Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 1ekoa, HABEko zuzendariarena, 2021-2022 ikasturtean euskara-ikasleei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HABE
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 136
  • Hurrenkera-zk.: 3221
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/01
  • Argitaratze-data: 2022/07/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak HABE erakundea eratzen du (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea), helduen euskalduntzea gauzatzeko asmoz eta ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburuz.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak helduen euskara-irakaskuntza burutzen duten euskaltegi zein beste zentro homologatuen finantzazioa arautu du.

179/2003 Dekretuaren 17. artikuluari jarraikiz, HABEk hainbat dirulaguntza ezar ditzake euskara-ikasleentzat, emaitza akademikoen baitan betiere, Dekretu horretan araututako modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez eta HABEren aurrekontu-mugen barruan.

Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaz aldatuak, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetza finkatzen du eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitzen ditu.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduak euskararen komunikagarritasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzea arautzen du eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen ditu.

Ildo horretatik, 2022ko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen duen eta 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen 2022ko otsailaren 16ko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduak, Hizkuntza Politika alorreko helburu estrategikotzat helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, besteak beste euskara-ikasleei zuzendutako dirulaguntzak aurreikusiz.

Bestalde, XII. Legegintzaldi honetako gobernu-programaren 118. konpromisoaren 3. ekinbidean jasota dago euskararen ezagutza handitzeko programak eta laguntzak areagotuko direla, oro har, egiaztatutako B2 mailara arteko doakotasuna ezarriz eta C1 mailara arteko doakotasuna eskainiz 16 eta 30 urte bitartekoentzat.

Ebazpen honen bitartez, HABEren zuzendari nagusiak 2021-2022 ikasturterako euskara-ikasleentzako dirulaguntzak emateko baldintzak eta jarraibideak zehaztu eta deialdia egiten du.

Aurreko xedapenak aintzat hartuta, HABEren arau organikoak onartzen dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak (eta berau aldatzen duen urriaren 22ko 166/2019 Dekretuak) emandako eskumenez baliatuz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak araututakoari jarraikiz eta azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorrak (eta berau garatzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak) xedatutakoa oinarri izanik,

Lehenengoa. Euskara-ikasleei dirulaguntzak emateko deialdia egitea eta oinarriak onartzea, 2021-2022 ikasturtean HABEren euskararen komunikagarritasun-mailak egiaztatu dituzten neurrian, betiere ebazpen honen eranskinean ezarritakoaren arabera.

Bigarrena. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Donostia, 2022ko uztailaren 1a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

  1. oinarria. Xedea eta baliabide ekonomikoak.

  1. Ebazpen honen xedea da euskara-ikasleei dirulaguntzak emateko oinarriak onartzea.

  2. Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2022. urtean 3.775.500 euroko kopurua jarriko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura. Era honetan banatuko da kopuru hori:

    3.725.500 euro, deialdi honen epealdiaren barnean, A1, A2, B1 eta B2 mailetarako, eta, 1992. urtean edo ondoren jaiotako ikasleentzat, C1 mailarako.

    50.000 euro, 1991. urtean edo lehenago jaiotako ikasleentzat, C1 mailarako, eta guztientzat C2 mailarako.

  1. oinarria. Onuradunak.

  1. Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, ondorengo baldintzak bete behar dira, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoaren arabera:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan edo Trebiuko Konderrian erroldatuta egotea, deialdi hau argitaratzen denean.

    2. HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean matrikulatuta egotea 2021eko ekainaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian, eta dagozkion matrikula-prezioak euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuei ikasleak ordainduak izatea.

    3. 2021-2022 ikasturtean jarraian zehazten diren HABEren komunikagarritasun-mailetako bat euskaltegiko edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ebaluazioan gainditu izana, edo HABEren egiaztatze-deialdietan agiria eskuratu izana, edo maila horren baliokidea lortu izana:

      1. HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenez deitutako 2021. urteko laugarren ebaluazio-garaian, edo 2022. urteko ekainaren arteko ebaluazioa-aldietan, A1 edota A2 mailak egiaztatu izana.

      2. HABEren B1 eta B2 komunikagarritasun-mailetako atalasearen ebaluazioa euskaltegian gainditu izana.

        Ikasle horiek, laguntza hauen onuradun izateko, oinarri hauetako beste baldintzak betetzeaz gain, ondorengo baldintzak ere bete beharko dituzte:

        Oro har, gutxienez 50 ikastordu jasoak izatea, eta 30 ordu udako ikastaroen kasuan.

        Asistentziari dagokionez, gutxienez ikastaroaren % 75eko betetze-maila izan beharko du: aurrez aurreko ikas-jardunean, gutxienez, euskaltegiak emandako ikastorduen % 75 hartuak izan beharko ditu; eta autoikaskuntzan, berriz, mintza-saioetan izandako asistentzia orduekin, gutxienez ikasturteko ordu teoriko guztien % 7,5era iritsi beharko du.

        Gaitasun-mailaren aurrerapenari dagokionez, ikasleak:

        B1 mailaren laguntza lortzeko: ikastaroaren hasieran, gehienez, B1A2 abiapuntua izan beharko du, eta bukaeran, gutxienez, B1B1 lorpen maila.

        B2 mailaren laguntza lortzeko: ikastaroaren hasieran, gehienez, B2B1 abiapuntua izan beharko du, eta bukaeran, gutxienez, B2B2 lorpen maila.

        Euskaltegiak adierazpen bat helaraziko du, baldintza horiek bete direla azalduz.

      3. HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenez deitutako 2021. urteko deialdietako bigarren azterketaldietan, edo 2022ko deialdietako lehen azterketaldietan parte hartu eta B1, B2, C1 edo C2 maila egiaztatu izana.

      4. Halaber, dirulaguntza hauetarako eskubidea izango dute HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako euskara-mailaren bat 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean (dagokion deialdiaren eragin-dataren arabera) egiaztatu duten ikasleek. Baliokidetza horiek azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak arautzen ditu.

    4. Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatikoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

    5. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluak aurreikusitako egoeretan ez egotea.

  2. Dirulaguntzen deialdi honetatik at geldituko dira:

    1. Administrazio Publikoak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.

    2. Deialdi honetako epealdian egiaztatutako maila edo mailak aurretik dagoeneko egiaztatuta daudenean.

    3. Deialdi honetako ikaslearen abiapuntu-mailarik baxuena baino beheragokoa den mailaren bat gainditu edota egiaztatu duten ikasleak.

  3. oinarria. Eskabideak aurkeztea.

  1. Eskabidea egiteko, derrigorrez, https://euskadi.eus/zerbitzuak/1038705 helbidean eskuragarri dagoen eskaera-formularioa bete beharko da.

    Eskaera-formularioarekin batera, egindako ikastaroen matrikularen ordainketa-agiriak aurkeztu behar dira. Eta ikaslea HABEk datuak ofizioz egiaztatzearen aurka agertzen bada, datu horiei dagozkien agiriak.

  2. Bi modu daude eskaera-formularioa eta horrekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko:

    1. Bide elektronikoa: eskabidea bide elektronikoz helbide honetan egingo da, Nire karpeta-ren bitartez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

    2. Aurrez aurrekoa: eskabidea ordenagailuan bete, inprimatu eta sinatu ondoren, aurrez aurre aurkeztu beharko da HABEren bulegoetan, Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoaren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 727/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

      Aurrez aurreko bidea edo bide elektronikoa erabiltzeak, bai eskabideak aurkeztean, bai dokumentazioa aurkeztean, ez du behartzen prozedurako hurrengo izapideetan bide berdina erabiltzera.

  3. Elektronikoki aurkeztutako dokumentuek baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Pdf formatuan aurkeztuko dira.

    2. Bakoitzaren gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.

  4. Eskabideak aurkezteko epeak.

    Kasu guztietan, interesdunek 2022ko irailaren 8tik urriaren 7ra bitarteko epea (biak barne) izango dute dirulaguntza eskatzeko.

