Euskaltegietako matrikulazioak 30.433ra iritsi dira, aurreko ikasturtean baino % 7,9 gehiago; guztira, 2.218 matrikula gehiago izan dira.
Euskara ikasten hasteko A1 mailako matrikulazioak % 29,8 hazi dira 2026ko urrian, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta. Euskaltegietako matrikulazioen bilakaeran nabarmentzen den datuetako bat da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak euskara ikasteko sarbidea errazteko abian jarri duen Euskara Bonua ekimenaren lehen ikasturtean.
Oro har, euskaltegietako matrikulazioak 30.433ra iritsi dira; 2025eko urrian, berriz, 28.215 izan ziren. Beraz, 2.218 matrikula gehiago izan dira, hau da, % 7,9ko hazkundea.
A1 mailako hazkundea bereziki esanguratsua da: aurreko urtean baino 1.580 matrikula gehiago izan dira. Beste era batera esanda, gero eta pertsona gehiago hurbiltzen dira euskarara ikaskuntzaren lehen urratsetik. Hasierako mailetako matrikulazioen bilakaerak ere goranzko joera berresten du. Azken hiru urteotan, Eusko Jaurlaritzak doakotasun politikan sakondu zuenean, A1 eta A2 mailetako matrikulazioak % 57 hazi dira: 7.141etik 11.202ra igaro dira.
Ikasleen jatorriari dagokionez, euskaltegietako ikasleen aniztasuna ere handitzen ari da. 2025-2026 ikasturte osoan, matrikulazioen % 27 etorkinei zegozkien; 2026-2027 ikasturteko urriko datuen arabera, berriz, proportzio hori % 30ekoa da.
Pertsona gehiagok lehen urratsa ematea erraztu
Testuinguru honetan jarri zuen abian irailean Eusko Jaurlaritzak Euskara Bonua, oztopo ekonomikoak murriztu eta pertsona gehiagori euskara ikasten hasteko aukera erraztea helburu duen ekimena.
Lehendakariordearen arabera, Eusko Jaurlaritzak eragile laguntzailea izan behar du euskara ikasi nahi duten pertsona guztientzat. Horretarako, bide hori gero eta eskuragarriagoa izan dadin, tresnak eta aukerak eskaini behar dizkie, eta ikaskuntza-prozesuan lagundu.
Ildo horretan, Euskara Bonuaren lehen urteko abian jartzea positiboki baloratu du, eta Jaurlaritzak ekimenaren bilakaera gertutik jarraituko duela, emaitzak aztertuko dituela eta hobetzen jarraitzeko lanean arituko dela adierazi du.
Lehendakariordeak azpimarratu du azken helburua euskaraz moldatzeko gai diren pertsona autonomoak lortzea dela, hau da, erabiltzaile independenteak, eguneroko bizitzan...; eguneroko bizitzan, kalean, harreman pertsonaletan, merkataritzan eta eguneroko edozein egoeratan euskaraz aritzeko gai diren pertsonak.
Aipatzekoa da HABEren bitartez euskara doan ikastera bideratutako aurrekontua % 36 hazi dela legegintzaldi honetan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)