HABE

Eusko Jaurlaritzak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko sektore publikoak jarraitu beharreko irizpideak onartu ditu (Gobernu Bilera 2021-4-13)

fotoconsejo.jpg

2021-04-13

  • Euskararen normalizazioan aurrera egitea, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea eta kalitatezko komunikazioa bultzatzea dute helburutzat gaur onartutako irizpideek

Gaurko Gobernu Kontseiluak “EAEko Administrazio Orokorraren eta hari atxikitako Sektore Publikoaren Hizkuntza Irizpideak” onartu ditu. Horrela, Eusko Jaurlaritzak sustatu eta erraztu nahi du euskararen erabilera bai administrazio barneko jardueretan, baita kanpokoetan ere. Azken batean, EAEko herritar guztiek dute euskara eta gaztelania jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, eta botere publikoei dagokie eskubide horiek errespetatzea eta betetzen direla bermatzea.

 Gaur onartutako dokumentuak jarraibide batzuk ematen dizkie Sektore Publikoko langile eta arduradun politikoei, bi hizkuntza ofizialen erabilera finkatzeko administrazioaren esparru guztietan, besteak beste: errotulazioan, publizitatean, jendaurreko ekitaldietan, ingurune digitalean, herritarrekiko ahozko eta idatzizko harremanetan, administrazio barruko lan-jardueretan, beste erakundeekiko komunikazioetan, eta diru-laguntza eta kontratuetan. Horrez gain, Hizkuntza Irizpideek oinarriak ezartzen dituzte Sektore Publikoko entitate guztietan erabilera planak diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko.

 Hiru dira gaur onartutako Hizkuntza Irizpideen helburu nagusiak:

  1. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta berdintasuna lortzea herritar horiek Sektore Publikoarekin harremanetan jartzen direnean, horretarako behar diren ekintzak bultzatuz eta xede hori eragozten duten oztopoak gaindituz.
  2. Euskararen erabilera normalizatzea eta sustatzea EAEko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako Sektore Publikoa osatzen duten gainerako erakunde guztietan, euskara ere zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izan dadin.
  3. Sektore Publikoa euskararen normalizazioan eredu izatea eta jarraibidea eskaintzea.

 Gaur onartutako Hizkuntza Irizpideen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek gaztelaniaren eta euskararen, hizkuntza ofizial bien, erabilera bermatu beharko dute eta horretarako Sektore Publikoak euskararen erabilera gero eta gehiago erraztuko du, bai barneko jardueretan eta baita kanpoan zabaltzen direnetan ere. Dagokien erakunde guztiek onartu beharko dituzte erabilera-planak, eta jarduerak euskaraz egitea erabaki ahal izango dute, beti ere, errealitate soziolinguistikoak horretarako aukera ematen badu. Hala ere, uneoro ziurtatu beharko zaiei herritarrei administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza aukeratzeko eskubidea dutela, bai idatzizko komunikazioetan zein ahozkoetan. Gainera, Sektore Publikoaren mendeko langile publikoek, herritarrekiko komunikazioetan, herritarrek kasu bakoitzean aukeratzen duten hizkuntza ofiziala erabiliko dute. 

Barneko eta kanpoko komunikazioa 

EAEko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako Sektore Publikoan euskara lan hizkuntza gisa erabiltzen dela bermatzeko, Sektore Publikoa bera irizpide hauetan oinarrituko da euskara bere prozedura eta jarduera guztietan modu orokor eta normalizatuan erabiltzeko. 

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko gainontzeko administrazioekin harremanetan jartzean,  eta Sektore Publikoa, dokumentu igorlea denean, euskaraz edo ele bietan idatziko die EAEko beste administrazioei, eta idatzizko harremana euskaraz izatea eskatu dutenekiko harremana euskaraz izango da. EAEko beste administrazio batek egindako komunikazio bati erantzun behar bazaio, euskaraz edo ele bietan egingo da. 

Kalitatezko komunikazioa 

Gaur onartutako dokumentuak zehazten duenez, Sektore Publikoak “kalitatezko komunikazioa sustatu behar du, estilo zuzen, egoki eta ulergarrian, herritarrek Sektore Publikoaren mezuak ahalegin handirik gabe ulertzeko eskubidea dutela jakinda”. Kalitatezko komunikazioaren aldeko ahalegin hori eremu digitalean eta komunikazio telematikoan ere eman behar dela azpimarratzen dute gaur onartutako Hizkuntza Irizpideek, beti ere, kontutan izanda komunikazio digitalak bere hizkuntza propioa duela.