HABE

Euskara-ikasleentzako dirulaguntzak. 2020ko deialdia

Deialdia            Jarraibideak: Eskabide elektronikoaAurrez aurreko eskabidea                      Egoitza elektronikoa. Sarbidea

                 

2020ko uztailaren 24ko EHAAn argitaratu da 2019-2020 ikasturtean HABEren euskara-mailak edo horien baliokideak gainditu dituzten ikasleei dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautu eta dagokion deialdia egiten duen HABEren zuzendari nagusiaren EBAZPENA.

Nork eskura ditzake HABEren dirulaguntzak?

Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izateko baldintza hauek bete behar dira:

  • EAEan erroldatuta egotea deialdia argitaratu-egunaren bezperan.
  • Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean matrikulatua egon izana 2019ko martxoaren 25etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian eta dagozkion matrikula-prezioak euskaltegi do autoikaskuntzarako zentro homologatuei norberak ordaindu izana.
  • 2019-2020 ikasturtean HABEren mailaren bat edo baliokideren bat egiaztatu izana:
    - HABEren mailei dagokienez, 2019ko laugarren ebaluazio-garaian edo bigarren azterketa-deialdian edo deialdi irekian, edo 2020. urteko ekainaren arteko ebaluazio-garaietan edo lehen azterketa-deialdian egiaztatuak.
    - 297/2010 Baliokidetza-Dekretuaren bitartez (uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuan bidez aldatua) HABEren mailen baliokide diren euskara-mailak egiaztatuakoen kasuan (IVAP, Ertzaintza eta Osakidetzako hizkuntza-eskakizunak, EGA, Hizkuntza Eskola Ofizialak…), 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean egiaztatuak.

Nori ez dagokio HABEren dirulaguntza?

Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro batean ikasle izanda HABEren euskara-maila edo baliokideren bat egiaztatuta ere, jarraian aipatzen diren kasuetan ez dute HABEren dirulaguntza hauek jasotzeko eskubide izango:

  • Azken bi ikasturteetan (2018-2019 eta 2019-2020) euskaltegi edo autoikaskuntza zentroan ikasitako mailak baino beheragokoa egiaztatzen dutenek. 
  • Herri Administrazioak finantzatuta eskolaratu diren ikasleek.
  • Lehendik egiaztatutako maila bera edo beheragoko bat egiaztatu dutenek. Kontu izan, ondorio hauetarako, edozein baliokide hartuko dela kontuan. Adibidez, IVAPeko 2. hizkuntza-eskakizuna lehendik egiaztatua duen ikasle batek aurten HABEren B1 edo B2 maila egiaztatzen badu, ez du laguntza hauetarako eskubide izango.

Zer egin behar du baldintza horiek betetzen dituenak?

Aipatu Ebazpenak ezarritako baldintzak betetzen dituenak eta dirulaguntza hauek eskuratu nahi izatera, eskaera Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren atariaren bitartez egin behar du. Bertarako sarbidea helbide honetan aurkituko du. Ordenagailua erabili behar du datuak sartzeko. Eskaera aurkezteko bi aukera ditu: eskabide elektronikoa edo aurrez aurreko aurkezpena.

Eskabide elektronikoa aukeratzen duenak, formularioaren datu gehienak beteta izango ditu. Eta bakar bakarrik sartu beharko ditu ordaindutako matrikulak; beste dirulaguntzarik jaso badu, zein erakundek eta zenbateko dirulaguntza eman dion; eta azkenean, HABEren dirulaguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen. Eta horrela, eskaria aurkeztua izango du, aurrez aurre inon aurkeztu beharrik gabe.

Eskabide elektronikoa egiteko identifikazio elektronikorako bitartekoren bat beharko du, hau da, ziurtagiri digitala (eNA, IZENPE txartela, etab.) edo erabiltzailea, pasahitza eta itsasontzi-jokoaren txartela (b@kq). Eskabide elektronikoa erabiltzea gomendatzen zaio, eta batez ere, itsasontzi-jokoaren txartela, hau da, b@kq txartela, erabilerraza delako. B@kq txartela eskuratzeko: gaur egun irekita dauden KZgunetan (web orrian kontsultatu eta aurretiazko hitzordua eskatuta), ZUZENEAN zerbitzuaren bulegoetan (aurretiazko hitzordua eskatuta) edo IZENPEren webgunean jasotako gainerako arreta presentzialeko puntuetan (600 baino gehiago) eskatu eta eta erbil erraza delako.

Aurrez aurreko aurkezpena aukeratzen duenak, bete beharreko formularioa hutsik izango du eta datu guztiak idatzi eta sartu beharko ditu. Gainera, datuak bete ondoren, formularioa inprimatu, eskuz sinatu eta honako toki hauetakoren batean aurkeztu beharko du:

Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEAN zerbitzuko edo HABEko edozein bulegotan (aurretiko hitzordua eskatuta), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko Dekretuan (apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua) adierazitakoetan. Formularioarekin batera zehazten diren egiaztatutako euskara-mailen agiriak ere aurkeztu beharko ditu.

Era berean, kontuan izan behar du eskaera aurkeztu ondoren gainerako eginkizunak eta izapideak egoitza elektronikoko “Nire karpeta” eremuaren bidez egin beharko dituela, eta horretarako, ezinbestez identifikazio elektronikorako bitartekoren bat beharko duela.

 Hemen dituzu eskuragarri eskaera egiteko jarraibideak: Eskabide elektronikoa / Aurrez aurreko eskabidea.

Noiz egin behar da eskaera?

Dirulaguntzetarako eskaria burutzeko epea 2020ko irailaren 4tik urriaren 9ra bitartekoa izango da, biak barne.

Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak. 

Zenbat diru eskura dezake ikasleak?

  1. Egiaztatu den maila bakoitzeko jarraian zehazten den kopurua eskura dezake gehienez ikasleak:
    • HABEren A1 maila: 600 euro
    • HABEren A2 maila: 800 euro
    • HABEren B1 maila edo baliokidea:  900 euro
    • HABEren B2 maila edo baliokidea:  1.000 euro
    • HABEren C1 maila edo baliokidea:  150 euro
    • HABEren C2 maila edo baliokidea:  100 euro
  2. Irizpide nagusi bezala, ikasleak ezin dezake eskuratu berari euskaltegian/zentroan 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan ikastea kostatu zaiona baino gehiago. Horretarako, norberak ordaindutakoa eta jasotako beste dirulaguntza publikoak izango dira kontuan.
  3. Guztira 3.150.000 euro aurreikusi dira dirulaguntza hauetarako. Kopuru hau onartutako eskari guztiei erantzutera helduko ez balitz, hainbanaketa egin beharko litzateke.

Bateragarritasuna

 Dirulaguntza hauek bateragarriak izango dira xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. 

Noiz erabaki eta eskuratuko dira dirulaguntzak?

Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak eskabideen gaineko ebazpenak emango ditu, eta interesdunei jakinaraziko Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan (http://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) argitara emanez eta “Nirekarpeta”-ren bidez. 

Aldi berean, emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, aipatu ebazpenak HABEren web orrialdean argitaratuko dira Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitara ematen diren egun berean. 

Hau guztia, 2020ko abenduaren 20a baino lehen. 

Ikasle bakoitzari dagokion dirulaguntza, ahal dela behintzat, 2020 urtea amaitu aurretik ordainduko zaio eskaera-orrian adierazitako kontu korrontean.

 

Azken aldaketako data: