Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 27koa, HABEko zuzendariarena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOCean) zedarritutako B1, B2, C1 eta C2 euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatu ahal izateko, 2022. urterako deialdi irekia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HABE; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 17
  • Hurrenkera-zk.: 417
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/12/27
  • Argitaratze-data: 2022/01/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

179/2003 Dekretuak zein 166/2019 Dekretuak xedatutakoa betez eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduak araututakoaren babesean, HABEk interesaturik dauden herritar guztiei zuzendutako deialdiak egin ditzake urtero, HEOCean zedarritutako euskarazko komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko.

Bestalde, helduen euskalduntzearen araubide akademikoaren baitan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak 2015eko uztailaren 22ko Agindu bidez HEOCaren egitura eta deskribapena onartu zituen. Honek helduen euskalduntze-ikasprozesua sei mailotan antolatu zuen: A1, Hasierako erabiltzailea; A2, Oinarrizko erabiltzailea; B1, Erabiltzaile independentea; B2, Erabiltzaile aurreratua; C1, Erabiltzaile gaitua eta C2, Erabiltzaile aditua. Betiere, elkarreragin soziodiskurtsiboan ardaztua; hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua; ekintza komunikatibotan definitua, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitua. Ikuspegi horiei jarraikiz, Agindu horrek zehaztu ditu mailaz mailako helburuak, ildo metodologikoak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak (testuinguru soziolinguistikoa, gaiak, testu-generoak, funtzioak, adierazpide testualak, adierazpide linguistikoak, estrategiak...).

Halaber, 2022ko deialdiak entzumen-urritasun larria duten pertsona gorrei aukera emango die hizkuntza-trebetasunak partez egiaztatzeko HEOCean definitutako B1 eta B2 mailetako komunikagaitasun-mailetako idatzizko ulermenean eta adierazpenean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduaren 13. artikuluan araututakoaren babesean.

Horrenbestez,

Lehenengoa. HEOCean zedarritutako B1, B2, C1, eta C2 euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko 2022ko deialdi irekia egitea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jasotako oinarrien eta irizpideen arabera.

Bigarrena. 2022. urtean bi azterketaldi ireki egitea, B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatu ahal izateko.

Hirugarrena. Interesdunei jakinaraztea administrazio-bidea agortzen ez duen ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Donostia, 2021eko abenduaren 27a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

  1. oinarria. Xedea.

    Oinarri hauen xedea da, deialdi irekian matrikulatuko direnek HEOCean zedarritutako B1, B2,C1 eta C2 euskararen komunikagaitasuna egiaztatzeko, 2022. urterako aurreikusitako bi azterketaldi irekien zehaztapenak egitea, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduan xedatutakoaren arabera.

  2. oinarria. Azterketaldietarako oinarrizko esparrua.

    Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua izango dira azterketariaren euskararen komunikagaitasuna egiaztatzeko oinarri eta barruti, hurrenez hurren.

    Horrela, B1, B2, C1 eta C2 mailei dagozkien ziurtagiriak lortzera bideratutako euskarazko gaitasun-probak HEOCean zedarritutako ebaluazio-irizpideetara eta II. eranskineko edukietara bilduko dira.

  3. oinarria. Deialdian parte hartzeko baldintzak.

    Deialdi honetan matrikulatu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

    1. Gutxienez 16 urte beteta izatea izena eman nahi den azterketaldiko matrikula-epean.

    2. Matrikula egoki egitea eta jarritako epean ordaintzea.

  4. oinarria. Matrikula egiteko izen-ematea.

  1. Honako hauek izango dira deialdi honetan izen-emateko eta ordaintzeko epeak:

    1. lehen azterketaldian: 2022ko apirilaren 4tik 12ra bitartekoa, biak barne.

    2. bigarren azterketaldian: 2022ko irailaren 8tik 14ra bitartekoa, biak barne.

  2. Deialdi honetan parte hartzeko izen-ematea www.habe.euskadi.eus web-orrian egingo da, matrikula-orria edo matrikula inprimakia betez, horretarako ezarritako epean. C2 mailan matrikulatu nahi duen azterketariak norbera aditua den espezialitate akademiko edo teknikoa zehaztuko du matrikula-orrian.

  3. Izena emateko epean ordaindu beharko da matrikula, dagokion matrikula-orria edo matrikula inprimakia erabiliz, internet bidez edo, bestela, horretarako bidea ematen duten finantza-erakundeetan (Kutxabank, Sabadell, Laboral Kutxa, Bankoa, BBVA, Banco Santander, CaixaBank, Banco Popular, Caja Rural de Navarra).

  4. Izena emateko eta ordaintzeko epeak ez betetzeak automatikoki ekarriko du prozesutik kanpora geratzea.

  5. Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez da dirurik itzuliko. Salbuespen gisa, lau kasu hauetan itzuliko da:

    1. oker bat izan eta maila bereko matrikula birritan ordaindu bada;

    2. okerreko maila baterako burutu baldin bada matrikula;

    3. aurreko deialdiaren jarraibideen baitan, HABEren zuzendari nagusiak azterketariak jarritako gora jotzea onartu badu eta, ondorioz, burututako matrikula baliogabetu badu;

    4. azterketariaren heriotza.

  6. Matrikularen prezioari dagokionez, deialdi honen matrikula-epealdiak irekitzen direnean, HABEk eskainitako jarduerentzat indarrean dagoen araudiak finkatutako prezio publikoak aplikatuko dira. Unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.eus web-orri bidez emango ditu ezagutzera HABEk.

  7. Azterketariak euskararen komunikagaitasun-maila bakar batean matrikulatu ahal izango du deialdi irekiko egiaztatze-azterketaldi bakoitzean.

  8. Deialdi irekian matrikulatzen den azterketariak ezin izango du inolako matrikularik burutu seihileko horretako HABEren beste azterketaldi batean.

  9. Matrikula egitearekin batera, azterketariak oinarri hauetako irizpide eta jokabide guztiak bere egin eta onartu dituela ulertuko da.

  1. oinarria. Azterketaldiak burutzea.

  1. Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean emango du argitara HABEk, www.habe.euskadi.eus web-orrian, azterketaldi hauek burutzeko maila bakoitzerako aurreikusitako egutegia, honako gai hauei dagokienez:

    matrikulen egoera zein egunetan jarriko den ikusgai Q87 aplikazio informatikoan,

    azterketa-probak egiteko egunak eta lekuak,

    azterketen emaitzak eta probak zein egunetan egongo diren ikusgai eta eskuragai Q87 aplikazio informatikoan.

  2. HABEk azterketen egutegia eta azterketak egiteko tokiak egokituko ditu, betiere eskaera kopurua eta azterketak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta. Baldintza horiek aintzat hartuta, aukera egongo da egun bakarrean azterketa-proba bat baino gehiago gauzatzeko. Halaber, HABEk egutegian aurreikusitako egunak alda ditzake azterketaldiaren kudeaketan gerta litezkeen gorabeheren arabera, azterketaldirako matrikula-epeak izan ezik.

  3. Matrikula egin eta gero, HABEren web-orrian argitaratu den azterketa-egutegian ezarritako egunean azterketaria azterketa-lekura agertzen ez bada, ez-aurkeztutzat joko da, eta azterketariak galdu egingo du azterketa egiteko aukera.

    Salbuespen gisa, bi egoera hauek aurreikusi dira, jarraian adierazitako ondorioekin:

    1. Egutegian finkatutako egunean azterketariari proba egitea galarazi dion egoera ustekabekoa eta ezinbestekoa den arrazoi batek eragin badu edota lege edo erregelamendu izaera duen arau batek babestutako egoera bada, azterketa-probaren eguna aldatu ahal izango da, egutegian zehaztutako ezohiko egunera, betiere, honako baldintza hauek betez gero:

      Azterketariak, proba-eguna egin eta biharamunetik aurrera, hiru lanegun izango ditu HABEri posta elektronikoz igortzeko azterketa-egunean aurkeztea eragotzi dion egoera eta arrazoia azaltzen duen adierazpen-orria eta berau justifikatzen duen ziurtagiriaren kopia (helbide elektroniko honetara: egiaztatzegintza@habe.eus). Adierazpen-orri horretan azaldutako karia justifikatuko duen ziurtagiria, txosten edo dokumentu zalantzagabeez frogatu beharko du. Horretarako, proba-eguna egin eta biharamunetik aurrera, bost lanegun izango ditu, HABEren egoitzetako batean zuzenean aurkezteko posta elektronikoz bidalitako ziurtagiriaren jatorrizko agiria, HABEn dagokion konpultsa gauzatu ahal izateko.

      Aukera hori behin bakarrik probestu ahal izango da.

      Hiru laneguneko epea igarota, azterketariak ez badu HABEra posta elektronikoz igorri adierazpen agiria, ez-aurkeztutzat joko da azterketaldi horretan.

    2. Egutegian finkatutako egunean azterketariari proba egitea galarazi dion egoera lege edo erregelamendu izaera duen arau batek babestutako arrazoi batek eragin badu, eta azterketariak proba egiteko ezohiko egunaz baliatzerik izan ez badu, egindako matrikula eta azterketaldian jadanik lortutako emaitzak hurrengo azterketaldirako gordeko zaizkio, baita deialdi honetako bigarren azterketalditik hurrengo urteko lehen azterketaldira ere.

      Mintzamen-probetan azterketariari jarritako egun- zein ordu-aldaketari dagokionez, aldaketa jakinak eska ditzake azterketariak, eta HABEk baimendu, HABEren web-orrian argitaratu den azterketa-egutegian jarritako epe eta jarraibideen baitan.

  4. Azterketa-lekua aldatzeko eskabidea posta elektronikoz egingo da www.habe.euskadi.eus web-orrian finkatutako prozedurei jarraikiz, eskari hori egiteko arrazoiak azalduz eta, betiere, azterketaldiaren egutegian ezarritako epeetan.

  1. oinarria. Matrikularen egoera.

    Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, matrikularen egoera ezagutzera emateko akordioa argitaratuko da www.habe.euskadi.eus web-orrian. Azterketari bakoitzak, HABEren web-orrian (www.habe.euskadi.eus), Q87 aplikazio informatikoaren bidez, ikusi ahal izango du norberari dagokion matrikula zertan den (onartu den edo ez den onartu).

  2. oinarria. Berariazko egoerak.

    Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduaren 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, egiaztatze-probetan parte hartu nahi izan, eta egokitzapen jakinak behar dituzten azterketarien kasuan, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu HABEk, desgaitasunen bat duten azterketari horien aukera-berdintasuna bermatzeko; betiere, azterketaren edukia indargabetzeke edota balioetsi beharreko gaitasun-maila murrizteke.

    Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, azterketariak azterketaldirako matrikula egiteko garaian, HABEren lurralde-arduradunari egin beharko dio eskaera eta, duen desgaitasunaren eremuan eskumena duen erakunde publikoak emandako agiri ofizialez zuritzeaz gain, eskatzen duen egokitzapena azalduko du (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.), kasuan kasuko antolaketa-moduaren arabera. Halaber, aurkeztutako agiriaren konpultsa HABEren egoitzetako batean egin beharko du bost lanegunetan, matrikula egiteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

    Eskari hauen aurrean, HABEk denbora nahiz baliabideak egokituko dizkio behar bereziak dituen azterketariari, betiere Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduari edota gaitasun-probok gauzatuko diren egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraikiz.

    Entzumen- eta mintzamen-gaitasuna nabarmen eta etengabe mugaturik duten pertsonak, % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortuta baldin badute arrazoi horiengatik, B1 eta B2 mailetako irakurtzeko eta idazteko hizkuntza-trebetasunak partzialki egiaztatzeko aukera izango dute, matrikula egiteko unean matrikularen prezioa % 50 murriztuta. Zatikako gaitasun-proba gainditzeko, beharrezkoa izango da trebetasun horiek gainditzeko ezarrita dauden gutxieneko kalifikazioak erdiestea.

  3. oinarria. Proben ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa.

  1. Gaitasun-maila bakoitza ebaluatzeko prestatutako probek azterketariaren euskararen komunikagaitasuna balioetsiko dute: azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik, eta komunikatu nahi duen hura ahoz zein idatziz adierazteko duen gaitasuna, bestetik.

  2. HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio- eta Egiaztatzegintza-Arloak lau trebetasunak neurtzeko probak prestatuko ditu, ebazpen honen II. eranskinean zehaztutakoa oinarri hartuz, eta Zerbitzuak berak aplikatuko ditu proba horiek, lurraldeka eta lurralde bakoitzean eremu bateratuan antolatuta, egutegian zehaztutako datetan.

  3. Maila bateko probak gainditzeko, 100 puntutik gutxienez 50 lortu beharko ditu azterketariak, ebazpen honen II. eranskineko puntuazio-sistemari jarraikiz. Azterketariak maila gainditzeko azaldu beharreko hizkuntza-gaitasuna, HEOCaren Ebaluazio-irizpideak eta eskalak atalean, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun zehazten diren ebaluazio-irizpideen balioespen-eskalako bigarren deskriptoreak adierazitakoa da. Maila bat gainditzeko, azterketariak lau trebetasunetako probak gainditu beharko ditu, aipatutako eranskinean jarritako irizpideak betez.

  4. Egiaztatze-prozesua bideratzeko jardunak, gailu elektronikoek (besteak beste, telefono, ordenagailu, argazki-kamera, edozein soinu-grabagailu, haririk gabeko entzungailu, irakur-tresnadun ordulariak eta entzungai edo ikusgai diren edukietara sarbidea eskaintzen duten betaurrekoek...) eskain dezaketen edukietarako sarbiderik gabe daude aurreikusita eta Interneterako konexiorik gabe.

  5. Idazmen-probetan, irakurgarria izango da idazketa, eta ulergarria kaligrafia. Mintzamen-probetan, berriz, argi ahoskatu eta zuzen ebakiko dira hitzak.

  6. Probak egiterakoan, azterketariak ematen zaizkion jarraibideak zuzen eta egoki bete behar ditu.

  1. oinarria. Gaitasun-proben zuzenketa-prozesua.

  1. Hizkuntza-arauak eta euskalkiak.

    Lau hizkuntza-trebetasunak balioesteko azterketariek egindako probek Euskaltzaindiak indarrean dituen arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.

    Mintzamen-probetan, azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakuts dezake, betiere, egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun- eta jariotasun-maila hori aintzat hartu eta balioetsiko dute azken emaitza jartzean.

  2. Izengabetasuna.

    Gaitasun-probak norenak diren jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaileek, ikerleek zein tutoreek, zuzenketa izengabea bermatzeko. Aztertzaileak ezin izango du berak azkeneko bi urteetan izandako ikasleen gaitasun-probarik zuzendu. Horrelakorik gertatuz gero, aztertzaileak berak laga beharko du zeregin hori azterketaldiaren antolaketa-garaian. Mintzamen-proba balioesterakoan, azterketaria irakasle izan ez dituen aztertzaile batzuekin arituko da, eta, aparteko egoera saihetsezinak tarteko, irakasleak epaimahaian aztertzaile moduan aritu behar badu, azterketariari jakinaraziko zaio jarduera hori beste aztertzaile batek kalifikatuko duela.

  3. Irakurmen- eta entzumen-proben zuzenketa.

    Gaitasun-probaren atal hauen zuzenketa izendatutako aztertzaileen artean egingo da, ebazpen honen II. eranskinera bildutako irizpideen arabera, eta emaitzak akta batera bilduko dituzte kalifikazio-proposamen gisa.

    Irakurmen-proba eta idazmen-proba batera zuzenduko dituzte aztertzaileek eta entzumen-proba mintzamen-probarekin batera.

    Ezinbesteko baldintza izango da irakurmen-proba gainditzea idazmen-proba zuzendua izateko.

    Azterketok, HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak zaindu eta gordeko ditu.

  4. Idazmen-probaren zuzenketa.

    1. Idazmen-proba, gutxienez, bina aztertzailek zuzenduko dute, eta irizpen arrazoitua emango dute kalifikazio-fitxa banatan. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.

    2. B1, B2 eta C1 mailetako idazmen-probako emaitzan 15 puntura iritsi ez, baina gutxienez 14 lortzen dituen azterketariak mintzamen-proban ateratako puntuekin konpentsatu ahal izango du puntu-gabezia hori, baldin eta mintzamen-proban 17 puntu lortu baditu. Edozelan ere, ezinbesteko baldintza izango da gutxienez 14 puntu ateratzea idazmen-proban, mintzamen-probara aurkeztu ahal izateko.

    3. Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:

      Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

      Eskatutako hitz-kopurura iristen ez diren idazlanak balioesterakoan, % 10 baino gutxiagogatik iristen ez den azterketariari kenketa egingo zaio puntuazio orokorrean, ondoren zehazten denaren arabera:

      (Ikus .PDF)

      Halaber, % 10 hitz baino gehiago falta zaizkion idazmen-proba horrela kalifikatuko da:

      (Ikus .PDF)

    4. Aztertzaileak idazmen-proba zuzendu ondoren, jarraibide hauei lotuko zaizkie:

      Zuzenketa anonimoa egikarituko da, aldiro itsu bikoitzeko sistemaz proba bakoitzaren bi zuzenketa eginez, bi ebaluatzailek bakoitzak bere aldetik egina. Ebaluatzaileek ausazko banaketa baten bidez jasoko dituzten probak balioetsiko dituzte, ebazpen honen II. eranskinean HABEren zuzendari nagusiak ezarritako idazmen-probaren balioespen-irizpide berezien arabera, eta, era horretan, proba horren ebaluazioa behar bezain objektiboa izango dela bermatuko da.

      Kalifikazio-prozesua jarraibide hauen arabera bideratuko da:

      Baldin eta bi ebaluatzaileek ariketa Gai gisa kalifikatzen badute, idazmen-proba Gai gisa balioetsiko da.

      Baldin eta bi ebaluatzaileek ariketa Ez gai gisa kalifikatzen badute, idazmen-proba Ez gai gisa balioetsiko da.

      Baldin eta ebaluatzaileetako batek proba Gai gisa kalifikatzen badu eta besteak Ez gai gisa, probak ebaluatzaile-ikerle baten irizpena jasoko du.

    5. Idazmen-proba berariazko aplikazio informatikoen bidez banatuko zaie aztertzaileei, ebaluatzaile-ikerleei zein tutoreei, euskarri digitalean.

  5. Mintzamen-probaren zuzenketa.

    Mintzamen-proba bina aztertzailek bideratu eta zuzenduko dute, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango dute irizpen arrazoitua. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.

    Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko du tutoreak edo ikerleak. Tutoreak edo ikerleak irizpen propioa eman eta gero, Epaimahaiaren eskura jarriko du jarritako emaitzen proposamena.

    Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira, zuzenketa-prozesuaren euskarri eta ikerketa-helburu zein aztertzaileen trebakuntzarako.

  1. oinarria. Emaitzak onartzea.

    Mailaz mailako epaimahaiek, aztertzaile, ikerle eta tutoreek egindako balorazioak aztertu ondoren, probei dagozkien emaitzak onartuko dituzte, eta jarraian, Azterketa Batzordeari igorriko dizkiote emaitzak.

  2. oinarria. Emaitzak argitaratzea.

    Azterketa Batzordeak, egutegian zehaztutako datetan, emaitzak ezagutzera emateko akordioa argitaratuko du HABEren web-orrian (www.habe.euskadi.eus).

    Gainera, emaitzak ikusgai jarriko ditu, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun, HABEren web-orrian (www.habe.euskadi.eus), Q87 aplikazio informatikoaren bidez. Horretara sartzeko norberaren sarbide-gakoa beharko da.

    Gero, Azterketa Batzordeak behin betiko emaitzak HABEren zuzendari nagusiari aurkeztuko dizkio, egiaztagiriak luzatzeari begira, eta Erregistroan alta eman dakien, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduaren 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

  3. oinarria. Ziurtagiriak.

    Gaitasun-probak gaindituz mailaren bat egiaztatu duen azterketariak ziurtagiria eskuratu ahal izango du HABEren web-orrian (www.habe.euskadi.eus), Q87 aplikazio informatikoaren bidez, norberaren sarbide-gakoaz eta Agiriak aukera baliatuz.

  4. oinarria. Erreklamazioak, kalifikazioak berrikusteko eskaerak eta gora jotzeko errekurtsoak.

  1. Erreklamazioak.

    Honako gai hauei buruz aurkeztu ahal izango dira erreklamazioak:

    Batetik, matrikularen egoera dela eta.

    Bestetik, azterketa egunean edo azterketa lekuan, antolaketaren eremuko jarraibideetan hutsegiterik izan baldin bada, izandako gorabehera edo intzidentzia praktiko materialak direla eta.

    Erreklamazio hau aurkeztu ahal izango da, bai paperean -Zuzenean arretagunean, postaz edota HABEko egoitzetan- bai telematikoki (Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan identifikazio sistema egoki bidez, hau da, BakQ edo NAN elektronikoz). Ahal bada, bide telematikoa lehenetsiko da.

  2. Kalifikazioak berrikusteko eskaerak.

    Azterketariak mailako Epaimahaiaren aurrean kalifikazioa berrikusteko eskatu ahal izango du, eskaerak arrazoituz.

    Desadostasun hutsa adieraztea ez da oinarri nahikoa izango erdietsitako kalifikazioaren berrikuspena eskatzeko. Beraz, oinarri teknikorik gabeko kalifikazio-berrikuspenen eskaerak gaitzetsiak izango dira.

  3. Aurkeztu beharreko agiriak.

    Erreklamazioak zein kalifikazioak berrikusteko eskaerak izapidetu daitezen, azterketariak jarraian azaltzen diren datu zein agiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez:

    Erreklamatzailearen edota eskatzailearen izen-deiturak eta jakinarazpenetarako helbidea eta helbide elektroniko bat.

    Nortasun-agiriaren zenbakia.

    Egiten duen erreklamazio edo eskaeraren edukia.

    Gertaera edo errakuntza hori izan dela erakusten duten agiriak edo frogak.

    Lurraldea, lekua, data eta egiaztatze-maila.

    Erreklamaziogilearen edota kalifikazioa berrikusteko eskaera egiten duen azterketariaren izenpea.

  4. Epeak.

    Hiru laneguneko epea izango da ondorengo gertakaria edo egintza jazo eta biharamunetik aurrera:

    1. Erreklamazioen kasuan:

      HABEren web-orrian (www.habe.euskadi.eus), Q87 aplikazio informatikoaren bidez, matrikulen egoera ezagutzera eman eta ikusgai jartzen dituen akordioa argitaratu eta biharamunetik aurrera.

      azterketa-proba egin eta biharamunetik aurrera.

    2. Kalifikazioak berrikusteko eskaeren kasuan:

      HABEren web-orrian (www.habe.euskadi.eus), Q87 aplikazio informatikoaren bidez, emaitzak ezagutzera eman eta ikusgai jartzen dituen akordioa argitaratu eta biharamunetik aurrera.

  5. Erantzunak.

    Erreklamazioen edota berrikusteko eskaeren erantzunak dagokion organo eskudunaren akordio edo erabaki bidez hartu eta onartuko dira. Ondoren, www.habe.euskadi.eus web-orrian ezagutzera emateko akordioa argitaratuko da eta gainera, erantzunaren eduki zehatza ikusgai jarriko da HABEren web-orrian (www.habe.euskadi.eus), Q87 aplikazio informatikoaren bidez.

  6. Gora jotzeko errekurtsoak.

    Interesdunek, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute honako egintza hauen aurka:

    Erreklamazioaren erantzuna.

    Azterketa probaren emaitza berrikusteko eskariaren erantzuna.

    Azterketen behin betiko emaitzak 11. oinarrian zehaztu den moduan ezagutzera eman dituen akordio edo erabakia. Behin betiko emaitzak azken proba egin ondorengoak izango dira.

    Horretarako, hilabeteko epea izango dute, aurkaratutako egintza ezagutzera eman edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

    Errekurtsoak ebazteko, HABEren zuzendari nagusiak lurralde-arduradunari, mailaz mailako Epaimahaiaren buruari edota Azterketa Batzordeko buruari eska liezaieke errekurtsoaren mamiari buruzko txostena. Halaber, deialdi honetan parte hartzen ez duen kanpoko adituren baten irizpena ere eska lezake.

    Erreklamazioak eta kalifikazioak berrikusteko eskaerak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduaren 17. artikuluaren arabera izapidetuko dira.

    Edozein modutan, erreklamazioek, kalifikazioak berrikusteko eskaerek zein gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo deialdi honetan jasotako prozeduren izapidetza eta egutegia.

  1. oinarria. Informazioa, tramitazioa on-line eta argibide-eskaerak.

    Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak HABEren web-orriaren bidez (www.habe.euskadi.eus) egingo dira, errekurtso administratiboen ebazpenei dagozkienak izan ezik.

    Era berean, azterketariak HABEren web-orrian (www.habe.euskadi.eus) gauzatuko ditu oinarri hauetan xedatutako izapideak, eta egiaztatzegintza@habe.eus posta elektronikoa baliatuko du ebazpen honetako oinarri eta prozedurei buruzko kontsulta orotarako.

  2. oinarria. Espedienteak ikustea.

    Azterkariak HABEren web-orrian (www.habe.euskadi.eus), Q87 aplikazio informatikoaren bidez, kontsultagai eta eskuragai izango ditu Idazmen- eta mintzamen-ataletako kalifikazio-orriak, bere irakurmen eta idazmen-probak eta entzungai baita bere mintza-saioa ere.

  3. oinarria. Datu pertsonalen babesa.

    Egiaztatze-deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak eta egiaztatze-prozeduran zehar sortzen direnak Euskara-mailak egiaztatzeko deialdi irekiak, Ikasleen dirulaguntzak eta Egiaztapen probetarako eskatutako egokitzapenak izenekoak, edo hauen ordez ezar daitezkeenak, dagokion Tratamendu Jardueren Erregistroan (TJR) sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Batzordearen eta Europako Parlamentuaren 2016/679 araudian xedatutakoaren arabera. Helburu hauetarako erabiliko dira fitxategi horietan jasotako datuak:

    Deialdi honetan aurreikusitako prozedurak kudeatzeko.

    Euskararen ezagutzaren egiaztatze-agiriak HABEren erregistroan inskribatzeko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduaren 48. artikuluan dioenari jarraikiz.

    Emandako ziurtagiriak Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura helarazteko, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak agintzen duen moduan, deialdi honetan gaitasun-maila egiaztatzen dutenen datuak. Erregistro horretan dauden datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Herri Administrazioen Hizkuntza Normalkuntzaren zuzendaria da. Bertan jasotako datu pertsonalen gaineko eskubideak Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzan gauzatu behar dira.

    Euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleen kudeaketarako: ikasprozesua, euskara-mailaren egiaztapena eta dirulaguntzaren kudeaketa.

    HABEren zuzendaria izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

    Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko (29/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, HABE sortzekoa eta Euskaltegiak arautzekoa), eta interes publikoaren izenean egiten den xederen bat gauzatzeko, edo trataeraren arduradunari emandako botere publikoak egikaritzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

    Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haien aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

    Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezake helbide honetan: https://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/

    Egiaztatze-prozesuaren ondoren, lau hizkuntza-trebetasunak neurtzeko egindako probak prestakuntza-helburuetarako, ikerketa-lanetarako edota estatistikarako erabili ahal izango ditu HABEk betiere probok barneratuta dituzten datu pertsonalak bereizi ondoren, indarrean dagoen legediak agintzen duen moduan.

  4. oinarria. Jarduerak isilpean gorde beharra.

    Egiaztatze-deialdietan parte hartuko duten aztertzaile, ikerle, tutore, maila bakoitzeko epaimahaikide, Lurralde Batzordeetako kide, zein Azterketa Batzordeko kideen eta administrazio-langileen betebeharra da isilpean gordetzea, egiaztatzegintzari lotutako ezein eragileri buruz, beren egitekoen jardunean jakindako gertaera, ezagututako dokumentu, kalifikazio-proposamen, izandako eztabaida eta jazotako egoerak.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.