HABE

2. maila

Irakurmena:

Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea edota testutik informazioa ateratzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez zaio punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira.  Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 45 minutu ingurukoa.

Idazmena:

Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta gutxienez 200 hitzeko testu bat edo 150 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak inprimaki, ohar, jakinarazpen, gutun informal, kontakizun labur… erakoak izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa; eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Ebazpen honen 12.4 oinarrian xedatutakoari jarraiki, zati honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probak 75 minutu inguruko iraupena izango du.

Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

  • Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.
  • Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri…) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea…). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.
  • Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

Horrez gain:

  • Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.
  • Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.
  • Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

Entzumena:

Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatuta entzungo ditu. Testu horien ulermena frogatzeko, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira, entzungai-motaren arabera, eta azterketariak denbora jakin bat izango du, grabazioa entzun aurretik, galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota xehetasun batzuk nabarmentzen. Jakin ere jakin beharko du hizlariaren jarrera bereizten eta testuari dagozkion ondorioak ateratzen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, 10 lortu beharko dira, gutxienez.  Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 25 minutu ingurukoa.

Mintzamena:

Azterketariak elkarrizketa bat izango du, aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) azterketariak aurrez prestatutako gai baten azalpena, eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta. Mintzamena neurtzeko irizpideak honako hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen. Gehienez, 30 puntu izango ditu atal honek, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

Antolaketa

Azterketak bi eremu ezberdinetan gauzatuko dira: trebetasun hartzaileak (irakurmena eta entzumena) euskaltegietan egingo dira, eta trebetasun sortzaileak (idazmena eta mintzamena) lurraldeka, barruti bateratuetan.

Idazmena eta mintzamena neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean idazmen-proba, eta bestean mintzamenarena.

Kalifikazioak

a) 2. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

KalifikazioaGehienezGutxienez
Irakurmena 20 10
Idazmena 30 15
Entzumena 20 10
Mintzamena 30 15
GUZTIRA10050

b) Ponderazioa:

Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, %13; koherentzia, %24; kohesioa, %17; aberastasuna, %20 eta zuzentasuna, %26.

Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, %10; koherentzia eta kohesioa, %20; jariotasuna, %25; aberastasuna, %20; eta zuzentasuna, %25.

c) Emaitza:

  • Irakurmena: Gai / Ez gai
  • Idazmena: Gai / Ez gai
  • Entzumena: Gai / Ez gai
  • Mintzamena: Gai / Ez gai
  • Guztira: Gai / Ez gai
Azken eguneratzea: 2015/01/21