HABE

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko uztailaren 28koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) erakunde autonomiadunaren kontratazio-mahaiak sortzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Ekonomia Saila; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 150
  • Hurrenkera-zk.: 3991
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/07/28
  • Argitaratze-data: 2017/08/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Sailak; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak, Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Autonomia Erkidegoaren administrazioko sailen egitura berrantolatu du eta sailen arteko eskumenen banaketa egokitu du. Alde horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari esleitu zaizkio 24/2016 Dekretua indarrean jarri aurretik jada desagertu zen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari esleitutako zenbait egiteko eta jardun-arlo.

Era berean, apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten duenak, hari atxikitzen dio, besteak beste, Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) erakunde autonomiaduna.

Bestalde, Euskal Komunitate Autonomoaren Sektore Publikoko kontratazio-erregimena ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuak erregulazio berria eman die kontratazio-organoaren laguntza-organoei. Zehazki, dekretuaren 8. artikuluan, osaketarako eta kideak izendatzeko arauak xedatzen dira eta kontratazio-mahaiak osatzea baliozkotzen du.

Horretarako, egokitzat jotzen da kontratazio-mahai bat sortzea Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarentzat, eta beste mahai bat Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) erakunde autonomiadunarentzat.

Horiek horrela, eta Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau

ERABAKITZEN DUGU:

  1. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzari atxikita, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kontratazio-mahaia sortu da. Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan agertzen diren funtzioak beteko ditu.

  2. Mahai horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluaren arabera, kide hauek izango ditu:

    1. Lehendakaritza: Aholkularitza Juridikoaren arduraduna eta Aurrekontua Kudeatzeko Zerbitzuaren arduraduna izango dira bata zein bestea kontratazio-mahaiko lehendakari.

    2. Mahaikideak:

      Kontratua sustatzen duen Zuzendaritzako mahaikide bat. Kontratazio-organoaren aholkularitza teknikoaren funtzioa izango du.

      Kontratazio-organoaren aurrekontuaren kontrol ekonomikoa esleitua duen mahaikide bat, Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendariak izendatua.

      Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari den mahaikide bat, haren titularrak proposatua, otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan, informazio- eta telekomunikazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituena, aurreikusitako kasuetarako.

      Mahaikide-idazkaria: Zuzenbidean lizentziaduna den teknikari bat, Zerbitzu Zuzendaritzari atxikia; mahaiko aholkularitza juridikoko eta idazkaritzako lanak egingo ditu, eta hitza eta botoa izango ditu.

  1. Zuzendaritza Nagusiari atxikita sortzen da Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) organismo autonomiadunaren kontratazio-mahaia, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritako funtzioak beteko ditu.

  2. Mahai horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluaren arabera, kide hauek izango ditu:

    1. Lehendakaritza: erakunde autonomoaren kudeaketa-arduraduna eta Hizkuntzaren Didaktikaren arduraduna izango dira bata zein bestea kontratazio-mahaiko lehendakari.

    2. Mahaikideak:

      Kontratua sustatzen duen zerbitzuaren ordezkari den mahaikide bat. Kontratazio-organoaren aholkularitza teknikoaren funtzioa izango du, eta horrek izendatuko du.

      Kontratazio-organoaren aurrekontuaren kontrol ekonomikoa esleitua duen mahaikide bat, Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendariak izendatua.

      Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari den mahaikide bat, haren titularrak proposatua, otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan, informazio- eta telekomunikazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituena, aurreikusitako kasuetarako.

      Mahaikide-idazkaria: organismo autonomiaduneko Aholkularitza Zerbitzuaren arduraduna; mahaiko aholkularitza juridikoko eta idazkaritzako lanak egingo ditu, eta hitza eta botoa izango ditu.

Mahaietako kideak izendatzerakoan kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan nahikoa gaitasun edukitzea eta gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko da. Mahaikideek euren jardunean hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute. Euskararen normalizazioa helburu Mahaiak horrela erabakitzen badu bilera deialdiak, gai zerrendak, aktak, ziurtagiriak eta testu idatziak oro har, euskaraz bideratu ahalko dira. Bestelakoa erabakitzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

Agindu hau indarrean jartzen denean, indargabetuta geratuko da Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2014ko uztailaren 16ko Agindua, agindu honi aurka egiten dion guztian.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 28a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.