HABE

Helduen euskalduntzeari buruzko mahai-ingurua "Euskararen herria euskal hiztun" jardunaldietan

Fecha de publicación: 

Azaroaren 13an, helduen euskalduntzearen eremuan eragin handien duten hiru erakundeek (HABE, Euskarabidea eta Euskararen Erakunde Publikoa) hizpide izango dituzte etorkizuneko helduen euskalduntzearen inguruko politikak. Euskaren Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan prestatu dituzten jardunaldien baitan antolatu da mahai-ingurua.

“Euskararen herria euskal hiztun” izenpean, Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa ardatz izango duten jardunaldiak antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, azaroaren 12an eta 13an Bilboko Bizkaia Aretoan. Jardunaldietan hiztunak eskuratzeko edo sortzeko hiru bide nagusiei buruzko saioak antolatu dira: transmisioa, hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Helduen euskalduntzearen eremuan bi jardun aurreikusi dira, biak azaroaren 13an; batetik, mahai ingurua eta bestetik, elkarrizketa. Jardunaldiak doakoak dira, eta aurrez aurre edo online jarraitu ahal izango dira. Oharra (2020/11/11): Covid-19ak eragindako pandemiak tarteko, saio presentzialak baztertu, eta ikusleek online soilik jarraitu ahal izango dituzte jardunaldiak, esteka honetan.

Helduen euskalduntzearen inguruko mahai-ingurua 09:45ean hasiko da, eta bertan erakunde publikoek izango dute hitza. Horien ordezkari arituko dira Mikel Arregi (Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari nagusia), Jokin Azkue (HABEren zuzendari nagusia) eta Argitxu Camus (Euskararen Erakunde Publikoaren helduen euskalduntzerako misio karguduna).

Mahai-inguruan, helduen euskalduntzeak hizkuntza-politikan duen kokapenaz mintzatuko dira hiru ordezkariak, baita instituzioen egungo erronka nagusiei buruz ere. Euskal Herriko instituzio nagusiek jasota dute haien hizkuntza-politiketan helduen euskalduntzearen eremua edo esparrua: Hizkuntza-proiektua, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, Euskararen Plan Estrategikoa… Horrekin batera, HABE, Euskarabidea eta Euskararen Erakunde Publikoak, mahai inguruan parte hartuko duten hiru erakundeek, 2020an berretsitako Hiruko Ituna izeneko hitzarmenean ere helduen euskalduntzeari dagozkion lanak lantzeko batzorde teknikoa eratzeko asmoa agertu zuten, hain zuzen ere, curriculuma eta horri dagokion material atertzeko, irakasleen berariazko prestakuntzari begira erakundeen antolatzen dituzten jardunetan parte hartu ahal izateko, eragileekin lotura eginez diagnosia egin eta alde bakoitzak dituen premiak aztertzeko, eta HABEko liburutegiko zerbitzuak erabili ahal izateko.

Mahai-inguruaren ondoren, 11:45etatik aurrera, gizarte ekimeneko euskaltegietako hiru ordezkari arituko dira solasean: Isidro Ioldi (Urumea Euskaltegia), Alizia Iribarren (AEK) eta Joxerra Olano (IKA).

Jardunaldien Egitarau osoa, hitzartze bakoitzaren nolakotasuna eta hizlarien biografiak jasotzen dituen gidaliburua ikusgai dago esteka honetan zein jardunaldietarako sortutako atal berezian.