HABE

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2000ko urtarrilaren 24koa, Kultura sailburuarena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua onartuz, erreferentzi marko obligaziozkoa izan dezaten HABE Erakunde Publikoak diruz lagundutako euskaltegiek.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: HABE
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 26
  • Hurrenkera-zk.: 549
  • Xedapen-zk.: 3
  • Xedapen-data: 2000/01/24
  • Argitaratze-data: 2000/02/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza
  • Azpigaia: ---

Testu legala

HABEri dagokio, besteak beste, helduak alfabetatu eta euskalduntzeko kurrikuluak sortu, diseinatu eta ezartzea, irizpide sozio-linguistikoak kontuan hartuz eta plangintza egokiak eginez; izan ere, eskumen hori ematen diote, batetik, azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu eta Euskaltegiak Arautzekoak (2,d artikuluak), eta, bestetik, otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren arau organikoak onartzen dituenak (8,a artikuluak).

HABEk sorreratik taxutu ditu euskalduntzeko programak. Hor ditugu, esaterako, "Helduen euskalduntzerako programazioa" (HABE, 1981) eta "Helduen euskalduntzea programatzen-84" (HABE, 1983). Ondoren, 1987ko urtarrilaren 7ko Aginduaz, ezarri ziren euskalduntzeko lehen zortzi mailetako edukiak eta ebaluaziorako irizpide oinarrizkoak; eta gero 1989ko azaroaren 17ko Aginduak ordezkatu zituen, helduen euskalduntzeko Programa ezarri baitzuen, euskalduntzearen hamabi urratsetako banari zegozkion gaitasunak eta hizkuntz edukiak finkatuz.

Ezarri zenez geroztik hamar urte joanda, egoki iritzi zaio azken Programa hori berrikusteari eta kurrikulu-arau egunekoetara moldatzeari. Horretarako, euskaltegiek azaldutako beharrak kontuan hartuz, HABEren Batzorde Akademikoaren aholkuak entzun ondoren, eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak kurrikulua berritzeko egin zuen proposamenari erantzunez, "Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua" deritzon proposamena landu da, eta HABEren Zuzendaritza Batzordeak formulatu du 29/1983 Legeko 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Oinarrizko Kurrikulua dokumentu bat da, euskara-irakaskuntzaren helburu eta edukiak azaltzen dituena, hizkuntzaren irakas- eta ikas-printzipioetan oinarrituta. Lan-proposamena da, euskaltegien lan-gida izan nahi duena. Dokumentu ireki eta malgua da; euskaltegiek eta irakasleek gauzatu beharko baitute, ikastegiaren, inguruaren eta ikasleen ezaugarriak kontuan hartuz.

29/1983 Legeko 20. artikuluaren arabera, Hezkuntza eta Kultura Sailari dagokio, besteak beste, HABEren Zuzendaritza Batzordearen proposamenez, euskaltegietan ematen den irakaskuntzaren ordenamendu orokorra. Horren kariaz, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Erakunde Autonomo hori Kultura Sailari atxikita dagoenez,

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulu hau izango da HABEren Erregistroan inskribatuta dauden Euskaltegien jardun didaktikoaren obligaziozko erreferentzi markoa.

Proiektu honek jarraian datozenak jasoko ditu:

  • Euskaltegiak bere egiten dituen hizkuntzaren ikas-irakaskuntzari buruzko printzipio nagusiak.

  • Euskaltegiak bizi duen egoeraren eta bere inguru sozialaren beharren azterketa eta autoebaluazioa.

  • Oinarrizko kurrikulua mailaka egokitzeko proposamena, baita maila bakoitzeko aurrikusten den ordu-kopurua ere.

  • Oinarrizko kurrikuluak zehazten dituen helburu eta edukien aukera eta hurrenkera, euskaltegiaren eta ikasleen beharretara egokituz.

  • Hobetsitako aukera metodologikoak.

  • Ikas/irakas-materialen proposamena eta hauek aukeratzeko irizpideak.

  • Ikasleak, irakasleak eta euskaltegia bera ebaluatzeko aribideak.

    Euskaltegiaren Kurrikulu Proiektua agindu hau onartu eta hiru urteren buruan gauzatu beharko da.

Halaber, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren esanekin bat etorriko ez balitz, HABEk euskaltegiari jakinaraziko dio eta Kurrikulu proiektua osatzeko edo aberasteko egokitzat jotzen dituen iradokizunak egingo ditu, dagokion neurrian, proiektua hobetzeko orientabideak eskainiz.

Bakarra.– Mailaketari dagokionez, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluak ezartzen dituen mailak izango dira euskaltegien jardunaren erreferente nagusia. Hori dela eta, egin beharreko egokitzapenak burutu ahal izateko euskaltegiek Agindu hau indarrean jarri eta hiru urteko epea izango dute. Bitartean, HABE eta euskaltegien arteko harremanetan, gaur egun indarrean dauden parametroak mantenduko dira.

Agindu honen Xedapen Iragankorrean agindutakoa agindu, indarrik gabe geratzen da Kultura eta Turismo Sailaren Agindua, 1989ko azaroaren 17koa, Helduak Euskalduntzeko Irakaskuntza Programa ezarri zuena, HABE Erakunde Publikoak diruz lagundutako euskaltegiek bete zezaten. Indarrik gabe geratzen da, halaber, helduen euskalduntzearen arloan Agindu honen aurka egon dadin beste ezein erabaki.

Aurkibidea.

  • Sarrera.

  • Kurrikuluaren oinarriak.

  • Helburuak mailaz maila.

    1. – mailarako edukiak.

    2. – mailarako edukiak.

    3. – mailarako edukiak.

  • Metodologia.

  • Ebaluazio-irizpideak.

    SARRERA.

    Besteak beste, helduen euskalduntzea suspertzea eta bideratzea da HABEren zeregina. Horretarako sortu zuen Eusko Jaurlaritzak 1981ean, eta horrexetarako legez Erakunde Autonomo bihurtu Eusko Legebiltzarrak 1983an.

    Zeregin hori betetzeko, hasiera-hasieratik garrantzi handiko tresnatzat jo zuen HABEk programa didaktikoa. Programa horixe lantzen hasi zen eratu orduko, eta 1981ean bertan argitaratu zuen lehenengoa: "Helduen euskalduntzerako programazioa" (HABE 1981). Helduen euskara-irakaskuntzaren programa zuen liburuak eduki nagusi eta ondorengo hainbat lanen oinarri izango zen.

    Lehenengo programa haren ondoren eta euskararen irakaskuntzan egindako aurrerabidearen ondorioz etorri ziren gero beste hiru programa: "Helduen euskalduntzea programatzen-84" (HABE 1983), "Euskalduntzearen lehen zortzi urratsetako edukia eta ebaluaketarako oinarrizko irizpideak" (1987ko urtarrilaren 7ko Agindua; ZUTABE 1987) eta "Euskalduntzeko programa" (1989ko azaroaren 17ko Agindua; HABE 1989). Eta aurrerabide beraren harian dator, hain zuzen, honako "Helduen euskalduntzearen oinarrizko kurrikulua" ere.

    Bide luzea egin du helduen euskalduntzeak. Bide horren mugarri dira lehen lau programak, bakoitza bere bereizgarriekin, izenez eta edukiez desberdin, egindako aurrerabidearen lekuko eta, aldi berean, eginkizun zegoenaren gidari. Eta lau programa horien ildotik dator kurrikulu berria ere, mugarri berria ezartzera, egungo beharren arabera. Mugak muga eta zalantzak zalantza, aldi bat burutu zuten lau programa horiek helduen euskalduntzean: mailakatua geratu zen EGA bitarteko ikas-prozesua, eta langaiez eta ebaluaziorako irizpidez hornitua.

    Baina ez zegoen dena egina. Batetik, programaren hizkuntz edukiak eta urrats bakoitzeko gaitasun-mailak adieraztera mugatzen da laugarren programa, nahiz eta testuinguru zabalagoa eskaini aurkezpenean; gainera, lehen zortzi urratsetan gainditu gabeko hainbat arazoren konponbide-itxura dute, neurri batean, azken lau urratsek. Horrek, bestetik, programaren oinarrietara begira jartzen gaitu, eta horiek irakaskuntzan nola hezurmamitzen diren aztertzera bultzatzen. Baina bada arazo larriagorik ere, nahiz eta lotura hain zuzenik ez izan programarekin berarekin: hor daude ikas-prozesua utzi eta amaitzen ez duten ikasleak; eta hor daude, era berean, euskara bera ikasi bai baina erabiltzen ez dakitenak eta erabiltzen ikasi bai baina oker erabiltzen dutenak ere. Baina bada besterik: askok ez dute nahikotzat jotzen EGAri dagokion gaitasun-maila lortzea, eta euskal gizartea ere gaitasun handiagoko euskaldunen beharrean da.

    Aldi berean, premia berriak sortu dira azken urteotan helduen euskalduntzearen eremuan. Eta ez dira txikienak, noski, administrazioa euskalduntzeko plangintzak eragindakoak, irakaslegoaren euskalduntzea, enpresetako euskalduntze-prozesuak.

    Horiek horrela izaki, beharrezkoa ikusi du HABEk gaurdainokoa aztertu eta euskalduntzearen kurrikulu berri bat egitea: esku artean dugun hauxe. Kurrikulu berri honek, jakina, arestian aipatutako hutsuneak, arazoak eta premiak izan ditu kontuan, eta horiei erantzuteko bideak moldatzea xede. Horretarako, orain artekoaz baliatu da HABE, bai euskalduntzearen eremuan egindakoaz, bai beste hizkuntzen irakaskuntzan egindakoaz; eta aintzakotzat hartu ditu, gainera, kurrikulugintzaren inguruko hainbat ekarpen teoriko berri ere.

    Horrela sortutako kurrikulu berrian, agerikoak dira orain arteko bidearen aztarnak eta nabarmenak berrikuntzak. Baina oraingo hau ez da, hala ere, aurrekoen jarraipen soila, zenbait berrikuntzaz hornitua. Gehiago ere izan nahi du: helduen euskalduntzean jauzi garrantzizkoa ematen lagunduko digun baliabide anitz eta eraginkorra.

    Izan ere, jauzi garrantzizko baten beharrean da helduen euskalduntzea. Alde asko dituen jauzia da eta alor askotan eragingo duena: zenbait programaren bermoldatze eta uztarketan, euskaltegien eraketa eta autonomian, irakaslearen prestaketan eta autonomian, euskaltegi eta irakasle bakoitzaren programazioetan, ikaslearen partaidetza eta autonomian, ikas-prozesuen mailaketan eta luze-laburrean, metodologian, ebaluaziogintzan... Oro har, helduen euskara-irakaskuntza indarberritzea eta areagotzea du HABEk egitasmo, eta helduen eta gizartearen euskalduntzeari eragitea xede.

    Eta egitasmo hori oinarri eta ardatz, honako baliabide anitz eta eraginkor hau eratu du HABEk: helduen euskalduntzearen oinarrizko kurrikulua. Eta horixe da lehenengo eta behin kurrikulua: egitasmo baten zerbitzurako sortutako baliabidea. Irakaskuntzan txertatzen da kurrikulua, eta sistema osoaren atala da. Oinarrizko kurrikulu izaki, gainera, zehaztapen-maila orokorraz dihardu eta zehaztapen-maila xeheagoen beharrean da. Eta kurrikulu izaki, azkenik, programa bat baino gehiago da.

    Lau bereizgarri nagusi ditu, beraz, eskuetan dugun oinarrizko kurrikuluak. Azal ditzagun banan-banan zehatzago.

    1. – Egitasmo zabal baten baitan kokatzen da kurrikulua, eta egitasmo zabal horren zerbitzuan dago. Kurrikulua ez da ezer, egitasmo horren baitan ez bada. Egitasmoaren helburuak gauzatzeko baliabide den neurrian, beteko du kurrikuluak bere zeregina.

      Egitasmoa zabala da: helduen euskara-irakaskuntza berritzea du helburu; are gehiago, etengabeko berrikuntza eragilea martxan jartzea. Egitasmoa ez da amaitzen dokumentu hau argitaratzean. Etengabe berritzen eta aldatzen ari den sistemari erantzun nahi baitio.

    2. – Sistema osoa da irakaskuntza, eta sistema oso horren atala da kurrikulua. Sistema osoan du eragina kurrikuluak, eta sistema osoak du eragina kurrikuluan. Sistema osoari eragiteko sortzen da kurrikulua; eta malgua izaki, zabalik dago sistema horren eragina bereganatzeko. Beraz, prozesu baten atala ere bada kurrikulua: etengabe aldatzen eta berritzen ari den prozesu baten aldagai eragile. Sistema horren bihotzean dago irakaslea. Irakaslearen etengabeko berrikuntzak bermatuko du, azken batean, irakas-sistema osoaren berrikuntza. Eta ikaslea du sistemak ardatz. Ikaslearen premiek agintzen dute irakaskuntzan. Ikasleak ikasten du, azken batean, hizkuntza. Eta hori beti horrela bada, are gehiago da, ikaslea heldua denean. Beraz, ez dago euskararen irakaskuntza berritzerik, ikaslearen heldutasuna eta autonomia landu gabe, ikaslea bere ikastearen lehen egile eta erantzule ez bada.

    3. – Oinarrizkoa da honako kurrikulu hau; oinarrizkoa, orokorra eta zabala: euskaltegi bakoitzari dagokio moldatu eta zehaztea, eta irakasle eta ikasle bakoitzari hezurmamitzea.

      Ikuspegi horren arabera, prozesu baten lehen urratsa da kurrikulu hau, proiektu baten lehen agiria. Kurrikulua osatu eta zehaztu ahalean joango da prozesua burutuz eta proiektua gauzatuz. Horrek, jakina, proiektua moldatzea eta ñabarduraz hornitzea dakar berekin; are gehiago, hainbat erabaki hartzea, zenbait aukera hobetsiz eta beste batzuk bigarren mailan utziz. Izan ere, ingurune soziokultural bakoitzak ditu bere bereizgarriak eta beharrak, eta bereizgarritasun eta behar horietara moldatuko da euskaltegi bakoitza, eta horrela eginez gauzatuko du proiektua. Hizkuntza ez baitago irakasterik tokian tokiko aldagaiak kontuan izan gabe.

      Bestela esanda, euskaltegi bakoitzak bere autonomia garatu eta bere eskaintza zehazten duen neurrian joango da hezurmamituz, pixkana-pixkana, kurrikulu hau argitaratuz hasitako proiektu eta prozesua. Euskaltegi bakoitzaren egitasmoa eta programazioa izango dira, besteak beste, hezurmamitze horren emaitza.

    4. – Prozesuaz gain, produktu ere bada kurrikulua: dokumentu bat. Programa baino zabalagoa den dokumentua, hain zuzen. Programaz gain, beraren oinarriak ere azaltzen dituena. Hiru dira oinarri horiek: ZER ikasten den hizkuntza ikastean, NOLA ikasten duen helduak bigarren hizkuntza eta zer ingurune soziokulturaletan (NON, NORAKO eta ZERTARAKO) ikasiko duen.

      KURRIKULUAREN OINARRIAK.

    1. – Hizkuntzaren ikuspegia.

      Kurrikuluak hizkuntzaren ikuspegi diskurtsibo-pragmatikoa aldarrikatzen du: Hizkuntz sistemaren unitate komunikatiboa ez da ez hitza, ezta esaldia ere, diskurtsoa baizik, testuetan gauzatzen dena. Testuek, berriz, bere osotasuna lortuko dute, bere arau propioez gainera, azpisistema fonologiko, morfosintaktiko eta semantikoen arauak ere betetzen badituzte, beti ere komunikazioa gertatzen den xedeari eta egoerari, kontestuari alegia, egokituz. Komunikazioa eraginkorra izan dadin, bada, beharrezkoa da hizkuntz erabilerarako arauak ere ezagutzea; zenbait forma linguistiko halako egoeretan, halako pertsonekin eta komunikazio-xedea kontuan izanik erabiltzen jakitea. Bestela esanda, benetako komunikazioa egoerari eta xedeari egokitu behar zaie.

      Hizkuntzaren kontzepzioan azken urteotan ikuspegi eta norabide aldaketa eman da eta horietako batzuk dira kurrikuluaren oinarri: ezagutzatik erabilerara, sistema linguistiko sintetikotik analitikora, esalditik testura, produktutik prozesura, gaitasun linguistikotik komunikatibora, zuzentasunetik egokitasunera.

    2. – Alderdi psikopedagogikoa.

      Ikaskuntzari dagokionez, Kurrikuluaren oinarrian ezagutza instrumentala eta formala uztartzearen aldeko apustua dago, planteamendu konstruktibistaren ikuspegiari jarraiki.

      Hizkuntzaren ezagutza instrumentala estu lotua dago, ezinbestez, ikaslearen eta inguruko solaskideen arteko harremanekin. Gizarte-egoera batean hezurmamitzen dira harreman horiek; eta gizarte-harreman horien baitan jarduten du ikasleak bigarren hizkuntzan, esanahiak negoziatuz komunikazio-lanak burutzen.

      Hizkuntzaren ezagutza formala lantzeak, berriz, berekin dakar prozesu kognitiboak bultzatzea eta bigarren hizkuntzaren alderdi formalen ezagutza-eskemak eraikitzen laguntzea; era berean, eskema horien etengabeko berreraikitzearen aurrean jartzen gaitu; berreraikitze horiei esker joango da ikaslea, hain zuzen, han-hemenka eta loturarik gabe ikasitakoa eratuz eta uztartuz.

      Ikuspegi horren arabera, hiru baldintza bete behar dira, hizkuntzaren ezagutza formal hori eraiki dadin. Batetik, lotura logikoa izan behar dute bigarren hizkuntzaren edukiek. Bestetik lotura psikologikoa izan behar dute: ikaslearen aurreko eskema-sareetan txertatzeko modukoak izango dira eduki berriak eta lehendikako ezagutzekin uztartzeko modukoak. Azkenik, aldeko jarrera izan beharko du ikasleak, ezagutza horiek eraikitzeko ahaleginean. Eta berreraikitze-prozesu horretan ikasleak ematen dituen urratsen adierazle da tarteko hizkuntza. Honek ikaslearen lehen hizkuntzaren eta ikasten ari denaren arteko sistema baten itxura du. Sistema hori aldatzen joaten da ika-prozesuak aurrera egin ahala eta arau berriak, hitz berriak eta abar bereganatzen dituen neurrian.

      Tarteko hizkuntzaren ildotik ere ikusi eta aztertu behar dira ikasleak egiten dituzten erroreak, xede-hizkuntzaren sistema barneratzen ari den adierazpen gisa, eta ez ikaskuntza ezaren adierazle.

    3. – Alderdi soziokulturala.

      Hizkuntzaren alderdi soziokulturalaz hitz egitean, bi errealitate ditugu, soziokultura hitzak berak aditzera ematen digunez: 1) hizkuntzaren alderdi soziala eta 2) hizkuntzaren dimentsio kulturala.

      Alderdi sozialari dagokionez, kontuan izan behar dira euskararen normalizazio soziala eta linguistikoa, baita ikasleen euskara ikasteko motibazioa ere, euskararen irakaskuntza neurri batean baldintzatu egiten baitute, eta kurrikulu irekia planteatzera behartzen. Kurrikulu irekia, batetik, tokian tokiko berezitasunen arabera, batasunaren baitan programazio berezietara heltzeko bidea emango duena. Kurrikulu irekia, bestalde, metodologia malgua bideratuko duena eta, azken batean, ikasleen beharretara ahalik eta gehien hurbildu eta egokituko dena.

      Alderdi soziokulturalaren beste osagaia dugu kulturarena. Ezinbestekoa du euskara-kurrikuluak euskal kultura ere aintzat hartzea. Berezkoa baitu euskarak euskal kultura eta ikuspegia: errealitatea hautemateko era. Baina beti ere kontuan izan beharko da ikasgaia ez dela kultura -gramatika ez den bezala-, baizik eta euskara, alderdi eta izari kulturala barne. Eduki kulturalak ez dira ikas-materialetatik aldendu behar, ez zaie aparteko tratamendu isolatua eskaini behar; integratua baizik. Jarduera didaktikoek elementu kulturalez "bustita" egon behar dute.

      HELBURUAK MAILAZ MAILA.

      Lau mailatan banatzen da euskalduntze-prozesua. Hona hemen maila bakoitzerako helburuak orokorrean, trebetasunez trebetasun.

      1. MAILA.

      Lehenengo maila burutzerakoan, ikaslea gai izango da eguneroko kontestu ezagunetan eta gai orokor eta arruntei buruzko kontaketa eta narrazio sinpleak, instrukzioak, pertsona eta objektuen deskribapen laburrak ulertu eta, ahoz nahiz idatziz, adierazteko. Halaber, eguneroko harreman hurbilen inguruan, solasaldietan parte hartzeko gai izango da. Dena den, testuaren mezu nagusia eta orokorra jaso/adieraziko du, eta zenbaitetan, helburuaren arabera eta testuaren egiturak bideratzen duenean, informazio xehea ere jasoko du.

      Entzumenean ikaslearen eguneroko kontestu ezagunetan gai orokor eta arruntei buruzko kontaketa edo narrazioak ulertzeko gai izango da, baita instrukzio zuzenak jarraitu eta elkarrizketan parte hartzeko ere. Informazio orokorra, alditan xehea, eta zenbait kontestutan (zaratarik eza, abiadura normala, ahoskera garbia, erredundantzia, ikusizko lagungarriak...) ñabardurak jasoko ditu. Hala ere, konpentsazio-estrategietara jotzeko joera izango du.

      Mintzamenean ikaslearen eguneroko kontestu ezagunetan eta gai orokor eta arrunten inguruan, ikasleen arteko nahiz jatorrizko hiztunekiko elkarrizketetan parte hartzeko gauza izango da. Baita instrukzioak emateko, pertsonak eta objektuak labur deskribatzeko eta narrazio edo kontaketa laburrak antolatzeko ere.

      Irakurmenean ikaslearen eguneroko kontestu ezagunetan eta gai orokor eta arrunten inguruan idatzizko kronika eta artikulu laburrak, deskribapenak eta argibideak ulertzeko gai izango da. Irakurketa helburuaren arabera eta irakurgaiaren egiturak bideratzen duen neurrian (informazioaren antolaketa, kateamendua, zenbatekoa, elementu ikonikoak, hizkuntzaren aberastasuna...) informazio orokorra edo xehea aurkitzeko gai izango da.

      Idazmenean ikaslearen eguneroko kontestu ezagunetan eta gai orokor eta arrunten inguruan esperientziak deskribatzeko, gertaerak kontatzeko, oharrak idazteko gai izango da.

      2. MAILA.

      Bigarren maila burutzerakoan, ikaslea gai izango da ohiko gai eta egoera ezagunei buruzko solasaldi eta jardunak, narrazioak, deskribapenak, instrukzioak eta azalpen laburrak ulertu eta, ahoz nahiz idatziz, adierazteko. Dena den, zailtasunak izango ditu ñabardurak jaso eta adierazterakoan.

      Entzumenean ikaslearen eguneroko kontestu ezagunetan ohiko gaiei buruzko solasaldi eta jardunetan parte hartzeko gai izango da, baita instrukzioak eta narrazioak jarraitu eta gai ezagun baten inguruko azalpenak ulertzeko ere. Informazio orokorra eta xehea jasoko du, baina zenbait kontestutan eta jatorrizko hiztunaren hizketa oso kolokialean ñabardurak jasotzeko zailtasunak izango ditu. Hala ere, zailtasun hauek entzumen-estrategiaz baliatuz gaindituko ditu, komunikazioa apurtu gabe.

      Mintzamenean ikaslearen eguneroko kontestu ezagunetan ohiko gaien inguruan ikasleen arteko nahiz jatorrizko hiztunekiko elkarrizketetan parte hartzeko gauza izango da. Baita instrukzioak emateko, narrazioak edo kontaketak egiteko eta gai baten inguruan azalpenak egin eta iritziak emateko ere.

      Irakurmenean ikaslearen eguneroko kontestu ezagunetan ohiko gaien inguruko idatzizko narrazio, kronika, erreportaje eta artikuluak, deskribapenak, ipuinak eta argibideak ulertzeko gai izango da. Irakurketa helburuaren arabera informazio orokorra eta xehea aurkituko du, ia beti. Dena den, irakurgaiaren egituraketak (informazioaren antolaketak, kateamenduak, zenbatekoak...) zaildu dezake ulermena.

      Idazmenean ikaslearen eguneroko kontestu ezagunetan ohiko gaien inguruan idatziz esperientziak deskribatzeko, ipuinak kontatzeko, oharrak eta gutunak egiteko gai izango da.

      3. MAILA.

      Hirugarren maila burutzerakoan ikaslea gai izango da kultura orokorraren mailan edozein euskal hizketa ulertzeko , baita zuzentasunez, egokitasunez eta aberastasunez komunikatzeko ere. Saiakera arruntak, ipuinak, nobelak, etab. ulertuko ditu; gutunak, artikulu laburrak, testu errazak eta antzekoak ere idazteko gai izango da. Hala ere, zailtasunak izango ditu gai espezializatuei eta erregistro bereziei buruzko testuak jaso eta adierazteko.

      Entzumenean kultura orokorraren mailako edozein gai eta egoeratan parte hartzeko gai izango da, baita euskara estandarrean nahiz herri-hizkuntzan edozein euskal hizketa (instrukzio, azalpen, narrazio, argudio, elkarrizketa,...) ulertzeko ere. Informazio orokorra eta xehea jasoko du, baina gai espezializatuei buruzko azalpenetan, adibidez, xehetasunak ulertzeko zailtasunak izango ditu.

      Mintzamenean kultura orokorraren mailako edozein gai eta egoeraren aurrean ikasleen arteko nahiz jatorrizko hiztunekiko elkarrizketetan, euskara estandarrean gutxienez, parte hartzeko gauza izango da. Instrukzioak eta azalpenak emateko, narrazioak eta kontaketak egiteko, iritziak eta argudioak emateko gai izango da, guzti hauek egokitasunez, zuzentasunez eta aberastasunez egingo dituelarik.

      Irakurmenean kultura orokorraren mailako prosa-testuak, saiakera arruntak, ipuinak, nobelak, erreportaje eta artikuluak, deskribapenak, iritzi-artikuluak, etab. ulertzeko gai izango da. Irakurketa helburuaren arabera informazio orokorra eta xehea aurkituko du eta gaiaren konplexutasunak nahiz irakurgaiaren egituraketak sor ditzaketen arazoak irakur-estrategiaz baliatuz gaindituko ditu, irakur helburua lortuz.

      Idazmenean kultura orokorraren mailako gaiei buruz idatziz gutunak, artikulu errazak, ipuinak, azalpenak eta antzekoak egiteko gai izango da, hauek egokitasunez, zuzentasunez eta aberastasunez egingo dituelarik.

      4. MAILA.

      Laugarren maila burutzerakoan ikaslea gai izango da kultura maila goreneko eta norbere espezialitateko gaien inguruan elkarrizketa mantentzeko eta iritziak eta azalpenak emateko. Halaber, testu espezialduak bere osotasunean jasoko ditu eta hizkuntza formalean nahiz informalean egoerari egokituz eta arrakasta lortzeko moduan, era guztietako testuak zuzen, zehatz eta jator idazteko gai izango da. Euskalkietako berbaldiak eta idatzizko testuak ere ulertzeko gai izango da.

      Entzumenean hizkuntza estandarrean edozein diskurtso (kultura-maila zabalekoak, norbere interesekoak edo espezialitatekoak) bere osotasunean ulertzeko gai izango da. Euskalkietako berbaldia ere ez zaio arrotza egingo eta mezua bere funtsean jasoko du.

      Mintzamenean kultura-maila goreneko eta norbere espezialitateko gaien inguruan elkarrizketa mantentzeko, iritziak emateko, edota beharbada, jendaurrean azalpena egiteko gai izango da.

      Irakurmenean batuan zein euskalkitan idatziriko kultura-maila goreneko testuek eta testu espezialduek emandako informazioa jasotzeko gai izango da.

      Idazmenean kultura-maila orokorreko nahiz goragoko gai sozial ala espezialduez gain, hizkuntza formalean nahiz informalean egoerari egokituz eta arrakasta lortzeko moduan, hainbat motatako testuak zuzen, zehatz eta jator idazteko gai izango da.

      1.– 1. MAILARAKO EDUKIAK.

      1.– TESTUAK.

  • Maila honetan honako testuak landuko dira:

    Narraziozkoak: albistea, kontakizun laburrak, ipuinak, komikiak, kronikak, (tele)filmeak...

    Egitura linealeko testuak izango dira eta gertaeren sekuentzializazioa denboraren eta espazioaren araberakoa: sarrera, hasierako korapiloa, ekintza, konponbidea, amaiera. Esaldi-mailako egitura soiletik parrafo-mailako egituretara abiatuko dira ikasleak zenbait lotura-forma erabiliz, eta komunztaduraren oinarrizko arauak jarraituz.

  • Instrukziozkoak: oharrak, argibideak (tresna, ekintza...), errezetak, eguraldi iragarpenak...

    Sekuentzia lineala izango dute gehienbat, denboraren arabera taxutua; arau edo aginduak, berriz, zuzenak eta laburrak.

  • Deskribapenezkoak: Gertakizun baten deskribapena, turismo-gidak, programak (festak), iragarkiak, inprimakiak...

    Objektu, leku eta pertsonen deskribapen fisikoa: gai nagusia, azpigaiak eta horiei dagozkien kualitateak gehienbat adjektibaziora mugatuak, xehetasunetara gehiegi jo gabe deskribapenaren dimentsio guztiak kontuan hartuz: goitik beherakoa, zeharkakoa, hirugarren dimentsioa (hondoa).

  • Elkarrizketazkoak/bakarrizketazkoak: galde-erantzunak, familia/lagunarteko solasak, telefonozko elkarrizketak, bapateko kontaketak, berrien kontaketak, (tele)filmeen laburpenak.

    Interakziozko testuen ezaugarriak: prestaera (gonbitea...), sarrera/agurra, gaian sartzeko solaskidea erakarri, gunea/gaia azaldu eta gidatu, amaiera/ebaluaketa, azken agurra.

    Transakzionalak: jarraipen lineala, sekuentzia kronologikoa/espazialen araberakoa.

    2.– BALIABIDE TESTUALAK.

    Oro har, koherentzia eta kohesioa dira testuen ezaugarri nagusiak; eta horiek bideratzeko erabiliko diren baliabideak, berriz, honako hauek, besteak beste.

  • Deiktikoak: pertsonalak, espazialak, denborazkoak, testualak...

  • Errepikapenezkoak: anafora, katafora, sinonimia, antonimia, hiperonimia, hiponimia, elipsia...

  • Loturazkoak.

    Lokailuak: emendiozkoak, hautakariak, aurkaritzakoak, ondoriozkoak, kausazkoak.

    Testu-antolatzaileak: aldi-antolatzaileak, denbora adierazleak, ordena adierazleak, kausa/ondoriozkoak, kontrajartzekoak, kausalitatea adieraztekoak, adibideak ematekoak, informazioa gehitzekoak, arrazoiak gehitzekoak, konklusiorako...

  • Hitzen ordenari dagozkionak.

    Aurrerabide tematikoa (mintzagaia eta iruzkina): lineala, jarraia, eratorria.

    Informazio zahar eta berriaren antolamendua.

    Egitura proposizionalak eta beroriek antolatzeko ordena (denborazkoak, espazialak, kausa-ondorioa, baldintza-emaitza, etab.).

    3.– KONTESTUA.

    Ahozko testuetan kontestuari dagozkion honako alderdi hauek izango dira kontuan.

  • Komunikazioaren xedea: informazioa jaso, eskatu, eman; zalantzaren bat argitu; zerbait gogorarazi; iritzia azaldu; bestea oker dagoela adierazi; doluminak eman; nahiak eta beharrak azaldu; nork bere burua aurkeztu lagunen aurrean; narrazio laburrak ulertu, kontatu...

  • Komunikazioaren partaideen arteko harremana paretsukoa izango da.

  • Komunikazio-era.

    Interakziozkoetan: ikaslea partaidea izanik, honen ezagutza-mailara egokituz (abiadura, entzuteko baldintza egokiak, zaratarik ez...).

    Transakzionaletan: txanda laburreko elkarrizketak, nahiz deskribapen eta narrazio laburrak.

  • Komunikazio-kanala bai zuzenean (aurrez-aurre), bai bitartekoak medio (telefonoa, irrati-telebista...).

  • Komunikazio-egoerak ahalik eta benetakoenak izango dira.

  • Gaia: ezaguna, ikaslearen mundu-ezagutzatik hurbilekoa, ondoren esango dena aurreikusteko modukoa.

  • Hizkera: doinuera eta ahoskera euskara estandarretik hurbil izanik ere, herri-hizkuntza baztertu gabe.

    Idatzizko testuetan kontestuari dagozkion honako alderdi hauek izango dira kontuan.

  • Komunikazioaren xedea: informazioa jaso, zabaldu, eman; zalantzak argitu; kontsultak egin; iritzia jaso, eman; zorionak eman...

  • Igorle-hartzaile harremana ikasleen ingurutik ahalik eta hurbilena izango da.

  • Komunikazio-kanala: eskuz bat-batean idatziak, egunkaria, postalak, inprimakiak, foiletoak, liburuak, menuak, mapak, planoak, eskutitzak, ordenagailua...

  • Erabilera esparrua: eguneroko harremanetakoa; familiartekoa; akademikoa; pertsonala; aisialdikoa...

  • Gaia: ezaguna, ikaslearen mundu-ezagutzatik hurbilekoa, ondoren esango dena aurreikusteko modukoa.

    4.– ADIERAZPIDE LINGUISTIKOAK.

    Alderdi fonologiko eta ortografikoa.

    Euskal fonema bereziak: tz, tx, ts, z, x, s, il >[ll], in >[–], -k...

  • Asimilazioak eta elipsiak: ez dira [eztia]; badator [baator]; ez ba [ezpa]; ekarri ditu [ekarrittu]...

  • Doinuera: euskal azentua eta intonazioa.

    Alderdi morfosintaktikoa.

    IZEN-SINTAGMA.

    Deklinabidea: kasu guztiak.

    Izenak

  • izen propioak / izen arruntak.

  • bizigabeak / bizidunak.

    Galdetzaileak.

  • nola, nolakoa.

  • nor (nork, nori, noren, norekin, norengan...).

  • zer (zerk, zertaz, zergatik, zertan, zeri buruz, zer ordutan, zertarako, zer ordutatik zer ordutara...).

  • non (nongoa, nora, nondik...).

  • noiz (noizko, noiztik, noiz arte...).

  • zein (zeinek, zeini...).

  • zenbat (zenbatek, zenbat ordutan...).

  • zeren aldeko, zeren kontrako, zeri buruzko, zein egunetako...

    Izenordainak.

  • Pertsona-izenordainak: ni, zu, gu, zuek (nik, niri, nire...)

  • Izenordain mugagabeak: edozein (edozeinek...), inor ez, ezer ez, norbait, zerbait.

    Determinatzaileak.

  • erakusleak (hau, hori, hura; honek, horrek, hark...).

    Zenbatzaileak:

  • zenbatzaile zehaztuak: kardinalak.

  • zenbatzaileak eta neurriak (bi urteko umea; litro bat esne; baso bat ur eta ur baso bat; orduak; data; telefono-zenbakiak).

  • ordinalak: -garren.

  • banatzaileak: zenbatzaile zehaztugabeak: batzuk, asko, gutxi, nahiko, aski, oso, erdi, guzti, hainbeste, apur bat, piska bat, makina bat, ugari.

    Adjektiboak.

  • gradu-markak: -ago, -egi, -en, ahalik eta ...-en, gero eta ...-ago, zenbat eta ...-ago, orduan eta ...-ago, askoz ...-ago.

  • graduatzaileak: atzizki graduatzaileak: -txo (txikigarria), -tzar (handigarria).

    Adberbioak.

  • Leku-adberbioak: hemen, hor, han (hemengo ...; honela...).

  • Aditzaren graduatzaileak: erabat, zeharo, batere, guztiz, izugarri, ikaragarri...

  • Iritzi-adberbioak: agian, beharbada, dudarik gabe, itxuraz, badaezpada, noski, jakina...

  • Modu-adberbioak: gaizki, txarto, ondo, poliki...

    Posposizioak.

  • Aurre, atze, azpi, gain, barru, pare, ondo, arte, alde, aurka, kontra, inguru, esker, menpe, orde.

    Hitz sortzaileak.

  • Atzizkiak: -tzaile, -le, -gile, -tar, -ari, -garri, -tegi, -dun, -gailu, -ti, -ka, -keria, -tasun, -garren, -men/pen, -tsu

  • Hitz-elkartuak: toki, aldi, gabe, gura, zain.

    ADITZA.

    Indikatiboko orainaldia.

  • NOR: Izan, Egon, Joan, Ibili, Etorri,

  • NOR-NORK: Ukan, Eduki, Jakin, Eraman, Ekarri, Esan (diot...), Iruditu.

    – NOR-NORI.

    – ZER-NORI-NORK.

    Indikatiboko lehenaldia

  • NOR: Izan, Egon, Joan, Ibili.

  • NOR-NORK: Ukan (nuen...), Eduki, Jakin.

    – NOR-NORI.

    – ZER-NORI-NORK.

    Indikatiboko baldintzazkoak.

  • NOR: Izan, Egon (balego, legoke).

  • NOR-NORK: Ukan, Jakin (baneki).

    Aditz-lokuzioak.

  • NOR: Bizi izan, Ari izan.

  • NOR-NORK: Nahi izan, Balio izan, Behar izan, Ahal/Ezin izan.

    Aspektua (orainaldia, lehenaldia).

  • NOR/NOR-NORK: ez-burutu puntukaria, burutua, ez-burutua, gertakizuna.

    Aditz-lokuzioen aspektua.

    Agintera.

  • NOR: Izan (zaitez, zaitezte), Joan (zoaz), Etorri (zatoz).

  • NOR-NORK: Ukan (ezazu, itzazu, ezazue, itzazue).

  • ZER-NORI-NORK [iezadazu(e), iezaiozu(e)].

    Ahalezko orainaldia.

  • NOR: Izan.

  • NOR-NORK: Ukan.

    Forma inpertsonalak.

    SINTAXIA.

  • Galdegaia aditzaren baietza eta ezetza denean.

    PERPAUSA.

    Perpaus bakuna.

  • Baiezkoak. Galdegaia baiezko perpausetan.

  • Ezezkoak. Galdegaia ezezko perpausetan.

  • Galdezkoak. Galdegaia galdezko perpausetan.

  • Harridura perpausak: bai... -(e)la!, zein... -(e)n!, a zer-nolako... -(e)n!.

  • Aginte perpausak.

    Perpaus elkartua.

    Juntadura.

  • Emendiozkoak: eta.

  • Hautakariak: ala, edo.

  • Aurkaritzakoak: baina, baizik.

  • Banatzaileak: bai...bai, ez...ez, (alde); batetik...bestetik.

    Menperakuntza edo txertakuntza.

    Izen-funtziozko menderakuntza.

  • Konpletiboak: -(e)la, -(e)nik, -t(z)ea, -t(z)eak, -t(z)eko

  • Zehar galdera: -(e)n.

    Izenlagun-funtziozko menderakuntza.

  • Erlatibozkoak: -(e)n (erreferenteduna, erreferente gabea, erreferentedun deklinatua, erreferente gabea deklinatua).

    Aditzlagun-funtziozko menderakuntza.

  • Denborazkoak: -(e)nean, eta gero, ondoren, baino lehen, aurretik, -t(z)ean, arte, bezain laster, bitartean, -(e)n bitartean,-(e)n bakoitzean, -(e)n guztietan, -(e)n gehienetan.

  • Moduzkoak: -(e)n moduan, -(e)n bezala, -(e)z, -t(z)en, -ta/-(r)ik.

  • Konparaziozkoak: baino...-ago, baino gutxiago / gehiago, bezala / bezalako, bezain, beste.

  • Helburuzkoak: -t(z)era, -t(z)eko.

  • Kausazkoak: -(e)lako, ...eta, bait-...

  • Baldintzazkoak: (baldin) ba-.

  • Kontzesiboak: nahiz eta.

    Lokailuak.

  • Emendiozkoak: ere (baita ere, ezta ere).

  • Hautakariak: bestela.

  • Aurkaritzakoak: ordea, hala ere, dena dela.

  • Ondoriozkoak: bada, beraz, orduan.

    5.– ADIERAZPIDE TESTUALAK.

    Ahozko testuetan hain bat eragiketa komunikatibo burutzeko beharrezko diren adierazpide testualak landuko dira:

  • Erantzun laburrak.

  • Kooperazioa onartu ala ukatzeko.

  • Esandakoarekiko adostasuna azaltzeko.

  • Ezadostasuna azaltzeko.

  • Zalantza adierazteko zerbaiti buruz.

  • Iritzia azaltzeko.

  • Betelana egiteko formulak.

    Baita elkarrekintzen egiturari dagozkionak ere: gonbitea egiteko, agurtzeko, gaian sartzeko, gaia gidatzeko, amaitzeko, azken agurra emateko...

    Idatzizko testuen egitura propioari dagozkion adierazpideak izango dira langai.

    INSTRUKZIOZKOAK: agintera, geroaldia, aginte-perpausak, denborazko adierazleak...

    NARRAZIOZKOAK.

  • Gertaeren egilea; NORI zuzendua; NON, NOIZ gertatua; NOLA gertatua... Orain eta lehenaldiko gertaerak (burutuak, ez-burutuak eta ez-burutu puntukariak).

  • Narrazioaren adierazleak: sarrera, erritmo aldatzaileak, aldi-antolatzaileak.

  • Norbaiten esanak, usteak, galderak, gogoak... adierazteko zeharbideak.

    DESKRIBAPENEZKOAK

  • Adjektiboak: kualifikatiboak, atzizki adjektibatzaileak.

  • Konparaketa: graduazioa.

  • Aditza: orain eta lehenaldia; ez-burutu puntukaria, ez-burutua, burutua.

  • Dimentsio-adierazleak: zeharkakoak, goitik beherakoak eta espaziala.

  • Objektuen xede eta izariaren adierazle deskriptiboak.

    6.– AZPITREBETASUNAK

    Gaitasun komunikatiboa lortzeko, oinarrizko lau trebetasunetan hainbat eragiketa psikolinguistiko burutu behar dira, eta horien trebezia lortu behar da. Hona hemen trebetasunez trebetasun funtsezko eragiketak edo azpitrebetasunak.

    ENTZUMENA

  • Berbaldian fonema, hitz eta esaldi esanguratsuak bereizi.

  • Berbaldiaren mezua norberaren aurretiko ezagutzarekin lotu.

  • Kanale diferenteetan emandako solasaldiak ulertu (aurrez aurre, irratiz, telebistaz...).

  • Ahozko testu baten esanahi globala ulertu.

  • Gai baten inguruan entzundako informazio berezia atera.

  • Testuinguruan erreferentzia hartuz hiztunen iritzi, asmo, umore-punttu, ironia, etab. Interpretatu.

  • Testuko ideia nagusiei antzeman.

    MINTZAMENA

    Prozesuari dagozkion honako eragiketa psikolinguistikoak kontuan izan eta landuko dira:

  • Planifikatu: mintzaldia prestatzeko egoera analisatu; mintzaldia prestatzeko idatzizko euskarriak erabili (batez ere bakarrizketetarako: gidoiak, oharrak,...); elkarrizketa aurreikusi eta prestatu (unea, tonua, estiloa...); gaia aurreikusi eta prestatu (informazioa, egitura, hizkuntza, etab.).

  • Diskurtsoa gidatu: mintzagaia aukeratu, aurkeztu, garatu, bukatu, aldatu... Interakzioa gidatu (parte hartu, txanda hartu edo eman, elkarrizketaren xedeak ezagutu eta negoziatu, bai norberak, bai besteak ulertu duela ziurtatu).

  • Esanahia negoziatu: maila egokia aukeratu, ulermena ziurtatu, itzulinguruz baliatu, errepikapenak atze-aurreak eta autozuzenketak egin.

  • Testua ekoiztu: komunikazioa erraztu; esanahia konpentsatu; norberaren hizkuntzara jo.

    IRAKURMENA

  • Irakur-estrategiak irakur xedeari egokitu.

  • Irakurtzeko abiadura xedearen arabera antolatu.

  • Testuaren itxura gainbegiratu letra-mota, formatoa eta banaketa aztertuz.

  • Irakurri aurreko predikzioak egin eta hipotesiak egiaztatu.

  • Testuko informazioa jaso, elementu ikonikoez baliatuz .(marrazkiak, irudiak, grafikoak).

  • Testuaren makroegitura antzeman.

  • Testua gainirakurri, inpresio orokorra eta ideia nagusia jasotzeko.

  • Lehenbizi gaia orokorrean ulertu eta gero xehetasunetara jo.

  • Helburu jakin baterako informazio errelebantea aurkitu.

  • Testuaren edukia norberaren aurretiko ezagutzarekin lotu.

  • Irakurritakoaz baliatu falta den informazioa inferitzeko.

  • Esaldi edo diskurtso mailako kontestuaz baliatu hitz ezezagunen esanahia asmatzeko.

  • Testuaren informazio xehea jaso.

  • Hitz berri batek beste ezagun batekin duen lotura atzeman (atezain - ate).

  • Testuinguru zehatz batean hitz baten adiera egokia aukeratzen jakin hiztegia erabiliz.

  • Hitz batek har ditzakeen formen arteko lotura antzeman (deklinabidea, eratorpena, konposaketa...).

  • Irakurritako testuaren funtzioa aurkitu (informatu, argudiatu, agindu, leziatu...).

    IDAZMENA

    Prozesuari dagozkion honako eragiketa psikolinguistikoak kontuan izan eta landuko dira.

  • Plangintza: helburuak zehaztu; ideiak bildu; eratu.

  • Testua gauzatzea.

  • Berrikusketa eta ebaluazioa.

    7.– KOMUNIKAZIO-ESTRATEGIAK.

    Tradizionalki edukitzat hartu ez badira ere, badira komunikazioa bermatzeko edota ezinak gainditzeko martxan jartzen diren eragiketak; komunikazio-estrategiak, hain zuzen ere. Hona hemen futsezko batzuk:

  • Zerbait saihesteko edo murrizteko estrategiak: saihestea, ordezkatzea, konpontzea, bertan behera uztea.

  • Zerbait lortzeko edo konpentsatzeko estrategiak: itzulinguruak, hurbilketak, keinuak, itzulpenak.

  • Zerbait atzeratzeko edo denbora irabazteko estrategiak: betegarriak, errepikapenak.

  • Automonitoretzeko estrategiak: Norberak esandakoa konpontzea edo bestela adieraztea.

  • Interakzio-estrategiak: laguntza eskeak.

  • Esangura negoziatzeko estrategiak: ez ulertzearen adierazpenak eta ulertutakoaren laburpena.

    8.– IKAS-ESTRATEGIAK.

    Ikasten ari denak informazioa eskuratu, jaso, berreskuratu eta erabiltzeko baliatzen dituen prozedura eta eragiketak dira ikas-estrategiak. Eta beharrezkoa da ikas-prozesua arrakastatsua izan dadin estrategia horiek aktibatzea. Batzuk zeharkakoak dira hizkuntz elementuekin lotura zuzena ez dutenak, baina ikas-prozesua gidatu eta bultzatzen dutenak. Besteak, aldiz, zuzenak dira, xede-hizkuntzarekin lotura zuzena dutenak.

    ZEHARKAKOAK

    Estrategia metakognitiboak: Ikas-prozesuaren nolakoa ulertu, nork bere ikasteko ezaugarriak ezagutu, ikaskuntza planifikatzen jakin, ikas-prozesuaz arduratu, jarrera aktiboa izan, eskolaz kanpoko baliabideak erabiltzen jakin, autoebaluatu.

    Estrategia afektiboak: norberaren gaitasun eta jarrera baikorretan konfiantza suspertu, hutsegiteekiko beldurra uxatuz, zentzu irrigarria gaindituz eta izpiritu kritikoa garatuz.

    Estrategia sozialak: interesa eta lankidetza bultzatu eta garatu.

    ZUZENAK.

    Estrategia kognitiboak.

  • Informazio berriaren eta lehendik gordetakoaren arteko loturak sortu.

  • Gertaerak behatu eta hipotesiak eratu.

  • Hipotesiak egiaztatu.

  • Arrazoibide deduktiboak garatu.

  • Ulerkuntza induktiboa eta globala lortu.

  • Behatutako arauak orokortu.

  • Euskararen berezitasunak norberaren hizkuntzarenekin erkatu

  • Norberaren oharrak jaso.

  • Laburbildumak egin.

  • Nork bere gramatika propioa eratu eta gero arian-arian berrikusi, aldatu eta zabaldu.

  • Transferitzeko gai izan.

    Gogoan hartzeko teknikak.

  • Buruan elkarketak sortu testutan, esalditan, talde semantikotan, errimatan...

  • Ikusi eta entzuten denarekin elkarketak egin.

  • Hainbat teknikaz baliatu: birpasak maiz egin, zerrendak eta sailkapenak...

    Ahoskera eta intonaziorako teknikak.

  • Berezko hiztunak imitatu berariaz.

  • Testu interesgarriak gogoan hartu (abestiak, poemak, esaldi zailak...) eta maiz errepikatu.

  • Ahopeka testu horiek abestu, erritmoa eta doinua ikasteko.

    2.– 2. MAILARAKO EDUKIAK.

    1.– TESTUAK.

    Maila honetan honako testuak landuko dira:

  • Narraziozkoak: albistea, kontakizun laburrak, ipuinak, komikiak, (tele)filmeak, norberaren biografia, txiteak, pasadizo barregarriak.

    Egitura linealeko nahiz nahasiko testuak izango dira, sarrera, hasierako korapiloa, ekintza, konponbidea eta amaiera dutenak. Gertaeren sekuentzializazioa denboraren eta espazioaren arabera.

  • Instrukziozkoak: oharrak, argibideak (tresna, ekintza...) errezetak eguraldi iragarpenak, joko-arauak, araudiak (barne-araudiak...) iragarkiak.

    Sekuentzia lineala denboraren arabera taxutua (idazmenean eredu bati jarraituz). Arau edo agindu zuzenak eta laburrak. Informazioa eta argudioa duten instrukzioak.

  • Deskribapenezkoak: gertakizun baten deskribapena, turismo-gidak, programak (festa), iragarkiak, argazki oina, inprimakiak, telegramak, txartelak, lan-hitzarmena, tresnak erabiltzeko argibideak.

    Oinarrizko egitura: identifikazioa (edo titulua), definizioa eta hedapena (azalpena).

    Objektu, leku eta pertsonen deskribapen fisikoa, azpigaien kualitateak azpimarratuz eta xehetasunak zehaztuz dimentsio guztietan: goitik beherakoa, zeharkakoa, hirugarren dimentsioa (hondoa).

    Prozesuen deskribapena: nola egiten den, nola funtzionatzen duen, nola erabiltzen den...

  • Elkarrizketazkoak/bakarrizketazkoak: galde-erantzunak, familia/lagunarteko solasak, telefonozko elkarrizketak, bapateko kontaketak, berrien kontaketak, (tele)filmeen laburpenak, galdeketak, eztabaidak, irrati-telebistako iragarkietako elkarrizketak, hitzaldiak.

    Oinarrizko egitura: prestaera (gonbitea...), sarrera/agurra, gaian sartzeko solaskidea erakarri, gunea/gaia azaldu eta gidatu, amaiera/ebaluaketa, azken agurra. Elkarreragina erantzun labur zein zabalen bidez egingo da. Testu transakzionaletan, berriz, oinarrizko egiturari lotuko zaio.

  • Azalpenezkoak: eskaerak (baimen-eskaerak...), egunkariko erreportajeak (ez teknikoak), egunkariko artikuluak (ez teknikoak), entziklopedietako azalpenak, laneko txostenak, aktak, lan-egitasmoak, hitzaldiak, azalpen didaktikoak.

    Oinarrizko egitura (sarrera, garapena eta ondorioa) duten azalpen laburrak izango dira, eredu bati jarraituriko aktaren idazketa edo eskaera (administrazio esparruan).

  • Erretorikoak, poetikoak: kantak, bertsoak, aho-korapiloak, asmakizunak, esaera zaharrak.

    2.– BALIABIDE TESTUALAK.

    Lehenengo mailan daude adierazita eta horiek dira landuko direnak. Halere, bigarren maila honi dagozkion testu eta kontestuari egokituko zaizkie.

    Entzutezko testuetan landuko dira, bestalde, narrazioaren adierazleak: sarrera burutzekoak, erritmo-aldatzaileak (halako batean...). Aldi-antolatzaileak, denborazkoak eta lokailuak. Baita deskribapena adierazteko dimentsio-adierazleak ere (goitik beherakoak zeharkakoak eta hondokoak) eta prozesuak eta egoerak deskribatzeko adierazleak.

    Azalpenezko testuetan, aldiz, sarrera (zergatia eta helburuak) garapena (emendiozko, aurkaritzako, ondoriozko, kausazko... lokailuak).

    3.– KONTESTUA.

    Ahozko testuetan kontestuari dagozkion honako alderdi hauek izango dira kontuan.

  • Komunikazioaren xedea: informazioa jaso, eman; hipotesiak baieztatu/ezeztatu; jakin-mina asetu; zalantzak argitu; aholkuak eman; ukatu baieztatu; amore eman...

  • Komunikazioaren partaideen arteko harremana ez da maila berdinekoetara mugatuko.

  • Komunikazio-era.

    Interakziozkoak: jatorrizko hiztunaren benetako jardunean partaide izanik erantzun motz nahiz zabalak emateko gai izango da.

    Transakzionalak: txanda laburreko elkarrizketak, azalpen laburrak, deskribapenak eta narrazioak.

  • Komunikazio-kanala: zuzenean, aurrez aurre, nahiz bitartekoak medio (telefonoa, irrati-telebista, megafonia...).

  • Gaia: ezaguna nahiz ezezaguna, baina ikaslearen mundu-ezagutzatik eta interesetik hurbilekoa.

  • Hizkera: doinuera eta ahoskera euskara estandarretik hurbil izanik ere, herri-hizkuntza baztertu gabe.

  • Erabilera-esparrua: eguneroko harremanetakoa, akademikoa, lanekoa, periodistikoa...

    Idatzizko testuetan kontestuari dagozkion honako alderdi hauek izango dira kontuan.

  • Komunikazioaren xedea: informazioa jaso/eman, zalantzak argitu, kontsultak egin, hipotesiak baieztatu/ezeztatu, gomendioak eskaini, zoriondu, baimena eskatu...

  • Igorle-hartzaile harremana: gizartean ematen diren benetako edozein egoeratakoa.

  • Komunikazio-kanala: eskuz bat batean idatziak, egunkaria, inprimakiak, foiletoak, liburuak, menuak, mapak, txostenak, aldizkariak, eskutitzak...

  • Erabilera esparrua: eguneroko harremanetakoa, akademikoa, lanekoa, periodistikoa...

  • Gaia: ezaguna nahiz ezezaguna, baina ikaslearen mundu-ezagutzatik eta interesetik hurbilekoa.

    4.– ADIERAZPIDE LINGUISTIKOAK.

    (1. mailakoez gain).

    Alderdi morfosintaktikoa.

    IZEN-SINTAGMA.

    Deklinabidea: prolatiboa.

    Izenak: plural hurbila –ok; X eta biok.

    Galdetzaileak: norainoko, norenganako, zenbateko...

    Izenordainak.

  • Pertsona izenordainak: forma indartuak: neu, zeu, geu, zeuek...

  • Izenordain mugagabeak: edonor, edozer, norbera, nor bere, nor edo nor, zer edo zer.

    Determinatzaileak.

  • erakusle indartuak: hauxe, horixe, huraxe... / "ber", bera-ren erabilera.

  • banatzaileak: -na, -naka, -ko.

    Adjektiboak: -ko, izenlagunak sortzeko baliabidea.

    Adberbioak.

  • Leku-adberbioak: hementxe, hortxe, hantxe, bertan (hementxe bertan, bihar bertan).

    Hitz-sortzaileak.

  • Atzizkiak: -ki, -kada, -te, -kor, -keta, -kuntza, -ezin, -gaitz, -erraz.

  • Aurrizkiak: des-, ber (bir)-

  • Hitz-elkartuak: zain, kide, aro.

    ADITZA.

  • Indikatiboko lehenaldia. NOR: Etorri; NOR-NORK: Ekarri, Eraman, Esan.

  • Indikatiboko baldintzazkoak. NOR-NORI; ZER-NORI-NORK.

  • Agintera: ZER-NORI-NORK; NOR-NORK: [nazazu(e), gaitzazu(e)]; dadila/dezala; daitezela/dezatela; gaitezen/dezagun.

  • Ahalezko orainaldia: ZER-NORI-NORK.

  • Aditz eragilea: erazi.

  • Aditz trinkoak: Eritzi, Egokitu.

    SINTAXIA.

  • galdegaia aditza bera denean.

  • galdegaia erakuslea eta adberbioa denean.

  • galdegaia izenordaina denean.

    PERPAUSA.

    Perpaus bakuna.

  • Omen, ote partikulak.

  • Desideratiboak.

    Perpaus elkartua.

    Juntadura.

  • Emendiozko esamoldeak: ez ezik.

  • Hautakariak: zein, nahiz.

  • Banatzaileak: bata... bestea, -(e)la ...-(e)la.

    Menperakuntza edo txertakuntza.

  • Denborazkoak: -(e)netik, orduko.

  • Moduzkoak: -(e)n neurrian, -(e)nez, -(e)n aldetik.

  • Helburuzkoak: -t(z)earren.

  • Kausazkoak: -t(z)eagatik, zeren (eta)... bait/- (e)n, -(e)la eta, -(e)la medio.

  • Kontzesiboak: ba- ere, -arren, -ta ere.

    5.– ADIERAZPIDE TESTUALAK.

    Ahozko testuetan, 1. mailari dagozkien adierazpideak landuko dira baina testu osoagoetan eta hizkera jasoagoan. Adierazpide horiez gain honako hauek landuko dira: aholkuak eskatzekoak, gomendatzekoak, gaitzespena adieraztekoak, ukatzekoak...

    Idatzizkoetan instrukzio, narrazio eta deskribapenezko testuei dagozkienak 1. mailako berberak landuko dira, baina testu osoagoetan eta hizkuntza jasoagoan. Azalpenezko testuetan, aldiz, sarrera (zergatia eta helburuak), garapena (emendiozko, aurkaritzako, ondoriozko, kausazko... lokailuak eta ondorioari dagozkion adierazpideak.

    6.– AZPITREBETASUNAK ETA ESTRATEGIAK.

    Lehenengo mailan daude adierazita 1.6; 1.7 eta 1.8 artikuluetan, funtsean, maila guztietan, azpitrebetasun eta estrategia berak landuko baitira, nahiz eta hizkuntzaren eskurapenean aurrera egiten den neurrian batzuen edo besteen lanketa sakonago eskatu.

    3.– 3. MAILARAKO EDUKIAK.

    1.– TESTUAK.

    Maila honetan honako testuak landuko dira:

  • Narraziozkoak: Egunkari eta aldizkarietako albiste, kronika eta erreportajeak, kontakizunak (pasadizoak, txisteak...), ipuinak, komikiak, (tele)filmeak, biografia/autobiografia, eleberria.

  • Instrukziozkoak: Argibideak (tresna, ekintza...) araudiak (barne-araudiak, kultur elkarteak, legeak, hitzarmenak) iragarkiak, errezetak.

  • Deskribapenezkoak:Katalogoak, gidak, programak, administrazioko idazkiak (ziurtagiriak, testamentua, inprimakiak...).

  • Elkarrizketazkoak/bakarrizketazkoak: Elkarrizketa informal eta formalak, eztabaidak, debateak, mahaingurua, kontakizunak, berriak, kronikak, irrati-telebistako programak, hitzaldiak eta mitinak.

    Bapatekotasunera mugatzen ez diren testuetan, aurre-prestaketa eta eraketa landuko da.

  • Azalpenezkoak: Administrazioko idazkiak (erreklamazioak, eskaintzak, eskariak, errekurtsoak...), egunkarietako dibulgaziozko erreportaje eta artikuluak, entziklopedietako azalpenak, laneko txostenak, aktak, lan-egitasmoak.

  • Argudiozkoak: Administrazioko idazkiak (erreklamazioak, eskaintzak, eskariak, errekurtsoak...), iritzi-artikuluak, eztabaidak, debateak, kritika (liburu-, zine-kritika, editoriala, publizitatea.

    Oinarrizko egitura: hasierako tesia, argudioaren gorputza eta ondorioa.

    Argudio-motak:

  • Frogatzailea: Egitura sendoa duena eta progresio logikoaren arabera antolatzen dena. Tesia garbi uzten duten estrategiak erabiltzen dira eta baita antolatzaile ugari ere.

  • Azaltzailea: Informazioa ugari darabil eta interesgarriagoa da. Estrategia askoz neutroagoa eta azalpenezko testuetatik hurbil dagoena.

  • Dialogikoa: Argudioa aurrez-aurreko elkarrizketa bizian egiten da. Bertan ukapenak, ironiak, amore emateak... dira garrantzitsuak.

    Argudiaketa-estrategiak: argudio logikoa, autoritate-argudioa, talde-argudioa, adibide-argudioa, analogia-argudioa.

  • Erretorikoak, poetikoak: kantak, bertsoak, asmakizunak, esaera zaharrak, alegia, fabula, parabola, poema.

    2.– BALIABIDE TESTUALAK.

    Aurreko mailetan daude emanak, testuen koherentzia eta kohesioari dagozkien baliabideak, beti ere maila aurrera joan ahalean horien lanketa sakontzen joango delarik.

    3.– KONTESTUA.

    Ahozko testuetan kontestuari dagozkion honako alderdi hauek izango dira kontuan.

  • Komunikazioaren xedea (aurreko mailetan adierazitakoez gain): gertakarien informazioa eman eta eskatu; adimenezko jarrerak/egoerak adierazi eta egiaztatu; hunkipenezko jarrerak/egoerak adierazi eta egiaztatu; jarrera moralak adierazi eta egiaztatu; zerbait eginarazi; gizarteko harremanetarako kunplimenduak baliatu.

  • Komunikazioaren partaideen arteko harremana ez da maila berdinekoetara mugatuko.

  • Komunikazio-era.

    Interakziozkoak: jatorrizko hiztunaren benetako jardunean partaide izanik, elkarreragina adierazpide motz nahiz zabalen bidez.

    Transakzionalak: txanda luze zein laburreko elkarrizketak, azalpen laburrak, deskribapenak, narrazioak eta argudioak.

  • Komunikazio-kanala: edozein izanda ere, ez du komunikazioa eragotziko.

  • Gaia: ezaguna nahiz ez ezaguna, kultura orokorraren mailaren eremukoa.

  • Hizkera: doinuera eta ahoskera euskara estandarrean nahiz herri-hizkuntzan.

  • Erabilera esparrua: eguneroko harremanetakoa; akademikoa; lanekoa; periodistikoa; literarioa...

    Idatzizkoetan kontestuari dagozkion honako alderdi hauek izango dira kontuan.

  • Komunikazio-xedea: informazioa jaso, gehitu, frogatu, eman...; argibideak eskaini; bestea konbentzitzen saiatu; zerbait eginaraztera, jarrera aldaraztera bultzatu; hizkuntzarekin gozatu;...

  • Igorle-hartzaile harremana edozein mailatakoa izango da.

  • Komunikazio-kanala: eskuz bat batean idatziak, egunkaria, inprimakiak, foiletoak, liburuak, menuak, mapak, txostenak, aldizkariak, eskutitzak,...

  • Gaia: ezaguna nahiz ezezaguna, baina kultura orokorraren mailaren eremukoa.

  • Erabilera esparrua: eguneroko harremanetakoa; akademikoa; lanekoa; periodistikoa; literarioa...

    4.– ADIERAZPIDE LINGUISTIKOAK.

    (1. eta 2. mailakoez gain).

    Alderdi fonologikoa eta ortografikoa: ortografia, puntuazio-markak, maileguen idazkera, hitz elkartuak, laburtzapenak (siglak eta laburdurak).

    Alderdi morfosintaktikoa.

    IZEN-SINTAGMA.

    Deklinabidea.

  • Kasu bikoitzak: -rako, -ranzko, -rainoko, -tiko, -rekiko, -zko, -rentzako, -renganako, -rengandiko.

  • Birdeklinabidea: nongo / noren + deklinabidea, aditzlaguna + -ko.

    Izenak.

  • Izen eratorriak eta konposatuak.

  • Hitz elkartuak: izena + izena, izena + adjektiboa.

    Galdetzaileak: norekiko.

    Izenordainak.

  • Pertsona-izenordainak. Forma indartuak: neu, zeu, geu, zeuek...

  • Izenordain mugagabeak: nornahi, zeinahi, zernahi, nehor, deus, batere, norbera.

  • Bihurkariak: X-en burua; bere, berekin, beretzat.

  • Elkarkariak: elkar; elkarri; elkarrekin; elkarren ondoan, berri, zain; bata bestea (deklinaturik).

    Determinatzaileak.

  • zenbatzaile zehaztugabeak: franko, honenbeste, horrenbeste, hainbeste, hainbat, oro.

    Adjektiboak.

  • graduatzaileak: txit, izugarri, biziki, arras, guztiz, arrunt, franko, lar, sobera.

  • atzizki graduatzaileak: -xe, -ska; errepikapenak: gorri-gorria...

    Adberbioak.

  • Denbora-adberbioak: edonoiz, noiznahi, noizbait, inoiz...; agudo, antzina, aspaldi, atzo...; lehenik, lehen(da)bizi, lehengo batean...

  • Iritzi-adberbioak: ausaz, apika, menturaz, ageri denez, gure aburuz...

  • Modu-adberbioak: edonola, nolabait, inola...; honela, horrela, hala, honelaxe...; apurka, harrika, korrika...; alferrik, bakarrik, oinutsik; ados, blai, kili-kolo...; badaezpada, hala-nola, orobat, poliki-poliki...

    Posposizioak: aitzin, antz, at, barne, barren, bestalde, bide, bitarte, bizkar, buru, gaindi, goi, gibel, gisa, irian, kanpo, kasa, landa, lege, lepo, oste, parte, truk...

    Hitz-sortzaileak:

  • Atzizkiak: -koi, -kizun, -gai, -oro, -dura, -gintza, -bide, -gune, -go, -kera.

  • Aurrizkiak: aurre-, atze-, kontra-

    ADITZA.

  • Indikatiboko baldintzazkoa: NOR: ibili (balebil).

  • Indikatiboko baldintzazko lehenaldia: NOR; NOR-NORK; NOR-NORI; ZER-NORI-NORK.

  • Subjuntiboko orainaldia: NOR: Izan (nadin...); NOR-NORK: Ukan (dezadan...).

  • Ahalezko lehenaldia: NOR: Izan (nintekeen...); NOR-NORK: Ukan (nezakeen...).

  • Aditz eragilea: eragin.

  • Aditz trinkoak: dihardut...; datza...; dario...; dirau...; darabilt...

  • Pasiboa: Partizipioa + A.

  • Hikako tratamendua eta erregistro alokutiboa.

    SINTAXIA.

    Perpaus bakuna.

  • (ei), bide, partikulak.

  • Harridura perpausak: ...halakoa!, ...gero! eskerrak ...-(e)n.

    Perpaus elkartua.

    Juntadura.

    Juntagailuz egindako juntadura.

  • Emendiozko esamoldeak: ...ez ezen, ...ez eze, ez ezik, ...ere / ez ezik, baita... ere / ez ezik, ...ere bai / ez ezik / ez ezik ...ezta ere, ez bakarrik, ...ere.

  • Hautakariak: edota, ezpa.

  • Aurkaritzakoak: baino, ezpada.

    Alborakuntzaz egindako juntadura.

    (Adibideak: "nik arraina jan dut , zuk haragia" / "Ez duk etorri ez etorriko ere, hik aldegiten ez baduk").

    Menderakuntza edo txertakuntza.

    Izen-funtziozko menderakuntza.

  • Konpletiboak: ezen... -(e)la / -(e)n; -t(z)eari;.

  • Zehar galderak: -(e)nentz, -(e)n ala ez; -(e)nez.

    Izenlagun-funtziozko menderakuntza.

  • Erlatibozkoak: zein... bait- / -(e)n; non... bait- / -(e)n; -(r)iko -(e)neko; -t(z)eko; -t(z)erainoko; -t(z)earen.

    Aditzlagun-funtziozko menderakuntza.

  • Denborazkoak: -(e)larik, -(e)la, -(e)nerako, -(e)nez gero, -(e)n artean, harik eta... arte, -(e)ino, artean, ostean, aitzin, azkar / fite / agudo, eta fite, eta laster, eta berehala, eta agudo, -t(z)erakoan, -t(z)ear, t(z)eaz batera, -takoan, -(e)nerako, -(e)z geroztik.

  • Moduzkoak: -(e)n antzera , -(e)n gisan, -(a)ren arabera, -(e)n heinean, ba-... bezala, bait- ... -(e)n, -tako / -riko eran, -tako / riko moduan, barik /gabe, ahala.

  • Konparaziozkoak: adina / bezainbat / lain / bezainbeste / ahal(den)ik eta... -(e)n; ahal(den)ik eta gehien / gutxien; ahalbait-... -(e)n; zenbat eta... -ago; hainbat eta... -ago; zenbat eta gehiago / gutxiago.

  • Helburuzkoak: -(e)n + subjuntiboa; -t(z)eagatik, -t(z)ekotan.

  • Kausazkoak: -(e)la kausa / zio; -t(z)eagatik; -(e)nez gero; ezen... bait.

  • Baldintzazkoak: -(e)z gero; ezean; ezik; -t(z)ekotan.

  • Kontzesiboak: nahiz eta ...-(e)n; -(e)n arren; / -(r)ik ere; -agatik; -(e)z gero ere.

    Lokailuak.

  • Emendiozkoak: gainera, bestalde, halaber, orobat, bederen, behinik behin.

  • Hautakariak: bestela, osterantzean, gainerakoan, gainerantzean.

  • Aurkaritzakoak: ordea, ostera, aldiz, aitzitik, bien bitartean, artean, alabaina, dena den, haatik / hargatik, horratik / horregatik,

  • Ondoriozkoak: hortaz, honenbestez, horrenbestez, halatan, hala.

  • Kausazkoak: izan ere, hain zuzen ere, zeren, zergatik, alabaina, bada.

    5.– ADIERAZPIDE TESTUALAK.

    Elkarrizketetan ondorengo osagaiak azaltzeko erabiltzen diren adierazpideak landuko dira hizkuntz erregistro guztiak kontuan hartuz: gonbitea egiteko, agurtzeko, gaian sartzeko, gaia gidatzeko, amaitzeko, azken agurra emateko.

    Hauekin batera elkarrizketaren xedea betetzeko erabili beharreko adierazpideak: norbera eta besteak aurkezteko, zorionak emateko, ukatzeko, desadostasuna adierazteko, baimena eskatzeko, barkamena eskatzeko, eskerrak emateko, helbidea eskatzeko, iritzia emateko, aholkuak eskatu/emateko.

    Ondorengo testu-motei dagozkien adierazpideak ahozko nahiz idatzizko testuentzat dira baliagarri:

  • Instrukziozko testuak: Agintera eta derrigorrezko perifrasiak: behar izan, -(ar)en beharra. 2. pertsonaren erabilera. Zenbatzaileak: kardinalak eta ordinalak. Etorkizuna. Baldintzazko perpausak. Denborazko adberbio sintagmak. Aditzondoak. Egiteko aginduak. Ez egiteko aginduak.

  • Narraziozko testuak: Ekintza edota argumentua. Ikuspuntu narratiboa edo fokalizazioa. Lekua. Denbora. Pertsonaiak. Narrazioetako polifonia. Narrazioaren adierazleak: sarrera, erritmo-aldatzaileak, aldi-antolatzaileak.

  • Deskribapenezko testuak: Espazio kokapena adierazten duten antolatzaileak. Denborazko antolatzaileak.

  • Azalpenezko testuak: Indikatiboaren orainaldia eta geroaldia. Perpaus elkartuak: kausazkoak, moduzkoak, helburuzkoak, erlatibozkoak, nominalizazioak: Lexikoa doia eta abstraktua; baita hitz tekniko eta zientifikoak ere. Antolatzaileak (barne antolamenduaren arabera): Kausa/ondorio bezala; Deskribapenezko antolaketa; Kontrajartzekoak; Kausalitatea adieraztekoak; Adibideak ematekoak; Informazioa gehitzekoak; Antolaketa sekuentziala: ordena adierazleak; Antolaketa konparatiboa.

  • Argudiozko testuak: Esan, uste, iritzi, argudiatu, erantzun, errefusatu ... motako aditzak. Perpaus elkartuak: kausazkoak, kontzesiboak, kontsekutiboak, Aurkaritza juntadurako juntagailuak. Antolatzaileak: arrazoiak gehitzeko, arrazoiak kontrajartzeko, konklusiorako.

    6.– AZPITREBETASUNAK ETA ESTRATEGIAK.

    Lehenengo mailan daude adierazita 1.6, 1.7 eta 1.8 artikuluetan maila guztietan, oinarrian, estrategia berak landuko baitira, beti ere aurreko mailetan baino jariokortasun maila txukunago eta hizkuntzaren trebezia handiagoz erabilita.

    METODOLOGIA.

    Kurrikuluaren diseinuaren barruan ahaztezinezkoa da metodologia; izan ere, berau da ikaskuntzako bitartekorik nagusienetakoa. Metodologiaren alorrean murgildu orduko, berehala atzematen da aukera metodologikoen ugaritasuna. Ugaritasuna, bestalde, psikolinguistikaren egoera beraren ondorioa da. Hizkuntz irakaskuntzaren zientzia ez da iritsi metodologia onena zein den frogatzera. Ez dago metodo onenik. Gaur egun eklektizismoa aldarrikatzen da. Metodo guztiek dituzte beren alde onak eta ez hain onak. Kontua da zer nahi den eta zertarako nahi den garbi izatea; barne-koherentzia izan behar da; eklektizismoaren izenean ez baita zilegi edozer gauza onartzea. Koherentzia, azken batean printzipio zenbaiten ildoei jarraiki bermatzen da.

    Urteetan hizkuntza zen irakaskuntzaren planteamenduaren ardatza. Orain, ordea, ikaslea da ardatz nagusia. Ikastea prozesu aktiboa da. Ez da irakasleak aurkeztutakoaren edo erabilitako materialen emaitza. Ikasleak ez du irakasleek irakatsitakoa ezinbestean ikasten ezta irakatsitako ordenean eskuratzen ere. Gelatik kanpo ere ikasten du. Ikaslea, bada, bere ikas-prozesuaz jabetzen den heinean arrakastatsuago izango da bere ikas-prozesua, are bere ikas-estrategiak aktibatzen laguntzen bazaio.

    Honek guztiak gatazka sortzen du irakasleak aldez aurretik ezarritako betekizunak (programa) eta ikaslearen ikas-prozesuaren erritmoaren, ikasteko eraren eta komunikazio-beharren artean. Ezingo da, bete-betean behintzat, progresio lexikala eta gramatikala aldez aurretik ezarri. Oinarrizko baliabide linguistikoen jabe den ikaslea lexikoa eta egitura gramatikalak beharren arabera joango da lantzen, edota benetako dokumentuetan agertzen diren heinean.

    Irakaslearen zeregina ere aldatzen du Kurrikulu honen planteamenduak. Irakaslea aplikatzaile hutsa izan beharrean autonomo, sortzaile, edota gutxienez, aplikatzaile printzipioduna izango da. Unean uneko prozesuaren norabidearen aurrean erabakiak hartzeko gai izan behar du. Alde horretatik, planteamendu metodologikoak asko eskatzen dio irakasleari.

    Halere, irakasleak, intuizioz bederen, ezagutzen du ikasleek egin ohi duten bidea eta bere esperientzian oinarrituko da input ulergarria eskaintzeko. Ikasleak, horrela, garapen-sekuentzia natural bati esker eskuratuko du hizkuntza. Garapen-sekuentzia natural horren arabera, ikas-prozesuan hiru jarduera metodologiko nagusi landu beharko dira.

    Kurrikuluari dagokionez, 1. mailaren hasieran metodologia hartzailea izango litzateke nagusi, gerora metodologia berreraikitzailea; eta bigarren eta hirugarren mailetan komunikatiboa. Bata une batean nagusi izateak ez du esan nahi besteak landu behar ez direnik, indarrak non jarri behar diren baizik.

    Ahal dela, benetako hizkuntza (testuinguru erreal batean ematen dena) irakatsi behar da. Benetako dokumentuek mundu errealarekin, ingurune soziokulturalarekin lotzeko aukera eskaintzen diete ikasleei. Horrela ematen den progresioa ez da hain zurruna, hiztegia eta egiturak naturalki eta kontestu barruan sartzen baitira.

    Input ulergarria ez da nahikoa hizkuntza eskuratzeko. Ikasleak ekoizpenera bultzatu behar dira, beren tarteko hizkuntzaren maila hobetzeko ikaskideekin eta irakaslearekin elkarreraginean. Esanahia negoziatu behar dute, elkar ulertzera iritsi, norberaren pentsamenduak, ideiak, asmoak azalduz eta argituz eta ulertaraziz. Negoziazioak bideratzen du nolabait hizkuntz formen eskurapena.

    Halaber, ikasleek zailtasunak izango dituzte hizkuntzaren oinarrizko egituretan, formari begirako instrukziorik/irakaskuntzarik eman ez den programak jarraitzen badituzte. Izan ere, hizkuntz formak modu egokian erabiltzen ikastea komunikazio-gaitasunaren alderdi garrantzitsu eta ahaztezina da. Horretarako, aurkikuntzaren bidetik jo daiteke; hau da, testuaren corpus-ean agertzen diren fenomeno linguistikoen behaketak, hausnarketak eta analisiak eramaten dute ikaslea hizkuntzaren funtzionamendua argitzera. Bestetik, irakasleak ere eskura diezazkioke ikasleari, honek behar dituen informazio eta argibideak. Bi bideak konbina daitezke.

    Azken batean, hizkuntzaren irakaskuntzan forma eta edukiaren arteko oreka lortzean dago arrakasta, eta bi horiek bateratzen ahalegintzen da hizkuntzak irakasteko bide komunikatiboa.

    EBALUAZIOA.

    Ebaluazioa jardun bateratzaile bat da, eguneroko jardunean sortzen den informazioa bilduz eta landuz, aldez aurretik ezarri diren helburuak betetzen diren ala ez egiaztatu eta hobeto bete daitezen egin beharreko aldaketak erabakitzen lagunduko duena. Beraz, ebaluazioa ez da ikas-irakas prozesuaren amaieran edo une jakinetan kokatzen den urratsa.

    Irakasleak ikaslearen hizkuntz emaitza ez ezik, ikasbidean egindako urratsak ere aztertu, baloratu eta, behar bada, aldaketak eragingo dituzten erabakiak hartuko ditu. Horregatik, ebaluazio eraginkor bat egin nahi bada, jarrerak, ikas-estrategiak, ikasgelako giroa, eskolorduen zenbatekoa, irakaslearen irakas-estiloa eta abar luzeari erreparatu beharko zaio. Izan ere, ikas-irakas prozesuan esku hartzen duen guztia baita ebaluagai, dena hobe daitekeen den neurrian.

    Bi funtzio bereizten dira ebaluazioan: formatiboa eta sumatiboa.

    Funtzio formatiboa prozesuari dagokio. Funtzio sumatiboa, berriz, produktuari. Ez dute elkar baztertzen. Aitzitik, elkarren osagarri dira eta batak besteari etengabe eragiten dio. Produktuaren ebaluazioa zenbakien eremukoa izan ohi da: ebaluazio-frogen emaitzak, estatistikak... Prozesuaren azterketetatik eratorritako datuak, ordea, hitzlauz jaso ohi dira, hala nola, jarraipen-koadernoan idatzitako iruzkinak, behaketa-txostenak...

    Ebaluazio sumatiboa egiteko froga komunikatiboak diseinatu behar dira. Froga hauek elkarreraginean oinarrituta beharko lukete egon, bat-batekotasuna eta benekotasuna azaldu, eginkizun esanguratsua eskatu, premia komunikatiboa sustatu, motibazioari eragin, testuingurua aintzat hartu eta teknika ezagunaz baliatu.

    Ebaluazio formatiboa ahalbideratzeko tresnak ere ugari dira. Aurrekoekin konparatuta oso bestelakoak: elkarrizketak, galdeketak, behaketak, egunkaria, karpeta, jarraipen-koadernoak, audio-grabazioak, bideo-grabazioak...

    Azpimarra dezagun, bestalde, ikasleari berari ere bere jarduna ebaluatzeko aukerak eskaini behar zaizkiola. Ikaslea bere ikas-prozesuaren jabe eta erantzule bihurtuko badugu, bide hori aztertu eta hobetzeko tresnak eman behar dizkiogu.

    Ebaluazioak, eraginkorra izango bada, etenik gabea, sistematikoa eta ongi planifikatutakoa behar du izan: nork, zer, nola eta zertarakoak ongi definitzeak izango du lehentasuna, datu-bilketa antzua izan ez dadin. Baina baita noiz egin behar den erabakitzea ere. Ebaluazioa prozesu bat da, hala ere, baditu unean uneko ezaugarriak. Horien arabera hiru ebalualdi bereiztea komeni da: 1.– hasierako ebaluazioa; 2.– bitartekoa, jarraia; 3.– amaierako ebaluazioa.

    Ondoren zehazten dira ebaluazio-irizpideak mailaz maila eta trebetasunez trebetasun, jomuga ezarritako helburuetan jarririk.

    1. MAILARAKO EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

    ENTZUMENA.

    Ahoz emandako instrukzio arruntak aurrenekoan ulertu eta jarraitzeko gai izango da. Ez du errepikapenik eskatu beharrik izango. Entzun aurretik nahikoa izango du gaiaren aurkezpen orokorra. Bere kidekoekin solasean aritzeko behar adinako ulermen-maila du eta solasaren hariari jarraituko dio. Bere inguruan bizi diren jatorrizko hiztunekin aritzean, ordea, hauek moldatu egingo dute erritmoa, lasaiago eta argiago ahoskatu agian, edo zerbait errepikatu. Errazago egingo zaio gai bakar bati lotzen zaion solasari jarraitzea. Gaia aldatzerakoan zailtasunak izango ditu jarraitzeko. Besteen solasak (ezaguna duen eta gertukoa zaion gaiaren ingurukoak, erritmo eta abiadura egokikoak) entzuterakoan, hari nagusiari jarraituko dio. Elkarrizketa hasteko esapide ohizkoenak bereiziko ditu. Hitza hartzeko edo uzteko erabiltzen diren lokailuak ezagutuko ditu. Gaia noiz aldatzen den antzemango dio. Intonazioaren laguntzaz zenbait elementu afektiboren berri jasoko du (serio, txantxetan, haserre... ari diren), baita agian gaiarekiko lehen hurbilpen bat egin ere. Erregistro nagusiak bereiziko ditu (kolokiala/formala, konfidantzazkoa/ezezagunen artekoa...). Entzundakoaren arabera kontestua inferituko du.

    MINTZAMENA.

    Zuzentasuna.

    Maila morfosintaktikoan oinarrizko egiturak ezagunak dituen arren, noizbehinka akatsen bat edo beste egiten du. Dena den hutsegiteek ez dute esanahia eragozten. Aditz-sistemak, ergatiboa, erlatiboa, nominalizazioa eta konpletiboa ondo erabiltzen ditu, nahiz eta hitz egin aurretik pentsatu behar izan eta zenbaitetan oker erabili. Oro har, egiten dituen akatsak koiunturalak dira.

    Ahoskera eta intonazioari dagokionean, zenbaitetan erdal kutsua antzemango zaion arren, ulergarria izango da.

    Hiztegiaren ezagutza bere kontestu ezagunetara mugatzen da, ñabardurak azaldu behar dituenean erdarakadak eta bestelako ordainak erabiliz.

    Egokitasuna.

    Elkarreraginezko kontestu orokorretan, nori zuzentzen zaion, zertarako, gaiaren nolakoa... kontuan izanik jakingo du zein erregistro-mota nagusi, nolako doinuera, intonazioa... erabili. Hala ere kosta egingo zaio egoera guztietara bere jarduna egokitzen eta zenbaitetan arrotz eta "artifizial" gertatuko da. Gaiari inoiz ihes egingo dion arren, harira itzultzen da gehienetan. Informazioa testu-motak eta zereginak eskatzen duenera egokituko du, alditan alferrikako informazioa emango badu ere. Eta zailtasunak izango ditu bere hiztegia kontestuari egokitzen, hitzen balio semantiko murritza duelako.

    Diskurtsoaren antolaketa.

    Elkarrizketa arruntak jarraitzen eta gidatzen dakiela frogatuko du: hasiera noiz eman, nola jarraitu, nola bukatu, baita gaiaz aldatzerakoan jarraitzen ere. Horretarako hainbat esapidez baliatuko da, oinarrizko kohesio-formak erabiliz. Kateamendua nahikoa lineala izango da eta moztua.

    Zerbait kontatu edo deskribatzerakoan, diskurtsoa hari nagusi baten inguruan (denbora, espazioa, prozesua...) antolatuko du, nahiz eta erabat ondo josia ez izan. Oro har, bere jarduna koherentea izango da. Egin ditzake, bai, zenbait nahasketa, atzera-, aurrera-pausu eta zuzenketa, baina entzuleak ez du jarraitzeko eragozpen handirik izango.

    Aberastasuna.

    Maila honi dagozkion testu-motak sortzeko gai izango da. Elkarrizketetan ez da erantzun laburretara mugatuko. Testu zabalxeagoak, hainbat egitura diferente eta hiztegi aberatsa erabiltzen ausartuko da. Arrisku horrek berak, ordea, akatsak egitera bultzatuko du.

    Ideiak behin eta molde bakarrean adierazteko joera du. Ez du esandakoa berriro bildu eta beste era batera adierazten, hurrengoarekin lotuz.

    Jariotasuna.

    Kontestu oso ezagunetan eta ongi bereganatu dituenetan jarduna jarraia, sueltoa izango da. Kontestu berri eta arrotzagoetan, berriz, moteldu egingo da diskurtsoa eta geldialdiak egingo ditu, adiera eta egitura egokien bila, zuzentzeko... Geldiune horiek betelan-hitzez (errepikapenez; mm, eh, zera, ba formaz) estaliko ditu zenbaitetan.

    IRAKURMENA.

    Badaki bereizten maila honi dagozkion testu-motak: instrukzioak, narrazioak, deskribapenak, eta testu-erak: oharrak, eskutitzak, inprimakiak... Bereizi egiten ditu, era berean, testuaren ideia nagusiak eta lagungarriak, eta, jabetu egiten da, oro har, kolpetik irakurrita testuaren nondik-norakoaz. Informazio xehea eskuratzeko, berriz, behin baino gehiagotan irakurri eta testuinguruari erreparatu beharra izaten du. Maila honetako adierazpide linguistiko-testual guztiak oraindik ere erabat menderatzen ez dituenez, eta, dituen gabeziak ez testuinguruaz ezta hainbat estrategiaz baliaturik ere, ezin konpentsa ditzakeenez, ñabardura batzuk eta oso noizbehinka ideia nagusiren bat ere gal dezake. Jardunaren hizkuntz erregistroak gehienetan bereizten ditu.

    IDAZMENA.

    Zuzentasuna.

    Maila morfosintaktikoan egindako hutsegiteek ez dute esanahia eragozten. Egitura konplexuetan (erlatibozkoetan...) hutsegite koiunturalez gain, oraindik ere, soma liteke hutsegite sistematikoren baten edo besteren aztarna.

    Ikaslearen eguneroko kontestu ezagunetara mugatzen den hiztegiaren ezagutzak termino orokor eta arruntez (jende, gauza...), eta erdarakadez baliatzera bultzatuko du ñabardurak adierazteko unean.

    Zuzen erabiltzen ditu ortografia eta puntuazio-markak, batzuetan hutsegiteren bat egin badezake ere. Hutsegiteak, oro har, koiunturalak izango dira, eta ez dute esanahia ilunduko.

    Egokitasuna.

    Gaiari noiz edo noiz ihes egin badiezaioke ere harira itzultzen da gehienetan. Badaki, oro har, bereizten errejistro-mota nagusiak: formala eta informala. Hala ere, batzuetan naturaltasuna apurtzen duten eredu finkoen erabilera antzemango da.

    Hainbat hitzek testuinguruaren arabera har ditzaketen balio semantiko guztiak menderatzen ez dituenez, desegoki erabil ditzake batzuetan.

    Diskurtsoaren antolaketa.

    Diskurtsoaren egitura eta pasarteen antolaketa egokitu egiten zaizkie, nolabait, testu-motari eta testu-erari, zailtasunak baditu ere. Ideia nagusiak eta azalekoak bereizten eta lotzen badaki gehienetan, oinarrizko kohesio-formak eta esaldi motzak erabiliz. Oraindik ere nahasia izan daiteke noizbait diskurtsoaren haria; horrek, hala ere, ez du irakurketa jasangaitz bihurtzen. Testuari hari logiko baten aztarnak ageri zaizkio.

    Aberastasuna.

    Maila honetako testu-mota eta testu-era gehienak, oro har, idazten badaki. Hala ere, molde bereko joskerez baliatzeko joera erakutsiko du batzuetan eta ideien nahiz egitura edota hiztegiaren zenbatekoa ikusita antzeman egiten zaio oraindik ere badituela zailtasunak testua dagokion neurrian osatzeko. Nabaria da, oraindik ere, erdal kutsua testua zuzena izan badaiteke ere.

    2. MAILARAKO EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

    ENTZUMENA.

    Ahoz emandako instrukzio, azalpen eta argudioak ulertu eta jarraitzeko gai izango da, baita narrazio eta deskribapenak ulertzeko ere.

    Bere kidekoekin nahiz jatorrizko hiztunekin ohiko gaiei buruzko solasaldi eta jardunetan aritzeko behar adinako ulermen-maila izango du eta orokorrean hariari jarraituko dio; baina, hiztunaren hizketa oso kolokiala denean eta gaia ez hain ezaguna, hiztunen aldetik azalpen eta errepikapen gehiago eskatuko ditu. Edonola ere, ez da komunikazioa etengo.

    MINTZAMENA.

    Zuzentasuna.

    Maila morfosintaktikoan oinarrizko egiturak ezagutzen ditu eta orokorrean zuzen erabiltzen ditu bere ahozko adierazpenean. Dena den, gaiaren konplexutasunaren arabera batez ere, akatsen bat edo beste egin dezake eta erdal kutsua, oraindik ere, antzemango zaio ahoskera eta intonazioan.

    Lexikoaren ezagutza zabala du, ulermenean batez ere; horregatik hitz egitean erdarakadatara jo behar izango du hitz egokiena aurkitzeko denbora faltan.

    Egokitasuna.

    Elkarreraginezko kontestu orokorretan ez du arazorik izango gaia, nori zuzentzen zaion, zertarako, eta abar jakinda erregistroa aukeratzeko eta egokitzeko. Hala ere, kosta egingo zaio bere jarduna egokitzen gaia oso ezaguna ez duenean eta jatorrizko hiztunekin aritu behar duenean.

    Diskurtsoaren antolaketa.

    Bere erabilera esparruko elkarrizketetan parte hartzen dakiela frogatuko du: hasiera nola eman, nola jarraitu, nola bukatu, gaiaz aldatzerakoan nola jarraitu baita ere. Horretarako erabiliko dituen esaldiak ez dira laburrak izango, txanda laburreko adierazpenak egingo ditu eta diskurtsoaren hariari erreparatzeko ez da oztoporik sortuko. Hala ere, izan ditzake zenbait hutsune eta atzera-aurrera ibili beharra izango du zenbaitetan, baina entzuleak ez du orokorrean jarraitzeko arazorik izango.

    Aberastasuna.

    Maila honi dagozkion testu-motak sortzeko gai izango da eta lexiko aberatsa erabiltzen saiatuko da. Baina zenbaitetan akatsak egingo ditu, batez ere adierazpen luzea egiten saiatzen denean, jatorrizko hiztun batekin hitz egin behar duenean eta gaia gehiegi ezagutzen ez duenean. Horrelakoetan kosta egingo zaio esandakoa beste era batean adierazten.

    Jariotasuna.

    Kontestua ezaguna duenean eta beste ikasleekin ari denean jarduna naturala izango da. Jatorrizko hiztunekin eta gai ezezagunen aurrean, berriz, motelago hitz egingo du, pentsatu beharra izango baitu. Dena dela, nahiz eta polikiago aritu, hutsuneak betetzeko gai izango da.

    IRAKURMENA.

    Badaki maila honi dagozkion kontestu ezagunetan eta ohiko gaien inguruko testu-motak bereizten. Testuaren nondik norakoaz berehala jabetzen da eta ez du, oro har, oztoporik informazio xehea ere ateratzeko. Maila honetako adierazpide linguistiko-testual guztiak ez ditu oraindik ere erabat menperatzen eta horregatik, tarteka, xehetasunez eta, batez ere, ñabardurez jabetzeko izan dezake testua behin baino gehiagotan irakurtzeko premia; hala ere, batzuk gal ditzake. Jardunaren hizkuntz erregistroak bereizten ditu gehienetan.

    IDAZMENA.

    Zuzentasuna.

    Testua luzea denean eta egitura konplexuak erabiltzean maila morfosintaktikoan egiten dituen hutsegiteek ez dute esanahia eragotziko.

    Bere mundu-ezagutzatik hurbileko gaien inguruko lexikoaren ezagutza zabala du; hala ere, zenbaitetan erdarazko hitza euskaratu egiten du eta euskarazko hitz jatorra balitz bezala erabiltzen. Zuzen erabiltzen ditu ortografia eta puntuazio-markak, zenbaitetan hutsegiteren bat egin badezake ere.

    Egokitasuna.

    Gaia bere mundu-ezagutzatik eta bere interesetik hurbilekoa denean ez du arazorik bere adierazpena egokitasunez egiteko. Nori zuzentzen zaion, zertarako, eta abar... kontuan izanik idatzizko testuak behar duen formaltasun-mailaz egingo ditu. Hala ere, zenbait idatzietan ereduen erreferentzia antzemango zaio, idatziak artifizial kutsua izango duelarik.

    Diskurtsoaren antolaketa.

    Diskurtsoaren egitura eta pasarteen antolaketa egokitu egiten zaizkie, gehienetan, testu-motari eta testu-erari. Ideia nagusiak eta azalekoak bereizten eta lotzen badaki eta gaiak eskatzen dituen xehetasunak ematen ere saiatzen da; horretarako, orokorrean, antolatzaile, kohesio-forma, eta abar egokiak erabiltzen ditu.

    Hala ere, zenbait testu-motetan, azalpenean kasu, nahasia izan daiteke diskurtsoaren haria; baina testua oztopo handirik gabe irakurri ahal izango da.

    Aberastasuna.

    Maila honi dagozkion testuak idazteko ez du aparteko oztoporik izango. Hala ere, gaia oso ezaguna ez duenean era edo molde bereko egitura, esapide eta hitzak erabiltzera mugatuko da. Erdal kutsua ere har dezakete kasu hauetan eta idazlanak sinpleak eta pobre-itxura dutenak gerta daitezke.

    3. MAILARAKO EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

    ENTZUMENA.

    Kultura orokorraren mailan ahoz eginiko edozein euskal hizketa erraz ulertuko du. Gaiaren inguruko informazio orokorra eta xehea arazorik gabe jasoko ditu. Dena den, zenbaitetan arazoak izan ditzake hizkera kolokialean eginiko hizketaldiko ñabardurak jasotzeko eta eragozpenak gainditzeko errepikatzea eskatuko du.

    MINTZAMENA.

    Zuzentasuna.

    Alderdi morfosintaktikoari dagozkion formak eta egiturak ezagunak baditu ere, bere ahozko adierazpenean akats gutxi batzuk izan ditzake. Akats horiek guztiz koiunturalak izango dira bapatekotasunak eta jardunaren nondik norakoak sortutakoak, hain zuzen ere.

    Alderdi fonologikoari dagokionez euskal fonemen (fonemen ahoskera, hitz barneko aldaketak, hitz-kateak) erabilera zuzena egingo du; intonazioari dagokionean, aldiz, zenbait arazo izan ditzake, baina arazo horiek ez dute hizketaren ulergarritasuna eragotziko.

    Bestalde, lexikoaren ezagutza zabala izango du. Hala ere, xehetasunak eta ñabardurak ematerakoan hitz zehatza aurkitu ezean hainbat estrategiaz baliatuko da: berformulazioa, itzulingurua, etab.

    Egokitasuna.

    Ahozko adierazpenean nori zuzentzen zaion, zertarako, gaiaren nolakoa,... kontuan izanik ez du eragozpenik izango erregistro-mota aukeratu eta erabiltzeko. Azalpen eta argudioetan batik bat eta gaia ez badu oso ezaguna, informazioa testu-mota horien egiturara eta zereginetara egokitzeko zailtasunak aurki ditzake.

    Diskurtsoaren antolaketa.

    Kultura orokorraren mailako elkarrizketak gidatzen eta jarraitzen dakiela frogatuko du: hasiera noiz eman, nola jarraitu, nola bukatu, gaiaz aldatzerakoan erantzuten, etab. Horretarako adierazpen bakoitzari dagokion esapide, antolatzaile, kohesio-forma, eta abarrez baliatuko da.

    Zerbait kontatu edo deskribatzerakoan, azaldu eta argudiatzerakoan diskurtsoa ondo antolatua eta josia izango da, bere jarduna koherentea izango delarik. Hala ere, izan ditzake zenbait zalantza eta izango du zenbaitetan atzera-, aurrera-pauso eta zuzenketak egin beharra, herri-hizkera erabiltzen duen solaskidearekin ari denean edo gaia ezezaguna edota espezializatua baldin bada, batez ere.

    Aberastasuna.

    Maila honi dagozkion testuak (elkarrizketak, narrazioak, deskribapenak, azalpenak, argudioak,...) ahoz sortzeko gai izango da, baina testuaren luze-laburra beti ere egoerari, hartzaileari, gaiaren ezagutzari lotuko zaizkio. Alderdi morfosintaktikoaren ezagutza zabala eta lexiko aberatsa izango duenez, guztia erabiltzera arriskatuko da eta arriskatzeak berak zenbait akats egitera bultzatuko du.

    Ideia nagusiak eta baita zehaztasunak ere behin baino gehiagotan esango ditu, esandakoa bilduz eta beste era batean adieraziz eta aldi berean hurren esango duenarekin lotura eginez.

    Jariotasuna.

    Elkarreraginezko kontestu ezagunetan (familiarteko, aisialdiko, lagunarteko... esparrutan) jarduna jarraia eta naturala izango du. Gai ezezagunen inguruan bere iritzia edota azalpena egin behar duenean, berriz, moteldu egingo da diskurtsoa ahalik eta egitura, forma, esapide edota adierazpiderik egokienaren bila, berau aurkitu arte. Geldiune hauek betelan hitzez estaltzeko gai izango da, aipatu geldiuneak ia nabarmenduko ez direlarik.

    IRAKURMENA.

    Badaki kultur orokorraren mailan sortzen diren testu-motak bereizten, baita hauek duten egitura ere. Testuari kohesioa eta koherentzia emango dioten adierazpide linguistiko-testualak ere bereizten ditu. Ideia garrantzitsuenak eta azalekoak arazorik gabe antzematen ditu eta testuinguruaz ere jabetzeko gai da. Dena den, testuaren egitura korapilotsuegia suertatzen zaionean behin baino gehiagotan irakurri behar izaten du eta zenbaitetan xehetasunen bat edo beste galtzen du. Bestalde, ñabardurei erreparatzeko testuinguruaz eta hainbat estrategiaz baliatuko bada ere, noiz edo noiz, gaiaren zailtasun-maila kontuan izanik, eragozpenak izan ditzake.

    IDAZMENA.

    Zuzentasuna.

    Maila honi dagozkion testuak idazterakoan ez du alderdi morfosintaktikoan aparteko arazorik izango, zenbaitetan adierazi beharrekoaren konplexutasunagatik edo, sintaxi arloko akatsen bat egiten badu ere. Dena den, ez du akats sistematikorik egingo.

    Lexiko aberatsa du erabiliko dituen sinonimo eta berformulazio eta abarretan ikusi ahal izango denez, eta ez du ortografia eta puntuazio-marken erabileran oztoporik.

    Gertatzen diren hutsegite bakan horiek gaiaren eta egoeraren berezitasunei zor zaie.

    Egokitasuna.

    Gaia kultur orokorraren mailaren eremukoa izanik, bere mundu ezagutzatik eta interesetik urrunekoa bada, zenbaitetan arazoak izaten ditu adierazi nahi duena egokitasunez adierazteko: alferrikako informazioa emango du eta baita hitz desegokiak erabili ere, besteak beste, gaia guztiz menperatzen ez duelako. Bestelakoetan ez du aparteko arazorik izango kontestuari dagokion errejistro-mota aukeratzeko.

    Diskurtsoaren antolaketa.

    Maila honetan testuak (gutunak, gai baten inguruko azalpenak, argudioak, ipuinak...) idazterakoan hauen egitura eta pasarteen antolaketa egokitu egiten zaizkio testu-motari. Ideia garrantzitsuak, azalekoak eta xehetasunak ondo bereiziko ditu eta bata bestearenganako loturak ondo egingo ditu testu-mota, kontestua eta abar kontuan hartuz.

    Testua lehen irakurketan ulertzeko ez da inongo oztoporik izango.

    Aberastasuna.

    Maila honi dagozkion testuak idazteko gai izango da eta hauek osatzeko erabiliko dituen ideia, egitura edota lexikoaren zenbatekoak eta nolakoak hizkuntzaren ezagutza ona duela adieraziko dute.