Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 13koa, HABEko zuzendariarena, dirulaguntzen deialdia egiten duena euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek arbel digitalak eta hauei dagozkien euskarriak eskuratu ahal izateko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HABE; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 139
  • Hurrenkera-zk.: 3272
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/13
  • Argitaratze-data: 2022/07/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, Helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 18. artikuluan ezarria dauka HABEk egin ditzakeela, betiere bere aurrekontu-bitartekoen muga-barruan, laguntza-deialdiak, alfabetatze eta euskalduntze-lanaren osagarri gisako jarduerak sustatzera zuzenduak.

Ildo horretatik, 2022ko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen duen eta 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen 2022ko otsailaren 16ko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduak, Sail horren web orrian argitaratutakoak, Hizkuntza Politika alorreko helburu estrategikotzat helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, besteak beste euskaltegi pribatuei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak ekipamendu teknologikoz hornitzeko dirulaguntzak emanez.

Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024ak ere bere lehen konpromisoan jasotzen du plataforma digitalen bidezko irakaskuntza bultzatzeko beharra, euskaltegiekin elkarlanean, helduen kontziliazio-premietara hobeto egokitutako eskaintza sustatzeko.

Bidezkoa da, beraz, arbel digitalak eta hauen euskarriak eskuratzeko euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako dirulaguntzak bideratzeko oinarri onartzea eta deialdia egitea.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, ezartzen dutenaren arabera, hau

Lehenengoa. Dirulaguntzen deialdia egitea euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek arbel digitalak eta hauei lotutako euskarriak eskuratu ahal izateko, oinarri hauen arabera.

Bigarrena. Interesdunei jakinaraztea ezen, ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Donostia, 2022ko uztailaren 13a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

OINARRIAK

  1. oinarria. Helburua eta zuzkidura ekonomikoa.

  1. Oinarri hauen helburua da dirulaguntzen baldintzak ezartzea euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek arbel digitalak eta hauen euskarriak eskuratu ahal izateko.

    Deialdi honetarako xede diren arbel digitalak eta hauen euskarriak, jarduera hauek garatzeko erabiliko dira:

    Urrutiko irakaskuntza.

    Bilera birtualak.

    Bideo-konferentzia saioak.

    Saioen grabazioa.

    Dokumentuak elkarbanatzean.

    Aurkezpen interaktiboak.

    Ikasleen interakzio digitala.

  2. Zuzkidura ekonomikoa: dirulaguntza hauetan emango diren diru-kopuruak (500.000 euro) HABEren aurrekontuetan horretarako dagoen funtsatik emango dira.

  1. oinarria. Onuradunak.

  1. Deialdi honen bitartez banatuko diren laguntzen onuradun izan daitezke euskaltegi pribatuak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak, betiere ondoren zehazten diren baldintzak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Dirulaguntzen Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, aurrerantzean DLO) 13. artikuluan jasotakoak betetzen badituzte.

  2. Honako hauek dira eskatzaileek bete beharreko baldintzak:

    1. HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatuta egotea, eta datu guztiak egunean edukitzea.

    2. DLOren 13. artikuluaren 2. atalean aurreikusitako egoeretan ez egotea.

    3. Dirulaguntza-eskaria zuzen osatzea, deialdiaren II. eranskinean jasotako ereduaren arabera eta, eskariarekin batera 4. oinarrian eskatzen diren agiriak zuzen betetzea eta aurkeztea.

    4. Dirulaguntza hauen onuradunek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatuko dituzte eta, ondorioz, ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.

  3. oinarria. Diruz lagun daitekeena eta ekipamenduen betekizunak.

  1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, diruz lagun daitezkeen gastuak 1. oinarrian definitutako ekipamendu teknologikoen erosketa-prezioa izango dira, baldin eta inongo zalantzarik gabe behar-beharrezkoak badira eta 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko azaroaren 30era bitartean egin badira.

    Ekipamenduaren eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

  2. Ekipamenduek eskaera egiten duen entitatearen oraingo zein etorkizuneko irakaskuntza jarduerak egiteko egokiak eta beharrezkoak izan behar dute.

  3. Eskatutako ekipamendu teknologikoa, funtsean, gailu bakarra izango da (arbel digitala), teknologikoki oinarrizkoa edo ardatza. Gailu horrekin batera, aukerazko zenbait osagai edo modulu eros daitezke, gailu nagusiarekin batera funtzionamendu-unitate bakarra osatzen baldin badute.

    Funtzionamendu unitate bat baino gehiago izan daitezke laguntzagai. Unitate bakoitzeko, gehienez, hiru ordenagailu lotzeko aukera egongo da, beti ere, helburu didaktikoetarako.

    Aukerako osagaiak ez dira finantzatuko, gailu ardatzari edo oinarrizkoari lotzen ez bazaizkio.

  4. Deialdi honetatik beren beregi baztertzen dira ondoko hauek: eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibilak; erabilera orokorreko, hau da, erabilera ez-teknologikoko altzari, gailu eta tresnak; bulegoko altzariak, eta kudeaketako ekipo informatikoak.

  5. Balio Erantsiaren gaineko Zerga diruz lagundu daitekeen kontzeptua da, entitate onuradunak benetan ordaindu badu; inoiz ez da gastu lagungarritzat hartuko ondoren berreskuratu edo konpentsatu daitekeenean.

  6. Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da deialdi honek ezarritako epean egin eta ebazpen honetan ezarritako gastuak 2022ko abenduaren 1a baino lehen ordaindu direnak.

  1. oinarria. Eskarien aurkezpena, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

  1. Interesatuta dauden euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek, izaera juridikokoak izanik, dirulaguntza-eskariak eta ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1215601 helbidean eskuragarri egongo den formularioaren bitartez. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko den dokumentazioa bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko da soilik.

    Identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak. Era berean, eskaria elektronikoki ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da, horretarako ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

    Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatu bakoitzak eskari bakarra egin ahal izango du.

  2. Eskariak eta dagokion dokumentazioa aurkezteko epea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2022ko irailaren 8an amaituko da.

  3. Eskaera-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak:

    Hauek dira eskaerekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak:

    1. Ekipamendu teknologikoaren deskribapena, beharra eta aurreikusitako helburuak azaltzen dituen Memoria.

    2. Eskuratu beharreko ekipamendu teknologikoaren aurrekontua edo, hala badagokio, faktura.

    3. Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako zehaztutako zenbatekoak gainditzen badu, entitate eskatzaileak ekipamendua eskuratzeko hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez eskaeran. Ez du halakorik egin beharko, dena dela, ekipamenduak hornituko dituen entitate kopuru nahikorik ez badago merkatuan, ekipamenduaren ezaugarri bereziak direla eta. Halakorik gertatuz gero, behar bezala egiaztatu beharko da eskaeran.

    4. Zerga-obligazioak eta Gizarte-Segurantzarekiko obligazioak egunean dituela ziurtatzen duten dokumentuak, baldin eta eskatzaileak ukatu badio HABEri baimena egiaztapen horiek zuzenean lortzeko.

      1. oinarria. Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

        Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan, eta adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertu beharko dela, dagokion Ebazpenaren bitartez Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan jasotako baldintzetan.

      2. oinarria. Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

        HABEren zuzendaritza nagusiari dagokio, Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetza arloaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

      3. oinarria. Dirulaguntza emateko prozedura eta zenbatekoa.

      1. Oinarri hauetako baldintza subjetibo eta objetiboak betetzen dituzten pertsonek, denboraz eta formaz behar den bezala aurkeztu badituzte eskariak, deialdi honetako dirulaguntzak jasoko dituzte, artikulu honetako bigarren zatiak ahalbideratutako gehieneko zenbatekoan.

      2. Dirulaguntzaren zenbatekoa euskaltegi edo autoikaskuntza zentru homologatu bakoitzak eskatutakoaren arabera zehaztuko da. Zenbateko horrek ezin du inola ere I. eranskinean adierazitako gehienekoa gainditu, ezta diruz lagundu nahi den ekipamenduaren erosketa kostearen erdia (% 50) ere.

