Erakundearen informazioa
Bingen Zupiria Gorostidi Sailburuaren agurra
Ongi etorri Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren orri honetara. Bertan aurkituko duzun informazioa zure interesekoa izango dela espero dut.
Eginkizun eta jarduketa-arlo hauek dagozkigu: euskararen erabileraren normalizazioa, haren sustapena eta helduen euskalduntzea zuzentzea. Kirol-arloa arautzea eta kudeatzea; arte- eta kultura-jarduerak eta horien zabalkundea; ondare historiko-artistikoa, museoak, liburutegiak eta artxiboak babestea; eta irrati-etxeen baimenak ematea eta maiztasunak esleitzea.
Beti aurki ahal izango dugu pertsonaren bat euskara bigarren hizkuntza gisa helduaroan ikasi duena, baina helduei euskara gaur egun egiten den bezala irakastea, gertaera aski berria da, azkeneko hiru hamarkadetan gertatu dena.
Helduei euskara ikastaldeetan irakastea 60. hamarkadako kontua da. Hasiera haietan, borondate ona eta hizkuntzaren aldeko militantzia ziren nagusi, bai ikasleetan bai irakasleetan. Ez zegoen ia ikasmaterialik, irakasleen prestakuntza oso eskasa zen eta irakasleak, askotan, karreraren bat ikasten ari ziren gazteak izaten ziren eta gauez irakasten zuten ahal zen lekuetan: sototan, elizaren gelatan, kultur erakundeetan… Hortik dator euskara-ikastegiek gau-eskola izena hartu izana. Hasiera hartan gehiago lantzen zuten alfabetatzea euskalduntzea baino.
1970-80 hamarkada izan zen euskaltegien sorkuntzan garai garrantzitsuenetakoa. 1977-78n ezarria zegoen Euskal Herri osoan Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundearen (AEK) ikastegi-sarea. Baziren beste erakunde batzuk ere helduei euskara irakasten zietenak. Hamarkada horren azken aldera agertu ziren euskararen irakaskuntzaren lehen profesionalak.
1981ean jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak HABE erakundea (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea). HABE Eusko Jaurlaritzako Autonomiadun Erakunde bat da, Kultura Sailari atxikia, bere legezko nortasuna duena, Eusko Legebiltzarraren 29/1983 Legeak sortua. Erakunde horren sorrerarekin euskararen irakaskuntzak eite berri bat hartu zuen: profesionalizazioa handitzen hasi zen, materialen ekoizpena ere bai, euskara irakasten aritzen ziren ikastegi guztien erregistroa sortu zen, ikasleen matrikulak informatika bitartez zenbatzen hasi ziren, maila batzuk edo besteak lortzeko behar ziren ikastorduak kalkulatzen hasi ziren…
HABE erakundearen sorrerako helburua helduen euskalduntzea sustatzea da, euskara-ikastaroak euskaltegietan ikasteredu ezberdinetan antolatuz, izan aurrez aurreko ikas saioetan, edota internet sarea baliatuz, autoikaskuntzan: -e-learning-; edota jardun biko ikastaroetan: -b-learning-.
Horretarako, HABEren zuzendaritza nagusiaren egitekoak honako egitasmo hauen ardatzetara biltzen dira:
-
Helduen euskalduntzegintzarako curriculuma landu eta egikaritzea.
-
Euskara-irakasleen bizitza osorako prestakuntza.
-
Langai didaktikoen taxuketa eta baliokidetzea.
-
Baliabide didaktiko digitalen sorketa.
-
Euskararen ikas/irakasprozesuen jarraipena eta ebaluazioa.
-
Berariaz hizkuntzalaritza aplikatuan eta hizkuntzen pedagogian espezializatutako liburutegi publikoaren zerbitzuak.
-
Udal euskaltegi eta herri-ekimeneko euskaltegien jardunaren antolamendua eta finantzazioa.
-
Euskararen ikaskuntzagatiko ikasleen matrikula doakoa izan dadin, euskara-ikasleentzat bideratutako diru-laguntzen deialdiak.
-
Helduen euskalduntzegintzan diharduten beste Erakunde eta gizarte-eragileekin lankidetza.
Zuzendari Nagusia: Jokin Azkue Arrastoa |
|
Posta-helbidea: zuzendaritza@habe.eus Telefonoa: 943022650 |
|
Hizkuntzaren didaktika ZerbitzuaZerbitzuburua: Jose Juan Andres Gonzalez de Chavarri Miranda Posta-helbidea: didaktika@habe.eus Telefonoa: 943022610 Eginkizuna: Helduak euskalduntzen eta alfabetatzen diharduten euskaltegien jarduna hobetzeko asmoz, didaktika-alorreko zerbitzua eskaintzen du, oinarrizko kurrikuluaren diseinua eta garapena, ikasmaterialen sorkuntza, irakasleen etengabeko prestakuntza, euskaltegietan aholkularitza eta jarraipen didaktikoa sustatu eta koordinatuz. |
Kudeaketa ZerbitzuaZerbitzuburua: Alfredo, Badiola Arnedo Posta-helbidea: info@habe.eus Telefonoa: 943022639 Eginkizuna: Euskaltegien administrazio-jarduera koordinatu eta hizkuntza-gaietan espezializatutako Erakundearen liburutegi publikoa kudeatzeaz gain, Erakundeko beste zerbitzu eta atalei laguntzea du eginkizun, HABEren egitekoak zuzen bete ditzaten, legearen, ekonomiaren eta, oro har, prozedura- edota administrazio-arloetan egoki den guztian. |
Curriculumaren garapena Posta-helbidea: curriculum@habe.eus Telefonoa: 943022617 Eginkizuna: Helduen alfabetatze/euskalduntzea sustatzeko eta hobetzeko, oinarrizko curriculuma diseinatzea eta euskaltegietan berori garatzeko baliabideak eskaintzea du zeregin nagusi, horretarako euskaltegiaren curriculum-proiektua burutzeko formazio-plana diseinatu eta eskainiz. Halaber, plan eta egitasmoen bidez, euskaltegiei beren antolaketa eta kudeaketa hobetzen laguntzen zaie. |
Ikuskatzailetza Posta-helbidea: ikuskatzailetza@habe.eus Telefonoa: 943022633 Araba: araba@habe.eus Bizkaia: bizkaia@habe.eus Gipuzkoa: gipuzkoa@habe.eus Eginkizuna: Euskaltegien administrazio-jarduera koordinatu eta gainbegiratzeaz arduratzen da, euskaltegiek bete beharreko baldintzak bete ditzaten eta diru-laguntzak emandako helburuetarako erabiltzen dituztela zainduz. Horrezaz gain, Herri Administrazioetako langileak euskalduntzeko helburuarekin izenpetzen diren hitzarmen eta akordioei dagozkien izapideak betetzeaz arduratzen da. |
Ikasmaterialak Posta-helbidea: argitalpenak@habe.eus Telefonoa: 943022612 Eginkizuna: Euskaltegiei material didaktikoaren arloko zerbitzua ematen die, kurrikuluaren aplikaziorako eta xede-talde berezietarako langai egokiak sortzen ditu, euskaltegietan materialgintza-proiektuak eta unitate didaktikoen elkar trukea sustatuz eta feedbacka emanez. Bestalde, materialgintza bultzatzeko xedez, benetako materialen bankua osatzen du, mass-medietatik hartutako dokumentuak sailkatuz. Ikasmaterial didaktizatua sortzen eta argitaratzen du www.ikasbil.eus atarian. |
Informatika Posta-helbidea: informatika@habe.eus Telefonoa: 943022635 Eginkizuna: HABEko beste atalek zein euskaltegi guztiek behar duten laguntza eskaintzen du, behar diren datu-bankuak sortu eta egunean izateko, euskaltegien datuak aztertzeko eta arlo akademikoan zein administraziokoan sortzen diren beharrei erantzuna errazteko. |
Ebaluazioa Posta-helbidea: ebaluazioa@habe.eus Telefonoa: 943022609 Eginkizuna: Hainbat eginkizun ditu atal honek: helduen euskalduntze- eta alfabetatze-mailak ebaluatzeko tresna egokiak osatzeko lana bultzatzea eta koordinatzea, eta HABEk ezarritako azterketak edota beste erakunde batzuek eskatutakoak antolatzea eta kudeatzea. Era berean, ikaslearen ebaluazio jarraitua eta banakakoa bultzatzen ahaleginduko da eta euskaltegien emaitzen ebaluazioa sustatuko du. |
Ekonomia eta administrazioa Posta-helbidea: info@habe.eus Telefonoa: 943022632 Eginkizuna: HABEren ekonomi eta administrazio-kudeaketaz arduratzen da, aurrekontuen jarraipena, kudeaketa eta kontrola eginez, eta kontratazio-espedienteak bideratuz. |
Prestakuntza Posta-helbidea: prestakuntz@habe.eus Telefonoa: 943022627 Eginkizuna: Euskaltegietako irakasleen etengabeko prestakuntza eta euskaltegien formazio-proiektuak sustatu eta ahalbidetzea du zeregin nagusi. Eta, horretarako, hiru eratako formazio-zerbitzuak ditu Prestakuntza Atalak gaur egun, izatez desberdinak, baina elkarren osagarri direnak: formaziorako ekintza akademikoak; aholkularitza eta adituen kontrataziorako laguntza; eta prestakuntzarako argitalpenak: HIZPIDE aldizkariak didaktika-alorreko gaiak jorratzen ditu; ITZULPEN SAILA deituriko atalak, berriz, hainbat didaktika-liburu interesgarriren euskarazko itzulpena eskaintzen die irakasleei; eta IFB irakasleen formaziorako bideo-saila. |
Aholkularitza juridikoa eta pertsonala Posta-helbidea: info@habe.eus Telefonoa: 943022641 Eginkizuna: Lege-aholkularitza, HABEk hartzen dituen xedapen eta burutzen dituen egintza administratiboei buruz iritzia emanez eta euskaltegien Erregistroa kudeatuz. Bestalde, langileen lansariak eta beste administrazio-alderdiak ere kudeatzen ditu. |
Programa bereziak Posta-helbidea: programabereziak@habe.eus Telefonoa: 943022630 Eginkizuna: Euskararen ikaskuntza, hobekuntza eta erabilera bultzatzeko, euskaltegietan agizkoak ez diren egitasmoak diseinatzea edo bultzatzea du xede, batez ere, euskalduntze-alfabetatzegintzaren ikuspuntutik: lan-munduko erabilera-planak, egonaldiak familia euskaldunetan, irratsaio bereziak, jarraipen-programa… Horrezaz bat, bere eginkizunen artean dago Euskal Herritik kanpora euskararen ikaskuntza sustatzea eta koordinatzea. |
Harrera eta informazioa Posta-helbidea: info@habe.eus Telefonoa: 943022600 Eginkizuna: Atal honi dagozkio jendeari zuzeneko atentzioa ematea eta HABEren Erregistroa eramatea. |
Baliabide didaktikoak Posta-helbidea: ikasten@habe.eus Telefonoa: 943022628 Eginkizuna: Atalaren eginkizun nagusia da helduen euskalduntzeko ikaskuntza prozesuetarako baliabideak eskuratzea, sortzea, egokitzapenak burutzea eta baliabide hauen erabilera sustatzeko bitartekoak eskaintzea. Atalaren eginbeharra pedagogia, informatika garapen eta ezagutza teorien arteko elkartze puntuan kokatzen da eta, alderdi guztiak kontuan hartuz, helduek euskara ikasteko ingurune egokiak diseinatzen ditu. www.ikasten.ikasbil.eus eta www.ikasbil.eus atarien bidezko zerbitzu didaktikoak bideratzen ditu. |
Liburutegia Posta-helbidea: liburutegi@habe.eus Telefonoa: 943-022602 / 943-022604 Web-gunea: http://www.ikasbil.eus/web/liburutegia Eginkizuna: Honen eginkizunak dira HABEren liburutegia kudeatzea, materiala liburutan edo beste edozein euskarritan biltzea, liburuen katalogazioa egitea eta dokumentu-baseak sortzea, ondare bibliografikoaren zabalkundea koordinatzeko, maileguak kudeatzeko eta HABEko beste atalei nahiz kanpoko jendeari informazioa emateko. |
Azken aldaketako data: