Euskaltegietako ikasleentzako dirulaguntzak 2014

Dirulaguntza eskaera     Deialdiaa  

2014ko irailaren 2ko EHAAn argitaratu da 2013/2014 ikasturtean HABEren euskara-mailak edo horien baliokideak gainditu dituzten ikasleei emango zaizkien dirulaguntzen baldintzak arautu eta aitortzeko prozedura onartzen duen HABEren zuzendari nagusiaren EBAZPENA.

Nork eskura ditzake HABEren dirulaguntzak?

Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izateko lau baldintza hauek bete behar dira:

  • Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean matrikulatua egon izana 2013ko apirilaren 27tik 2014ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian. 
  • 2013/2014 ikasturtean HABEren mailaren bat edo baliokideren bat egiaztatu izana. HABEren mailak egiaztatzeko gaitasun-probei dagokienez, 2013ko bigarren deialdian edo 2014ko lehenengoan mailaren bat egiaztatu izana. 297/2010 Baliokidetza-Dekretuaren bitartez HABEren mailen baliokide diren euskara-mailak (IVAP eta Osakidetzako hizkuntza eskakizunak, EGA, Hizkuntza Eskola Ofizialak…) egiaztatutakoen kasuan, 2013ko irailaren 1etik 2014ko abuztuaren 31ra bitartean egiaztatuak.
  • Beti ere, ikasleak egiaztatu duen mailari dagozkion ikasketak euskaltegi/zentroan burutu baditu azken hiru ikasturteetan zehar.
  • Ikasleak berak ordaindu izana euskaltegiari/zentroari ikasketa horiei dagozkien matrikulak

Nori ez dagokio HABEren dirulaguntza?

Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro batean ikasle izanda HABEren euskara-maila edo baliokideren bat egiaztatuta ere, jarraian aipatzen diren kasuetan ez dute HABEren dirulaguntza hauek jasotzeko eskubide izango:

  • Azken hiru ikasturteetan (2011/12, 2012/13 eta 2013/14) euskaltegi edo autoikaskuntza zentroan ikasitako mailak baino beheragokoa egiaztatzen dutenek. 
  • Herri Administrazioak finantzatuta eskolaratu diren ikasleek
  • Lehendik egiaztatutako maila bera edo beheragoko bat egiaztatu dutenek. Kontu izan, ondorio hauetarako, edozein baliokide hartuko dela kontuan. Adibidez, IVAPeko 2. H.E.a lehendik egiaztatua duen ikasle batek aurten HABEren 1. edo 2. maila egiaztatzen badu, ez du laguntza hauetarako eskubide izango.

Zer egin behar du baldintza horiek betetzen dituenak?

Aipatu Ebazpenak ezarritako baldintzak betetzen dituenak eta dirulaguntza hauek eskuratu nahi izatera, www.habe.euskadi.net web orrian sartu beharko da eta bertan jakinaraziko zaio dagokion laguntza eskuratzeko duen aukera. Jakinarazpen horretan gehienez eskura dezakeen laguntza adieraziko zaio, beti ere gutxitu daitekeena euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentroetan azken hiru ikasturteetan ordaindutako kopuruagatik, beste administrazio publikoetatik jasotako laguntzengatik edo aurreikusitako gehienezko kopurua (800.000 €) eskaera guztiei aurre egitera heltzen ez delako gerta daitekeen hainbanaketagatik.

Egiten zaion proposamenarekin ados badago, eskuera jarriko zaion datuen bilketarako orria bete beharko du (ikasleak ordaindutako matrikula-kopuruak, beste administrazio publikoetatik jasotako dirulaguntzak, HABEren dirulaguntza eskuratzeko kontu korrontea…) eta onartu egin behar du. Hori egin eta gero, hor bukatzen da bere egitekoa (ez du HABEra ezer eraman beharrik izango).

HABErena ez den maila baliokideren bat egiaztatu duen ikasleak, edo HABEren proposamenarekin ados ez dagoelako egiten zaion proposamena onartuko ez balu, zuzenean eskari-orria bete beharko du, bertan eskatzen diren datuekin inprimakia osatu (ikasleak ordaindutako matrikula-kopuruak, beste administrazio publikoetatik jasotako dirulaguntzak eta HABEren dirulaguntza eskuratzeko kontu korrontea). Jarraian, eskari-orria gorde, inprimatu eta sinatu egin beharko du. Aipatu eskari-orria egiaztatutako mailaren agiriaren kopia edo dagokion erakundeak luzatutako ziurtagiriarekin batera HABEren egoitza batean edo herritarrentzako ZUZENEAN zerbitzua eskaintzen den bulego batean aurkeztuko du edo, bestela, postaz bidali dokumentazio bera erantsiz.

  • HABEren egoitza batean edo herritarrentzat ZUZENEAN zerbitzua eskaintzen den bulego batean aurkeztu nahi bada, hauek dira helbideak eta bulego-ordutegiak: HABEren egoitzak / ZUZENEAN zerbitzua.
  • Postaz bidali nahi bada (Donostian: Vitoria-Gasteiz kalea, 3; Gasteizen: Samaniego kalea, 2; Bilbon: Gran Via, 85), kontuan izan zorroa zabalik eraman behar dela posta-etxera, eta barruko agiria zigilatu behar dutela bertan. Horrela bakarrik ulertuko da instantziak posta bulegoan utzi ziren egunean izan dutela sarrera HABEren Erregistro Orokorrean.

Noiz egin behar da eskaera?

www.habe.euskadi.net web orriaren bitartez datu-orria osatzeko epea 2014ko irailaren 3tik urriaren 2ra bitartekoa (biak barne) izango da.

Zenbat diru eskura dezake ikasleak?

  1. Egiaztatu den maila bakoitzeko jarraian zehazten den kopurua eskura dezake gehienez ikasleak:
    • HABEren 1. maila edo baliokidea:  400 euro
    • HABEren 2. maila edo baliokidea:  300 euro
    • HABEren 3. maila edo baliokidea:  100 euro
    • HABEren 4. maila edo baliokidea:  100 euro
  2. Irizpide nagusi bezala, ikasleak ezin dezake eskuratu berari euskaltegian/zentroan 2011/12, 2012/13 eta 2013/14 ikasturteetan ikastea kostatu zaiona baino gehiago. Horretarako, norberak ordaindutakoa eta jasotako beste dirulaguntza publikoak izango dira kontuan.
  3. Guztira 800.000 euro aurreikusi dira dirulaguntza hauetarako. Kopuru hau onartutako eskari guztiei erantzutera helduko ez balitz, hainbanaketa egin beharko litzateke.

Noiz erabaki eta eskuratuko dira dirulaguntzak?

Erabakia 2014ko azaroaren 30a baino lehen hartuko da. Erabakiaren berri eskaria egiteko erabili den HABEren web gune berean emango da.

Ikasle bakoitzari dagokion dirulaguntza, ahal dela behintzat, 2014 urtea amaitu arretik ordainduko zaio eskaera-orrian adierazitako kontu korrontean.

Azken aldaketako data:  2014/11/28