HABE

DEIALDIEN EZAUGARRIAK ETA ZUZENKETA-PROZESUA

HABEk mintzamena eta idazmena neurtzeko probak aplikatuko ditu, horretarako berariaz ezarritako egun eta tokietan. Euskaltegiek, berriz, entzumena eta irakurmena neurtzekoak aplikatuko dituzte, mailaz maila egutegian zehaztutako datetan.

Gaitasun-proba gainditutzat emateko, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu azterketariak maila bakoitzean zehaztutako gutxienekoak. Probak 100 puntu izango ditu guztira, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak.

Ezinbesteko baldintza izango da entzumeneko eta irakurmeneko probak gainditzea idazmeneko proban parte hartzeko, eta azkeneko hau gainditzea mintzamen-probara aurkezteko.

Gaitasun-probak norenak diren jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaile zein tutoreek, zuzenketa izengabea bermatuz.

Idazmen- nahiz mintzamen-probak, gutxienez bina aztertzailek zuzenduko dituzte eta irizpen arrazoitua emango dute adostutako kalifikazio-fitxan. Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, hirugarren zuzenketa bideratuko da tutore/adituaren eskutik.

Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira, zuzenketa-prozesuaren euskarri eta ikerketa-helburu zein aztertzaileen trebakuntzarako.

Idazmen-ataleko eta mintzamen-ataleko kalifikazio-orriak eta egindako idazmen-proba (PDF formatuan) ikusgai izango ditu azterketariak www.habe.euskadi.eus atarian, baita bere mintza-saioa entzungai ere.

Idazmen-proba ontzat emateko, eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoa gainditu beharko du. Halaber, mintzamen-proban egindako elkarrizketak ezarritako gutxieneko iraupena izango du. Gaitasun-proben zuzenketa-prozesuaren xehetasunak aurkituko ditu 2015ko urtarrilaren 9ko ebazpenaren 12. oinarrian edota orri honetan bertan Proben ezaugarriak eta ebaluzio-irizpideak atalean.

Idazlanak PDF formatuan jarriko dira. Eta formatu horretan irakurriz kalifikatuko dituzte aztertzaileek. Idazmen-probetan irakurgarria izango da idazketa eta ulergarria kaligrafia. Eskatu egiten zaio azterketariari ahalik eta garbien idazteko. Tippex edo antzekoekin zuzendutako testuak baita ezaba daitezkeen boligrafoz idatzitakoak ere irakurgaitz bihur daitezke. Gomendatu egiten da, beraz, boligrafo urdin ilunez nahiz beltzez idaztea. Aztertzaileek ez dituzte kalifikatuko ezin irakur daitezkeen testuak. Ez dira, halaber, zuzenduko azterketariaren grafia ez den beste norbaitenaz idatzitakoak ezta orrialde solteetan edota eredu ofiziala ez den beste batean egindako idazmen-probak ere. Arkatzez ere ezin idatz daiteke.

Mintzamen-probetan, berriz, argi ahoskatu eta zuzen ebakiko dira hitzak.

Laugarren mailako proiektua euskaltegiak ontzat eman ondoren (Q87n, 411 kodearekin), hurrengo bi urteetako lau deialdietan baliatu ahal izango du azterketariak, laugarren maila egiaztatu ahal izateko. Deialdi horien ondoren iraungi egingo zaio proiektuari euskaltegiak aitortutako balioa, eta, ondorioz, HABEk ofizioz baja emango dio Q87n.

2015eko lehen deialdian idazmena neurtzeko proba gainditu eta mintzamenari dagokiona gainditzen ez dutenek 2015eko urtarrilaren 9ko ebazpenaren 7. eta 8. oinarrietan zehaztutakoaren arabera bigarren deialdian matrikulatzen badira, mintzameneko proba bakarrik egin beharko dute bigarren deialdi honetan maila egiaztatzeari begira. Lehenengo deialdian gainditutako hiru trebetasunen emaitzak 2015eko bigarren deialdian bakarrrik gordeko dira.

Azken eguneratzea: 2015/01/22