Uztailean, Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 121. zenbakian...

egilea: Administrazio Hizkera Atala,
Elkarrizketa atalean…
20.000 especies de abejas filma zuzendu duen Estibaliz Urresola zinema zuzendariari egindako elkarrizketa irakurtzeko aukera izango duzu.
Ez dut exajeratzen: beharbada 200 elkarrizketa egingo nituen bi hilabetean. Baina aurretik dator zaparrada: Berlin baino lehenago, Malaga izan zen. Eta, lehenago, Goya sarietako izendapenak. Elkarrizketa uholdea izan da. Iruditzen zait urtea elkarrizketak ematen joan zaidala, beste ezertarako denborarik gabe. Batek daki noiz etorriko den hurrengo gidoia. Elkarrizketa eskeak bata bestearen atzetik datozkit, eta energia galera handia da. Hala ere, esaten dute lanaren parte bat dela promozioa, egindako proiektua ezagutarazteko lana, alegia. Jendeari asko kostatzen zaio zinema aretoetara joatea, eta, beraz, ahalegin komunikatibo handia egin behar izaten da, eta ez bakarrik elkarrizketak egiten, ezpada komunikazioa elikatzeko material grafikoak eta bestelakoak sortzen, ahal den eta jenderik gehienak jaso dezan gure mezua.
Non zinateke 20.000... honek saririk izan ez balu?
Batek daki! Lasaiago biziko nintzatekeela, ziur! Kar, kar, kar! Anonimoago nintzateke eta, ziur aski, proiektu berriren baten haziarekin harremanetan jartzen hasita nengoke, sortzen. Baina sortze prozesua ere misterio hutsa da. Ez dakit non eta nola gertatzen diren gauzak zehazki, baina azken bi proiektuei dagokienez –Cuerdas eta Abejas–, errealitatearekiko kontaktuan sortu dira: zerbaitek oso modu sakon, intimo eta adierazi ezin den batean jo nau, eta errealitate horretara hurbiltzeko bulkada sortu da. Cuerdas-en kasuan, jardunaldi ekofeminista batzuetan nintzen, beste gabe, batere proiekturik gauzatzeko asmorik gabe, eta, han, Muskizeko mediku erretiratu batek esandako hitzekin egin nuen topo. Herrian halako enpresa bat [Petronor] izateak dituen inplikazio sozialak azaldu zituen, eta horretaz gehiago jakiteko desioa sentitu nuen. Mediku harekin harremanetan jarri nintzen, eta hasi genuen bidea.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Giza baliabideak atalean…
Nagore García Sanz, Gizarte-komunikazioko aholkularia eta prestatzailea podcastek adminstrazio publikoetan dituzten aukerez eta abantailez arituko zaigu, besteak beste.
Podcasta komunikazio- eta dibulgazio-tresna bat da, eta, horren bitartez, informazio esanguratsua parteka daiteke, herritarrak gai garrantzitsuen inguruan hezi eta sentsibiliza daitezke, eta publiko berrietara irits daiteke. Goraldian dagoen komunikazio-formatua da, Administrazio Publikoei aukera handiak ematen dizkiena.
Herritarren kontsumo-ohitura berrien ondorioz, eskariaren araberako audioak goraldian daude azkenaldian. Nahierako edukien kontsumo-mota berri baten aurrean gaude: norberak erabakitzen du noiz, zer, nork, nola eta zenbat aldiz entzungo duen eduki bakoitza.
Administrazio Publiko gisa podcast baten alde egiteak aukera ematen digu herritarrengana inolako intrusiorik gabe gerturatzeko, herritarrentzat garrantzitsuak eta interesgarriak diren edukien bitartez.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Horiek eta beste hainbat gai uztaileko Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 121. zenbakian. Sarean irakur dezakezu, edo etxean jaso nahi baduzu, harpidetza egin.