  5. Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

  1. oinarria. Aurkeztutako eskabideko akatsak eta hutsuneak zuzentzea.

    Eskabideak akatsak edota hutsuneak baditu, edo eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta bada, hamar laneguneko epea emango da horiek zuzentzeko. Horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da, aldez aurretik emandako ebazpenaren bidez.

  2. oinarria. Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

    HABEren Zuzendaritza Nagusiari dagokio, Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

  3. oinarria. Dirulaguntza esleitzeko eta neurtzeko irizpideak.

  1. Gainditu edo egiaztatu den maila bakoitzeko, ikasleak 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetako matrikuletan ordaindutako kopurua eskura dezake, gehieneko muga hauekin:

    HABEren A1 maila: 600 euro.

    HABEren A2 maila: 800 euro.

    HABEren B1 maila edo baliokidea: 900 euro.

    HABEren B2 maila edo baliokidea: 1.000 euro.

    HABEren C1 maila edo baliokidea, 1992an edo ondoren jaio diren ikasleentzat: 700 euro.

    HABEren C1 maila edo baliokidea, 1991n edo aurretik jaio diren ikasleentzat: 150 euro.

    HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.

  2. Gainditu edo egiaztatu den maila bakoitza behin bakarrik lagunduko da diruz, ikaslearen ibilbide osoan zehar. Era berean, maila bat gainditu edo egiaztatu ondorengo dirulaguntza zuritzeko beharrezkoa izan den matrikularen zenbatekoa ez da konputatuko beste maila bat egiaztatu izanagatiko laguntza zuritzeko.

  1. oinarria. Ebazpena, jakinarazpena eta dirulaguntzaren ordainketa.

    Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak ebazpenak emango ditu, 2022ko abenduaren 20a baino lehen. Ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko dira (http://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa), eta interesdunei Nire Karpeta-ren bidez jakinaraziko zaizkie.

    Era berean, emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, aipatutako ebazpenak HABEren web orrialdean argitaratuko dira, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitara ematen diren egun berean.

    Eskabideen gainean emandako ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, horien aurka, interesdunek borondatezko berraztertze errekurtsoa aurkez diezaiokete HABEko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan jasotakoaren arabera.

    Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsia izan dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 25. artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

    Dirulaguntzen Ebazpena emanda, dirulaguntza ordainketa bakarrean egingo da banku-transferentzia bidez. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko dirulaguntza batzuk eman izanagatik horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

  2. oinarria. Bateragarritasuna.

    Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.

    HABEk eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, betiere deialdi honen xede den gaiari atxikita.

  3. oinarria. Onuradunaren betebeharrak.

  1. Onuradunek, oro har, Dirulaguntzaren Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak bete beharko dituzte.

  2. Eta, zehazki, Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte honako betebehar hauek:

    1. Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeen mende eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren mende egon beharko dute, deialdi honen bitartez eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egon beharko dute.

    2. Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote HABEri.

    3. Laguntza ematerakoan kontuan izandako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri eman beharko diote HABEri.

    4. Gainera, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezarritako betebeharrak eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenen ondoriozko betebeharrak ere izango dituzte.

      1. oinarria. Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.

        Ebazpena eman ondoren, kanpoko beste dirulaguntzarik eskuratu bada, horren berri eman beharko zaio HABEri. Horren ondorioz, gerta daiteke dirulaguntza onartu duen ebazpena aldatzea, betiere deialdi honen 8. oinarrian aurreikusitako gainfinantzaketa ekiditeko.

      2. oinarria. Datuen tratamendua.

        Deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak araututakoaren arabera tratatuko dira, Ikasleen dirulaguntzen kudeaketa izeneko tratamendu-jardueretan, ondoren zehazten den helbururako:

        Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.

        HABEren zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

        Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko.

        Interesdunak eskubidea izango du bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

        Halaber, onuradunek beren datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezakete helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-4728/eu/

        (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik