HABE

3. maila

Irakurmena:

Emandako testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Alde batetik, azterketariak frogatuko du ulertzen duela testuen esanahi orokorra, ideia nagusiak nahiz bigarren mailakoak edo xehetasunak, edota espresuki testuan adierazten ez diren ideiak, hala nola komunikazio-xedea, idazlearen jarrera, ikuspuntua edo iritzia, besteak beste. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, erantzun laburrekoak, egia/gezurra erakoak, testu-zatiei dagozkien ideiak aukeratu, lotura egokiak egin, testua ordenatu, laburtu, ideiak edota paragrafoak lotu.

Bestalde, zenbait testu azterketariaren sintaxiaren eta lexikoaren erabilera neurtzeko izango dira. Horretarako, hainbat ariketa-modu jarriko dira: azpimarratutako hitzen sinonimoak jarri emandako testuan, aukera anitzekoen bidez lexikoa aukeratu, hitz eratorri eta elkartuak erabiliz testuak berridatzi, aukera anitzen bidez egitura sintaktikoak osatu, proposatutako esaldien baliokideak eman edota egitura koherenteak sortu testua osatzeko.

Guztira, 20 puntu izango dira, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira.  Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 60 minutukoa. 

Idazmena:

Azterketariak gutxienez 300 hitzeko testu bat edo 180 hitzeko bi testu idatzi beharko ditu. Hainbat idatzi-mota gauza ditzake: iritzi-artikulua, gutuna, proposamena, laburpena, eskaera, informazio-orria… Eskatuko zaion egitekoaren egoera, gaia, testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen eta hartzailearen rola eta xede komunikatiboa zehaztuko zaizkio. Idazlanaren ebaluaziorako kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Ebazpen honen 12.4 oinarrian xedatutakoari jarraiki, zati honek 30 puntu izango ditu gehienez eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira, eta gainera, ezinbestekoa izango da zuzentasunean nahikoa izatea. Probaren iraupena 90 minutukoa izango da.

Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

  • Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.
  • Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri…) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea…). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.
  • Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

Horrez gain:

  • Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko da, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.
  • Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.
  • Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

Entzumena:

Azterketariak kultura orokorreko gaien inguruan grabatuta entzungo dituen testuen ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira entzungai motaren arabera eta azterketariak denbora jakin bat izango du grabazioa entzun aurretik galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia, informazio garrantzitsua edota xehetasunak ulertu beharko ditu. Era berean, informazioa eta iritzia bereizi edo ondorioak ere atera beharko ditu. Hainbat egiteko mota erabil daiteke: aukera anitzekoak, egia/gezurra erakoak, erantzun laburrekoak, esaldiak osatzekoak, taulak osatzekoak edo loturak egitekoak. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, 10 puntu lortu beharko dira, gutxienez.  Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 25 minutu ingurukoa.

Mintzamena:

Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Atal honek bi ariketa izango ditu:

  1. Azterketariak aurrez prestatutako egiteko bat gauzatzea. Aztertzaileek gai bat eskainiko diote azterketariari presta dezan. Horretarako, testu-aipamenak, elementu grafikoak edo irudiak eman dakizkioke azterketariari egitekoa prestatzeko. Azterketariak 20 minutu izango ditu azaldu beharreko gaia prestatzeko, eta 5 minutuz hitz egitea eskatuko zaio aztertzaileen aurrean. Epaimahaiaren aurrean gaia garatzeko gidoiaz balia daiteke, baina ez da onartuko aldez aurretik prestatutako testurik irakurtzea. Tarteka, aztertzaileek gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak.
  2. Argazki edo beste elementu grafikoez baliatuz, bat-bateko elkarrizketa aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Bat bateko elkarrizketak 10 minutu inguru iraungo ditu (azterketari bakoitzak 5 minutu).

Bi ariketen kalifikazioak gehienez 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko ditu.

Mintzamenaren ebaluaziorako kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen.

Antolaketa

Azterketak bi eremu ezberdinetan gauzatuko dira: trebetasun hartzaileak (irakurmena eta entzumena) euskaltegietan egingo dira, eta trebetasun sortzaileak (idazmena eta mintzamena) lurraldeka, barruti bateratuetan.

Idazmena eta mintzamena neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean idazmen-proba; eta, bestean, mintzamenarena.

Kalifikazioak

a) 3. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

KalifikazioaGehienezGutxienez
Irakurmena 20 10
Idazmena 30 15
Entzumena 20 10
Mintzamena 30 15
GUZTIRA10050

b) Ponderazioa:

Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, %20; koherentzia, %20; kohesioa, %20; aberastasuna, %20 eta zuzentasuna, %20. Hala ere, proba gainditzeko, ezinbestekoa izango da zuzentasunean nahikoa izatea.

Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, %20; koherentzia eta kohesioa, %20; jariotasuna, %20; aberastasuna, %20; eta zuzentasuna, %20. Hala ere, proba gainditzeko, ezinbestekoa izango da zuzentasunean nahikoa izatea.

c) Emaitza:

  • Irakurmena: Gai / Ez gai
  • Idazmena: Gai / Ez gai
  • Entzumena: Gai / Ez gai
  • Mintzamena: Gai / Ez gai
  • Guztira: Gai / Ez gai
Azken eguneratzea: 2015/01/21