HABE

HOBE

HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza

Euskara-mailak egiaztatzeko probak ordenagailu bidez egiteko sistema egokitu du HABEk, HOBE izenekoa (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza). Sistema hau baliatu nahi duten azterketariek matrikulazio-orrian adierazi beharko dute probak euskarri digitalean egiteko hautua. Lehenik, ordea, arretaz irakurri behar dute orri honetara bildutako informazioa, puntuz puntu.
EBAZPENA, 2020ko uztailaren 24koa
  • Zein deialdi eta mailatan egin ahal izango dira egiaztatze-probak HOBE sistemaren bidez?
    • 2020ko bigarren deialdi irekian, C1 eta C2 mailetan.

  • Nola egiten dira probak HOBE sisteman?
    • Irakurmen-proba: irakurgaia ordenagailuaren pantailan irakurri eta erantzunak saguarekin hautatuz (C1 mailan) edo laburpena teklatu bidez idatziz (C2 mailan).
    • Entzumen-proba: entzungaia aurikularrekin entzun eta erantzunak saguarekin hautatuz (C1 mailan) edo laburpena teklatu bidez idatziz (C2 mailan).
    • Idazmen-proba: idazlana teklatu bidez idatziz ("ebaki", "kopiatu" eta "itsatsi" funtzioak erabiltzeko aukerarekin).
    • Mintzamen-proba: proba honetan ez da ordenagailurik erabiliko; aztertzaileen aurrez aurre egingo da, ohi bezala.

Jarraian, HOBE sistemaren bideo-demo bat duzu ikusgai. Iazko B2 mailako esperientzia pilotuan erabili zen aplikazioaren ezaugarriak erakusten ditu bideoak; aurten erabiliko den aplikazioa zertxobait diferentea izango da.

  • Zenbat azterketarik egin ahal izango dituzte probak HOBE sistemaren bidez?
    Plaza-kopurua mugatua izango da, eta eskariak matrikulazioa egiteko ordenaren arabera onartuko dira. 
    • C1 maila: gehienez ere, 1379 postu eskainiko dira.
    • C2 maila: gehienez ere, 394 postu eskainiko dira.

  • Non eta nola antolatuko dira HOBE bidezko probak?
    HOBE sistemaren bidezko probak bi alditan gauzatuko dira:
    • Lehenengo aldia: ordenagailuz egingo dira entzumen-, irakurmen- eta idazmen-probak, egun berean. Probok egiteko plaza guztiak Barakaldoko BECen eskainiko dira (propio egokitutako gune batean); beraz, HOBE sistema hautatzen duten azterketariek ezin izango dute aztertoki-aldaketa eskatu lehenengo aldiko probak egiteko.
    • Bigarren aldia: mintzamen-proba egingo da, beste egun batean. Mintzamen-probak, ohi bezala, hiru lurraldeetan deituko dira.

  • Nola ematen da izena probak HOBE sistemaren bidez egiteko?
    Izen-ematea HABEren webgunetik bideratuko da [habe.euskadi.eus > Hasi saioa [goialdean] > Indarrean dauden azterketa-deialdiak [hautatu dagokiona] > Matrikula egin/ikusi]. Deialdi irekiko C1 eta C2 mailako azterketariek matrikula-orrian bertan adierazi beharko dute zein euskarritan egin nahi dituzten probak, hau da, HOBE sisteman edo paperezko euskarrian. Probak HOBE sisteman egiteko plazak txandaka eskainiko dira, eta txandak bete ahala gehiago irekiko dira, plazak agortu arte. Azterketariak ezingo du txandarik aukeratu; matrikula-orrian HOBE sistema hautatzeak berekin dakar sistemak berak eskainiko duen txanda onartzea. 

  • Noiz egingo dira HOBE bidezko probak?
    Matrikula egiteko aplikazioan ikusi ahal izango ditu azterketariak zein diren, irekita dagoen txandan, lehenengo faseko probak egiteko eguna eta ordua.

  • Zein dira HOBE sisteman matrikula egiteko epea eta matrikularen diru-ordaina?
    Matrikulazio-epea eta matrikularen prezioa deialdi irekiarenak berarenak dira:
    • Matrikulazio-epea: 2020ko irailaren 9tik 15era
    • Matrikula-ordaina: 80€

  • Zenbat mailatan egin daiteke matrikula HOBE sisteman?
    HOBE sisteman ere maila bakarrean egin daiteke matrikula.

  • Bateraezintasunak
    HOBE sistemaren bidez euskara-mailak egiaztatzeko aukera bateraezina da honako kasu hauekin:
    • Euskaltegietako ikasleei zuzendutako 2020ko bigarren deialdiko edozein mailatan parte hartzearekin.
    • 2020ko bigarren deialdi irekiko edozein mailatan parte hartzearekin paperezko euskarrian.
    • 2020ko lehen deialdi irekian C1 mailako irakurmen- eta idazmen-probak gainditu izanarekin (egoera horretan dauden azterketariek nahitaez aukeratu beharko dute paperezko euskarria bigarren deialdi irekiko matrikula egiterakoan).

Azken aldaketako data: