HABE

Azken eguneratzea: 2008/11/07
"Euskarak ezingo luke aurrera egin euskaldun berriak ez bagenitu"
Joseba Erkizia, HABEren zuzendari nagusia
HABEren 25. urteurrenaren atarian, Joseba Erkizia HABEren zuzendari nagusiari erakundearen orain arteko ibilbideari eta aurrera begirako asmoei buruz galdetu diogu.
Joseba Erkizia
Joseba Erkizia

Titulu eta baliokidetzaz, teknologia berriez eta irakasleen prestakuntzaz... jardun du. 25 urte hauetan helduen alfabetatze-euskalduntzea profesionalizatu egin dela eta euskaltegien jarduera arautu eta homologatuak onura asko ekarri dituela ere esan digu: "Helduen euskalduntze-alfabetatzea euskara berreskuratzeko prozesuan mugimendurik eta ahaleginik sendo eta iraunkorrenetako bat izatera iritsi da". Baina nabarmendu, heldutan euskara ikasteko pausoa ematen duenari zor zaion errekonozimendua nabarmendu du, bere ekarpena izugarria izan dela azpimarratu du, izan ere, azken 22-25 urteetan 100.000 lagunetik gora izan baitira biztanleria elebidunera batu diren helduak euskaltegietatik pasatu ondoren

HABEren sorreratik zein izan dira euskalduntze-alfabetatzearen mugimenduan urratsik garrantzitsuenak?

25 urte hauetan izan dugun ibilbidea ulertzeko, abiapuntua zein izan zen ikusi behar da. HABE, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu gisa, 1981ean sortzen da, eta erakunde autonomo modura, orain daukagun egiturarekin-eta, 1983an. Baina, 60ko eta 70eko hamarraldian ageri dira helduak alfabetatu eta euskalduntzeko "gau-eskolak". Lehenengo euskaltegia Bilbon sortzen da, Ulibarri, egun osoko jardunarekin. Laster Ilazki sortuko da Donostian. Baita ere Arturo Campion euskaltegia, Iruñean. Eta 1978an AEK sortuko da, bere baitan bilduz orduko gaueskola gehienak. Beste hainbat euskaltegi eta ikastoki ere urte haietan sortuak dira. Testuinguru horretan sortuko da HABE, euskaltegien jarduna arautzeko, finantzatzeko eta bultzatzeko, eta, azken batean, helduek euskara ikasteko aukera izan dezaten. Hori da abiapuntua. Ordutik gaur arteko ibilbidea, ekarpen edo berrikuntza nagusiak? Nik esango nuke, batez ere, helduen alfabetatze-euskalduntzea profesionalizatu egin dela. Egun prestakuntza didaktiko eta akademiko handiko jendea baita euskaltegietan ari dena. Beste aldetik, jarduera bera, jarduera arautua eta homologatua da: HABEk Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua dauka onartua eta ezarria, euskaltegi guztiek betetzen dutena. Horretaz gainera, euskaltegi bakoitzak bere kurrikulu propioa du, bere egoera zehatzera egokitua. Beraz, gaur egun, helduen euskalduntze-alfabetatzea eta euskaltegien lana jarduera arautua eta homologatua da. Hori izango litzateke, nire ustez, ekarpen nagusia.

Zenbat dira 25 urte hauetan euskaltegietan euskaldundu direnak?

Esan liteke ziurtasunez, azken 22-25 urte hauetan, 350.000 pertsona inguru ibili direla euskaltegietan. Erraz esaten da, baina kopuru handia da, benetan; asko dira, heldutan, euskaltegietan denbora gehiago edo gutxiagoan euskara ikasten edo zekiten euskara sakontzen aritu direnak. Horietatik zenbat euskaldun berri eman dituen euskaltegien sareak? Hainbat daturen eta kalkuluren arabera, gaur egun, euskal gizartean diren euskaldun berrietatik heren bat-edo helduen euskalduntze-alfabetatzearen sektoretik etorriak dira. Horrek esan nahi du 100.000 pertsona baino gehiago direla euskaltegietan euskara ikasi eta gaur egun gizartean euskaldun gisa, elebidun gisa ari direnak. Inguruko esperientzietan-eta nekez ikus daiteke horrelako sare bat, horrenbeste urtetan, horrelako egonkortasunez, hizkuntza bat berreskuratzeko ahaleginetan horrelako emaitza eman duenik. Euskararen Aholku Batzordeak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu zuenean, esan zuen helduen euskalduntze-alfabetatzea zela, euskarazko irakaskuntza arautuarekin batera, euskara berreskuratzeko prozesuan mugimendurik eta ahaleginik sendoena eta iraunkorrena. Hemen azpimarratu nahi nuke nik, HABEren zuzendari nagusi gisa, euskaldun berri horiek euskararen normalkuntzari, euskararen zabalkundeari, euskararen berrikuntzari, euskara biziberritzeari, egin dioten ekarpena. Kopuruak handiak dira, baina nik azpimarratu nahi nuke baita ere horren alderdi kualitatiboa: gaur egun, euskarak ezingo luke gure gizartean aurrera egin euskaldun berriak ez bagenitu. Nik uste dut -lehenago ere esan izan dut- gure gizarte honek baduela zor historiko bat, errekonozimendu bat zor diola heldutan euskara ikasteko pausoa ematen duenari.

Zenbat euskaltegiz dago osatua sarea?

Euskal Autonomi Erkidegoan euskaltegien sare oso sendoa dago. Memento honetan, HABEk homologatutako sarean, 107 euskaltegi ditugu: horietatik 39 udal euskaltegiak dira, 60 euskaltegi pribatu-homologatuak eta 8 autoikaskuntza zentroak. HABE Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da, helduen euskara-irakaskuntza arautzen, bultzatzen eta finantzatzen duena. Euskara ikasteko zentroak euskaltegiak dira. Aski sare zabala delakoan nago ni. Gainera, horien zerbitzu-eskaintza gero eta zabalagoa da, urtero-urtero 35.000-40.000 ikasle ari baitira euskaltegien sarean ikasten. Euskaltegi batzuk erakunde edo sare propioetan antolatuta daude; adibidez, udal euskaltegiak, AEK, IKA, Batuz, Elkarlan... Beste batzuk euskaltegi solteak dira. Barnetegiak ere badira. Horiekin guztiekin ari da bete-betean elkarlanean HABE. Ez nituzke aipatu gabe utzi nahi, bestalde, Euskal Etxeekin HABEk hitzarturik dituen euskarako eskolak, ez eta munduko hainbat unibertsitaterekin Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hitzarturiko euskarazko lektoregoak. Gaur egun, 3.000-4.000 lagun ari baitira munduan zehar euskara ikasten.

"Urtero-urtero 35.000-40.000 ikasle ari dira euskaltegien sarean ikasten"

 

Zein dira HABEren eginkizun nagusiak? Zein zerbitzu eskaintzen ditu HABEk?

Gure eginkizun nagusia da, euskaltegiekin elkarlanean arituz, helduentzako euskarazko klaseen jarduera sustatzea eta finantzatzea, eta urterik urte dagoen eskariari erantzutea bermatzea. Ikastaro homologatuetan aritzen diren ikasle guztien jarraipena egiten du HABEk. Baina, horretaz aparte, bestelako eginkizunak ere baditu: ikasmaterialak sortzea, esaterako. Esparru honetan, ikasmaterial eta ikas eta irakasjoeren aldetik, esan behar dut izugarrizko aurrerabidea egin dela 25 urtean. HABEk sorreratik beretik izan du kezka handia berrikuntza didaktikoa egiteko. Hori dela eta, gure sisteman erabiltzen diren joera didaktikoak sistema aurreratuenekin erabat parekatu litezke. Saiatzen gara, baita ere, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak integratzen euskararen irakaskuntzan. Dagoeneko landuak, garatuak eta homologatuak ditugu autoikaskuntzako sistemak. Baina baita bestelako baliabideak ere: HABE aldizkaria bera eta IKASBIL web ataria, esaterako. Material asko eta asko ditugu jarriak ikasleen eta irakasleen eskura.

Titulazioen balio ofiziala eta beren arteko homologazioak iraultza handi samarra ekarri du ikasleen artean.

Hori da, bai; bi kontu daude hor azpimarratu beharrekoak. Batetik, ikasleak egiten duen ahaleginak beharrezkoa duela errekonozimendu ofiziala. Ez naiz aspertuko nabarmentzen jendeak heldutan euskara ikasteko egiten duen ahaleginaren balioa. Hori hizkuntzarekiko kezka dugun guztiok oso-oso gogoan hartu beharreko kontua dela uste dut. Ikasleek merezi zuten, euskaltegietan HABEren bitartez behin agiri bat eskuratuz gero, esparru batean nahiz bestean maila bereko azterketa errepikatzen ibili beharrik ez izatea. Zorionez, memento honetan, tresna oso egokia daukagu titulazio desberdinen homologazioari ekiteko: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoa. Horrekin parekatu ditugu agiri gehienak (IVAP, Osakidetza, Ertzaintza, Hezkuntza sailaren EGA nahiz HABErenak). Laster bilduko ditugu homologazio-sistema orokor honetara falta direnak, funtsean hizkuntza eskola ofizialek ematen dituztenak, eta irakaspostuen hizkuntza-eskakizunak.
Baina dena ez da titulua. Edozein mailatan arituta ere, denen ekarpena da oso positiboa, eta uste dut errekonozitu behar dela gehiago, baita ere, hasierako urratsetan eta hasierako mailetan eskuratzen diren gaitasun horiek, denak baitira positiboak euskararentzat.
 

"Laster, tituluen homologazio-sistema orokorrera hizkuntza eskola ofizialek ematen dituzten tituluak eta irakaspostuen hizkuntza eskakizunak bilduko dira"

 

Gainera, ikasle-kopuru handiena hortxe dago, ezta, hasierako urratsetan?

Bestela pentsa eta espero zitekeen arren, urtez urte ikusten dugu euskaltegietan izena ematen duen jende guztiaren heren batek-edo ikasketak hasierako urratsetan hasten dituela, 1. mailako ikasleak direla. Beraz, horrek esan nahi du badagoela ase ez dugun behar bat. Benetan hasierako ikas-prozesu horri garrantzi handia ematea nahi genuke, euskara ikasten ari diren askoren helmuga ez baita HABEren hirugarren maila edo EGA eskuratzea.

Aurrera begira, zein dira HABEren lehentasunak? Zeri heldu nahi dio HABEk?

Ikasprozesuaren kalitatea hobetzen jarraitzea. Horrek laburtuko luke aurrerantzean egin nahi duguna. Baina zehatzago adieraziz eta epe laburrago bati begira HEOKaren, hau da, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren azpimailak definitzeari heldu nahi diogu. Kurrikuluak lau maila nagusi ditu. Mailatik mailara badago tarte bat. Tarte horretako ibilbidea, ibilbide didaktiko hori nola egin, zer urratsen arabera antolatu, zehaztu nahi genuke, pentsatuz horrekin oraindik gehiago hobetu litekeela ikasprozesuaren eraginkortasuna. Dagoeneko, 1. maila osoa hartuko duen azpimailen definizio proiektua lantzen hasita gaude. Honekin lotuta, nahi genuke hasiera urratsetarako erreferentziazko materialak sortu. Materialgintza proiektu bat definitzen ari gara orain eta horren helburua izango litzateke, hain zuzen ere, euskaltegira etorri berria den ikasle horri ibilbide sendoa, azkarra, eraginkorra eskaintzen laguntzea. Hori da esku artean daukagun bigarren proiektu garrantzitsua. Baina ikas-prozesuaren kalitatea zaintzeari begira, lantzen ari garen beste proiektu bat, aurki euskaltegiekin partekatu eta beraiekin batera landuko duguna, zera da: ikasprozesua aztertzeko adierazleen sistema estandar bat abian jartzea. Hartara, euskaltegiek urtez urte ikasprozesuetan dauden emaitzak eta bilakaerak ebaluatzeko tresna edukiko dute. Horrekin guztiarekin batera, ikasteko aukerak malgutzen eta zabaltzen jarraitu nahi dugu, eskola presentzialez gainera autoikaskuntzako baliabideak eta sistema konbinatuak (talde lana eta bakarkako lana uztartzen dutenak) garatuz.

25 urte beteko ditu erakunde honek. Ospakizunetarako garaia da. Baina, zer egin behar du zorionak jaso ala eman?

Nik esango nuke jaso eta eman egin behar dituela. Uste dut 25. urteurren honetan zorionak eman behar zaizkiela, lehen-lehenik, ikasleei, ikaslerik gabe euskaltegiak ez lirateke egongo eta ezta HABE bera ere. Zorionak eman behar zaizkie baita ere -oso garbi ikusten dut hori- euskaltegiei, eta euskaltegiei diogunean aipatu nahi ditut bereziki irakasleak eta gainerako giza baliabideak. Eta, jakina, HABEk eta HABEko lankide guztiek merezi dute zoriontzea. Azken batean, nik uste dut denon artean konpartitu beharreko zorionak direla. Gogo-berritzeko hartu beharko genuke memento hau, hurrengo 25 urteetan indar gehiagorekin aritzeko, alegia.