurreratuko ez duen matrikula-zatia (matrikula prezioari 20 euro kenduta) da hobaria. Ikasleari errekonozitu bai, baina ez dio ordainduko ez HABEk ezta euskaltegiak kobratuko ere.
  • HABEk euskaltegiei ordainduko dien diru zenbatekoa, hots, ikasleak aurreratu ez duen matrikularen zatia, dagokion diru transferentziaren bidez gauzatuko da. Baina ez da euskaltegiarentzako dirulaguntza, baizik eta euskaltegiak zuzenean ikaslearengandik jaso edo kobratu ez duen matrikularen zatia.

Demagun egoera hau: Taldeek ez dute helburu-mailarik; taldeari maila bat jartzen zaio eta maila hori ikasle gehienek duten abiapuntu-maila izaten da. Ikasle hauek izango diren taldeen kasuan, B2B2 edo C1B2. Hortaz, ezingo diogu taldeari C1C1 maila jarri.

Nola jokatu behar du Euskaltegiak?

Taldeak ez du helburu mailarik, beraz, ez zaio taldeari helburu  mailarik jarriko. Lehenengo galderan argituta dago gai hori. 

Taldeak abiapuntu maila izango du, ikasle gehienek duten abiapuntuetan oinarrituta. Horrelaxe dago jasota, hain zuzen ere,  2023/2024 ikasturterako onartutako jardunbidean,  2.2  atalaren azken aurreko lerroan (kodeak, talde zenbakiak eta kolektiboak izeneko atalen aurretik). Horrela dio hitzez hitz jardunbideak: "Taldearen maila irakasleak erabakiko du, taldeko ikasle gehienen abiapuntua kontuan hartuta". 

Ikasleak beti izango du C1C1 helburu maila. 

Ikasleak, orohar, C1B2 abiapuntu maila izango du. Salbuespena aurrez aurreko ikastereduko 330 orduko ikastaroa izango da; izan ere, horrelako ikastaro batean  izena eman duen ikasleak B2B2 abiapuntu maila izan dezake. 

Dirulaguntza lerro honetarako ikasle bakoitzaren abiapuntu maila eta helburu maila izango dira aintzat.

Horrelaxe dio ebazpenak: “Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak. Besteak beste, ikasleak konpromisoa hartuko du matrikulatu den ikastaroko klasetara joateko eta bertaratzeko, ikastereduaren arabera proportzio ezberdinetan, bigarren oinarriaren e) atalean ezarritakoarekin bat etorriz. Gutxieneko bertaratze hau bete ezean, bete gabeko zatiarekin proportzionala den matrikularen diru kopurua ordainduko dio ikasleak HABEri, «errekonozitutako dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean. Halaber, ikasleak ikastaroa amaitu aurretik, baja emanez gero gutxieneko bertaratzearen baldintza bete gabe, bete gabeko zatiarekin proportzionala den matrikularen diru kopurua ordainduko dio ikasleak HABEri, «errekonozitutako dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean.”

Ikaslea baja izan bada baina gutxieneko bertaratzea bete badu, ez dio HABEri ordaindu beharko, ezta?

Ikasleak gutxieneko bertaratzea betetzen badu, ez dio HABEri ordaindu beharko.

Ikasleak ikastaroa amaitu aurretik baja emanez gero, aipatutako gutxieneko bertaratzea ikaslea ikastaroan hasten denetik ikastaroa amaitzen den artean taldean eman diren orduak aintzat hartuta kalkulatuko da.

Adibidea:

  • Ikasle batek izena emanez gero 134 orduko ikastaro batean urriaren 5etik ekainaren 21era eta baja emanez gero apirilaren 30ean, 102 eskola ordu hartuta, egun horretara arte eman dizkioten ordu guztiak jasota, % 76ko asistentzia izango du. Beraz, ez dio ezer ordaindu beharko HABEri.
  • Baina talde bereko ikasle batek 90 ordu jasota dituenean, data berean baja emanez gero, hobaria ordaindu beharko dio HABEri , %67ko (134 ordutik 90 jasota) bertaratzea izango baitu soilik.  
    • HABEri ordaindu beharreko hobariaren kopurua kalkulatzeko, %75eko gutxieneko bertaratzeari % 67ko bertaratze efektiboa kenduko zaio, hots, % 8. Hortaz, hobariaren prezioaren % 8 ordaindu beharko dio HABEri (% 75-% 67=% 8).
    • Eman dezagun matrikula prezioa  (20 euro kenduta) 550 eurokoa dela. Kasu horretan, 44 euro ordainduko ditu, 550 euroren % 8.
    • HABEk eskatuko dio errekonozitu dion hobariaren zati proportzionala  (% 8 hori, hau da, 44 euro, kasu honetan) ordaintzeko.

Berariazko taldeetan, zein da adierazi behar duten prezioa ikasle bakoitzak eskaria betetzerakoan?

Euskaltegian maila horretako taldeen orduko prezioa bider emango diren orduak.

Euskaltegian ikasle orduko jasotzen ditugu matrikula sariak, zergatik berariazkoen kasuan talde orduka eta prezio zehatz batean izan behar dute? Gainontzeko ikasleen sarrerekin ez du bat egiten. Zergatik desberdintasun hau?

Euskaltegi pribatuen kasuan, berariaz sortutako taldeetan erabili diren prezioak mugatu egin dira (26,79 euro/talde-orduko), izan ere, dirulaguntza lerro honen bidez, euskaltegien ohiko finantziazioarekin lotuneak baitaude.

Gainfinantziazioren arriskua ekidin asmoz, funtzionarioentzat eskainitako euskara irakaskuntzaren kontratazioan finkatutako prezioari, 89,29 euro, (eskuratze sistema dinamikoaren pleguetan zehaztutakoa) euskaltegi pribatuen 2022ko abuztuaren 31ko ebazpenean (2022-2025 epealdiko dirulaguntza sistema onartzen duenean), 6. oinarriaren 2. puntuan,  2023/2024 ikasturterako ezarritako gehieneko modulua (62,50 euro) kendu zaio.

B2B2 abiapuntuko ikasleek ezin dute autoikaskuntzarik egin laguntza jaso nahi izanez gero? 330 ordu baino gutxiagoko moduluetan ez lukete laguntzarik jasoko B2B2 abiapuntukoek?

Irizpide orokorra zera da: abiapuntua C1B2 da, salbu 330 orduko ikastaroa aurrez aurre denean, orduan soilik da B2B2 abiapuntu maila onargarria.

2023/2024 ikasturterako egindako dirulaguntza deialdiaren arabera, autoikaskuntzako 190 orduko modulua egin nahi eta dirulaguntza berezi hau eskatu eta jaso nahi duen euskara ikaslearen abiapuntu maila C1B2 izan beharko da.

Ebazpenaren bigarren oinarriaren 2. puntuan hau esaten da:

Dirulaguntzen deialdi honetatik at geldituko dira Administrazio Publikoak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.

Zer esan nahi du? Beka bat jasoz gero ezingo luketela dirulaguntzarik eskatu?

Oinarri hori ez da bekei buruz ari. Administrazioak ordainduta eskolaratuko diren balizko ikasleei buruz ari da.

Euskaltegiaren matrikulazio epea irailaren 28an bukatuko da. Ezinbestekoa da ikasleek data horren aurretik aurkeztea diru-laguntza eskaria? Zer gertatuko litzateke urrian zehar izena ematen duten ikasleekin?

Dirulaguntza eskaria matrikula egiten den une berean egin beharko da. Matrikula eskari hori  ikastaroa hasi ondoren (kasu honetan, irailaren 28aren ondoren) eginez gero,  dirulaguntza eskaria ikastaroa abiatu ondoren egin ahal izango du ikasleak. Ikasleak ikastaroari ekiteko aukera edo epea malgua da. Antolatutako ikastaroaren amaiera data, aldiz, aldaezina da.

Dirulaguntza eskaria egiten den unean bertan bermatu behar du euskaltegiak ikasleak betetzen dituela deialdi honetako baldintzak, alegia, 20 euro aldez aurretik ordaintzea, 16 eta 18 urte bitarteko adina izatea (2023an 2005, 2006 edo 2007an jaio izana; eta 2024an 2006, 2007 eta 2008an) eta C1B2 abiapuntua izatea – edo salbuezpenez B2B2, 330 orduko aurrez aurreko ikastaro batean-. Horretaz gain, euskaltegiak aurreko baldintzak bete izanaren justifikazio edo froga moduan, Q87 aplikazio informatikoan igo beharko ditu derrigorrean matrikula eskari izenpetua, NAN agiria eta 20 euroren ordainketa agiria. Q87n taldearen datuak sartzearekin batera ikasle hauek aurkeztu beharreko dokumentazioa igo beharko da.

Laburbilduz, galderako kasuan, urrian zehar izena ematen duten ikasleek izena ematearekin batera aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza-eskaria eta gainerako dokumentuak. Euskaltegiak horiek jaso eta, baldintzak betetzen direla egiaztatuta, Q87ra igoko ditu.

Ondorioz, 2023ko urrian edo azaroan edota 2024ko otsailean abiatutako talde batean  matrikulatzen den ikasle batek dirulaguntza eskatzeko aukera izango du, gainerako baldintza guztiak betetzen baditu.

Euskaltegiok HABEri eskari horiek abenduaren 5a aurretik bidali behar dizkiogu, ezin genezake ikasturtea hasita dirulaguntza eskaria ikasleekin batera bete?

Bai, dirulaguntza eskaria matrikula egiten den une berberean egin beharko da. Dirulaguntza eskaria egiten den unean bertan bermatu behar du euskaltegiak ikasleak betetzen dituela deialdi honetako baldintzak, alegia, 20 euro aldez aurretik ordaintzea, 16 eta 18 urte bitarteko adina izatea eta C1B2 abiapuntua izatea – edo salbuezpenez B2B2, 330 orduko aurrez aurreko ikastaro batean- . Horretaz gain, aurreko baldintzak bete izanaren justifikazio edo froga moduan, Q87 aplikazio informatikoan igo beharko ditu nahitaez matrikula eskari izenpetua, NAN agiria eta 20 euroren ordainketa agiria.

HABEk azken epemuga batzuk jarri dizkie euskaltegiei aipatutako dokumentazioak, beranduenez, Q87ra igotzeko. Epemuga horietan informazio hori sartuta ez badago, HABEk ulertuko du ikasleak ez dituela dirulaguntzaren baldintzak betetzen, eta ez du ikaslearen alde dirulaguntzaren errekonozimendua egingo ebazpenean.

HABEk 23-24 ikasturterako lau epemuga jarri ditu. Lehenengo epea abenduaren 5ean bukatuko da. Ikasturteko hasieratik abenduaren 5era matrikulatu diren ikasleen eta berariazko taldeen dokumentazioa aztertuko du Q87 aplikazioaren bitartez eta dirulaguntzaren esleipen-ebazpena abenduaren 20rako gauzatuko du.

Zazpigarren oinarriko 2. puntuan (Erakunde laguntzaileak) zehaztu da ikastaroek zein matrikula-prezio izango duten. Udal euskaltegi publikoen kasuan, udal bakoitzak argitaratutako prezio publikoa. X Udal Euskaltegiak 2014/09/04 egin zuen azken publikazioa. Urtero egin beharko luke?

Udal Euskaltegiak Udal ordenantza fiskaletan onartutako azken prezio publikoa, eguneratutakoa, ezarri beharko du. Ohikoena zenbatekoen eguneraketak urtez urte Aldizkari ofizialean argitaratzea da, testu osoa ez bada ere. Dena den, garrantzitsuena da prezio publikoa eguneratutakoa eta Udalbatzak onartutakoa izatea, indarrean dagoen berme gisa.

Ikasleek EAEn erroldatuta egon behar dute dirulaguntza jasotzeko? 

Dirulaguntza hau jasotzeko ez da EAEn erroldatuta egon behar.