HABE

Jokin Bildarratz eta Bingen Zupiria sailburuek Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketetan parte hartu dute

Argitalpen-data: 

Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketetan parte hartu dute gaur. Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean gaur eta bihar egingo diren topaketak “Eskolak bakarrik ezin badu… Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko?” izenburupean egingo dira. Hamalaugarren edizio honetan 16 urte bitarteko haur eta nerabeentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko gakoak ematea da helburua.

Hitzaldiak, elkarrizketak, praktika onen bideo-testigantzak eta talde lana jasotzen ditu egitarauak. Bildarratz eta Zupiria sailburuek “Zer egitera joan behar dugu EAEn 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokiagoa antolatzeko?” gaiaren inguruan solasaldia izan dute. 

Zupiria sailburuak adierazi duenez “asko izan da azken 40 urtetan, demokrazia eta erakunde demokratikoak sortu zirenetik, egin dena. Onartu egin behar da egin dena, bere argiekin eta ilunekin. Gure komunitate politikoak egin duen apustua, gizarte elebidunarena izan da, pertsona elebidunez sortutako komunitatea alegia”. Gaineratu duenez “aurrera begira dugun ezinbesteko erronka da adostasun giroan proiektuak lantzea” eta azaldu duenez “D ereduan ikasten duten ikasleek, eskolatik ateratzerakoan izan dezatela D eredu hori bera gizarteko beste eremu batzuetan hala nola kirolean, musika eskoletan, aisialdian…”. 

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak berriz, datorren urtean onartu eta indarrean egotea espero den Hezkuntza Lege berria hizpide hartuta, azaldu du, arau horretan Hezkuntza Saila eta udalen arteko elkarlanerako gune bat osatzea aurreikusten dela, “Tokiko Hezkuntza Batzordeak formalizatzea. Gauza asko ditugu hitz egiteko eta elkarrekin egiteko. Kirolaz, matrikulazioaz, baina baita hizkuntzaren normalizazioaz ere. Azken finean, nola koordinatu eta antolatu ikastetxeek elkarrekin eta udalekin eskolaz kanpokoak, musika eskolak, edo beste hainbat”.  Bildarratzek azpimarratu du, udalek eta Hezkuntza Sailak badituztela amankomuneko hainbat esparru eta espazio, “eta horiek landu eta garatzeko gune bat behar dugu, eta lege horretan islatu nahiko genuke. Alderdi politiko gehienen artean badago adostasuna espazio hori antolatu ahal izateko”.

Etorkizuenko Hezkuntza Lege horri bide emango dion Hezkuntza Hitzarmenean adostasun zabala izatea hasiera-hasieratik beharrezko ikusi zen bezala, Bildarratzek iritzi dio hizkuntza gaietan eta euskarari dagokionez ere beste hainbeste beharrezko dela. Euskara debate politiko eta ika-miketatik aldendu beharra nabarmendu du.

Guztira 270 pertsonak parte hartuko dute topaketetan. Parte hartzaile gehien, 150 inguru, Manuel Lekuona Kultur Etxean bildu dira baina beste 120 bat lagunek online jarraituko dute jardunaldia. Horietako 31 gainera, Kataluniako Consorci per a la Normalització Lingüística erakunde publikoko hizkuntza normalizazioko teknikariak dira.