      1. oinarria. Dirulaguntzaren kudeaketa, epeak, ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

      1. HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez zehaztuko da, eskatutako dirulaguntzak ematea edo ukatzea. Bertan adieraziko da erakunde onuradunaren izen soziala, diruz lagundutako zentru eta ekipamendua y dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatuz gero, horretarako arrazoi diren zioak jasoko dira.

      2. Ebazpena 2022ko urriaren 15a baino lehen emango da.

      3. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkari ofizialean argitaratuko da, eta jakinarazpen ondorioak eragingo ditu. Argiratze egunean bertan, pertsona eskarigileek abixua jasoko dute eskarian adierazi duten posta elektronikoan.

      4. Ebazpenak ez dio amaiera eman bide administratiboari. Bere aurka erakunde interesdunek borondatezko berraztertze errekurtsoa jar dezakete, nahi izanez gero, HABEren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 legeari eta bertako 123 eta 124 artikuluei jarraiki.

      5. Dirulaguntza-ematea baldintzatuta dago, izapidetzan dagoen edozein diru-itzulketa edo zigor espediente amaitzera. Espediente hau amaitzean, laguntza publikoak jasotzeko ezgaitasuna edo dirua itzultzeko betebeharra ezarri bada, eta hau ez bada borondatezko ordainketa-epean ordaindu, bertan behera geldituko dirulaguntza, onuradun izateko debekua izateagatik.

      6. Deialdi honetako erakunde eskari-egileren batek, eskabidea aurkeztu edo ebazpena eman ondoren, ekipamendu berdina eskuratzeko bestelako erakunde baten dirulaguntza jasoko balu, HABEko zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, gainfinantzaketa gertatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantziazioa dagokion kopuruan murriztu dadin.

      1. oinarria. Beste dirulaguntzen bateragarritasuna.

      1. Deialdi honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekiko, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.

      2. Gainfinantzaketa gertatuko balitz, edota finantzaketa publikoetan aurreikusitako mugak gaindituko balira, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.

      1. oinarria. Dirulaguntzen ordainketa.

      1. Emandako dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaio erakunde onuradunari, gastua behar bezala zuritu ondoren.

      2. Dirulaguntzaren ordainketa baldintzatuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitzera.

      1. oinarria. Dirulaguntzaren zuriketa.

        Entitate onuradunak 2022ko abenduaren 15a baino lehen, bide telematikoko aplikazioa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin, dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

        1. Finantzatutako ekipamendu teknologikoaren erosketaren jatorrizko fakturak eta baita ordainketaren ziurtagiria ere. Ebazpenean aipatzen den ekipamenduaren deskribapena jaso beharko da fakturetan.

        2. Txosten bat, eskuratutako ekipamendua jaso, martxan jarri eta erabiltzeari buruzkoa. Txosten horrek, gutxienez, apartatu hauek izango ditu:

          Ekipamenduaren behin betiko kokapenaren deskribapena.

          Eskuratutako ekipamenduaren kalitatearekiko adostasuna, aurreikusitako helburuetarako egokia dela, eta harrera-proben emaitza.

        3. Erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du entitate onuradunak, zeinaren bidez adieraziko duen ekipamendu bera eskuratzeko beste erakunde publiko edo pribatu batek emandako laguntza jaso duen ala ez, eta hala balitz, kofinantzaketa hori justifikatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko du.

      2. oinarria. Onuradunaren betebeharrak.

        Ebazpen honetan definitutako dirulaguntzen erakunde onuradunek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak konplitu beharko dituzte, bai eta DLOren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

        1. Diruz lagundutako karduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

        2. Dirulaguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak bete eta jarduera bera aurrera eramatea.

        3. Beste edozein Administrazio, erakunde publiko edo pribatuk, helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEri. Era berean, laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

          11. oinarrian aurreikusitako fakturak aurkeztu ondoren, eta gutxienez bost urtez, ekarpen horretatik aurrera, erakunde onuradunek zaindu beharko dituzte egin dituzten eta laguntzaren xede diren gastuak egiaztatzen dituzten faktura eta gainerako dokumentu guztiak, bai eta deialdiari buruzko beste edozein dokumentazio ere. Erakunde onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman behar die erakunde bi horiek beren eginkizunen barruan deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eska diezaioketen edozein informazio eta dokumentazio, hala eskatuz gero.

    5. Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari, DLOren 18.4 artikuluan araututakoari jarraikiz. Horretarako, diruz lagundutako ekipamenduan HABEk emandako babesaren berri adierazi beharko da, Eusko Jaurlaritzaren eta HABEren logotipo normalizatua eta HABEk diruz lagundua esaldia agerian jarriz.

    6. Ebazpen honen ondorioz diruz lagundu diren ondasunak dirulaguntza eman den xede jakinera bideratuko dira, gutxienez bi urtez, erregistro publikoetan inskribatzen ez diren ondasunak diren neurrian.

    7. Gainfinantziazioa beste dirulaguntza batzuekin batera gertatzen denean, dirua itzultzeko betebeharra gauzatzeko eskatuko du HABEk, gainditutako zenbateko osoa eskatuz, deialdi honen baitan emandako dirulaguntzen muga arte.

      1. oinarria. Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

        Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere dirulaguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako dirulaguntza edo laguntzarik eman badu, dirulaguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Dirulaguntza jasotzeko baldintzen aldaketatzat joko dira, halaber, behar bezala justifikatzen edo egiaztatzen ez diren gastuak; kasu horretan, beraz, egokiro justifikatu edo egiaztatu ez diren gastuak laguntzeko diru-kopuruak aldatzeko ebazpena emango da.

      2. oinarria. Dirulaguntzarako eskubidea galtzeko edo itzultzeko arrazoiak. Arau-hausteak eta ez-betetzeak.

      1. Edozein kasutan, deialdi honetako onuraduna lotuta dago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta DLOren 13. artikuluan jasotako oinarrizko xedapenetan zehaztuta dauden lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenarekin.

      2. Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen du dekretu horrek), DLOren 37. artikuluan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera, eta, zehazki, jarraian adierazitako ez-betetzeak egiaztatzen badira, aipatutako abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera. 698/1991 Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntzak itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

        Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta DLOren 37. artikuluan azaldutako kausez gain, honako hauek ere dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko kausatzat hartuko dira:

        1. Onuradunak dirulaguntzari uko egiten badio.

        2. Deialdi honetako oinarrien eta administrazio-agirien ez-betetze larria (osorik edo zati batez).

        3. Dirulaguntza ebazpen honetan ezarritako epeetan ez erabiltzea, justifikatuta ez badago behintzat.

        4. Ebazpen honetan ezarten den moduan HABEren laguntza jaso dela ez adieraztea.

      3. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa gorabehera, dirulaguntza ordaindu ondoren justifikatzen bada ekipamendu zientifiko bera erosteko beste erakunde publiko edo pribaturen baten kofinantzaketa jaso dela, dirulaguntza murriztuko da, eta jasotako dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

      4. Dirua itzultzeko, aipatutako abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango egin beharreko beste ekintza guztiak bideratzeko. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

      1. oinarria. Datuen tratamendua.

        Dirulaguntza deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak eta egiaztatze-prozeduran sortzen direnak, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak araututakoari jarraikiz, Euskaltegien eta Autoikaskuntzarako Zentro Homologatuen Erregistroaren Kudeaketa izeneko tratamenduan tratatuko dira, ondoren zehazten diren helburuetarako:

        HABEk euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen finantzaziorako bideratzen dituen dirulaguntzen kudeaketa.

        HABEri atxikita dagoen euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroaren kudeaketa.

        HABEren zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

        Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko eta interes publikokoa den jarduera sustatzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak egikaritzeko.

        Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

        Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezake helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/

      2. oinarria. Aplikagarriak diren arauak.

        Ebazpen honetan jasotako dirulaguntza hauei dagokienez, legedi hau da ezargarria: urriaren 1eko 39/2015 legea eta urriaren 1eko 40/2015 legea; Euskadiko Ogasun Orokorreko printzipio antolatzaileen 1/1997 lege-testu-bateratua, azaroaren 11koa eta bertako VI titulua, VII tituluko III kapitulua; azaroaren 17ko dirulaguntzan 38/2003 lege orokorra eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

        (Ikus .PDF)

        (Ikus .PDF)