IVAPek beste liburu bat argitaratu du

20 aholku hizkera juridiko-administratiboa hobetzeko

#

egilea: Xabier Amatria Cuesta, 

“Legeak herriaren borondatearen adierazpena badira, arau horiek hartzaileek ulertzeko moduan idatzi behar dira” (Jesús Prieto de Pedro)

IVAPek 20 aholku hizkera juridiko-administratiboa hobetzeko (leiho berri batean irekitzen da) liburua argitaratu du.

Liburuan diskurtsoaren irakurgarritasuna hobetu eta testuak arintzeko irtenbideak proposatzen ditugu, hala nola zerrendak erabiltzea, tartekiak ondo kudeatzea, edo testu-antolatzaileez baliatzea. Era berean, konponbidea eman nahi izan diegu hizkera juridiko-administratiboa ilun eta ulergaitza egiten duten zenbait erabilerari: besteak beste, lexiko teknikoegia, gehiegizko perifrasiak, formula eta esapide ihartuak, luzamenduak, nominalizazioa, errepikapenak, erlatiboak edo esaldi pasiboak. Eta, aipatutakoez gain, hizkuntzaren alde formalarekin eta zuzentasun gramatikalarekin zerikusia duten zenbait alderdi ere jorratu ditugu; esaterako, gerundio okerrak, letra larria, kalko okerrak, puntuazio akatsak zein zenbait aditzen erabilera traketsa.

Aurretik egindako proiektu batean oinarrituta

Argitalpen hau ez da ezerezetik sortua. Batetik, IVAPek urteetan administrazio hizkera hobetzeko ahaleginean egindako lana izan dugu elikagai. Bestetik, proiektu zabalago baten barruan kokatu behar dugu ekimena. Izan ere, liburu honek badu aurrekari bat gaztelaniaz (20 consejos para mejorar la calidad de los textos jurídicos (leiho berri batean irekitzen da)); hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzaren eskaera bati erantzuteko abiarazitako proiektua. Horri jarraipena emateko, euskarazko egitasmoa jarri genuen martxan IVAPen ekimenez. Oraingoan baina, Eusko Jaurlaritzara ez ezik, hiru foru aldundietara eta UEMAko udaletara ere hedatu dugu.

Gaztelaniazko proiektuan bezala, 20 unitate didaktiko labur eta zehatz prestatu genituen, eta, astean behin, posta elektronikoz bidali genizkien aurrez aukeratutako 250 langileri. Aste horietan, hartzaile eta igorleen arteko komunikazio-kanalak ere eratu genituen.

Lan horiek egin ostean, iruditu zitzaigun alde praktikoa falta zitzaiola proiektuari. Eta hori indartze aldera sortu genuen “20 aholku hizkera juridiko-administratiboa hobetzeko” lineako ikastaroa, zeina egun Euskal Autonomia Erkidegoko enplegatu publikoei eskaintzen baitiegu.

Liburuaren helburuak

Idazkera erraz eta argian gauzatutako eskuliburuan, batez ere, testu juridiko-administratibo argien idazketan eragiten duten elementuak azaldu nahi izan ditugu. Gure asmoa izan da erakustea ezen, diskurtso juridikoko zenbait ezaugarritan arreta jarriz gero, askoz testu argiagoak idatz ditzakegula, genero honetako idatzien berezko zehaztasuna kaltetu gabe.

Badu beste helburu bat ere gure liburuak; alegia, herritar askori eragiten dien arazo bati buruzko kontzientzia sortzea. Horrekin zera esan nahi dugu: berebiziko garrantzia duela herritarrek legea ¾eta lege horretatik eratorriko testuak¾ ulertzeak, horrela soilik egikaritu ahal izango baititu bere eskubideak.

Hortaz, testu juridikoen sortzaileak animatu nahi ditugu idatzi aurretik testuen hartzailearengan pentsatzera, ulermena erraztuko duten diskurtso-estrategiak erabiltzera eta, aldi berean, herritarrak nahastuko dituzten diskurtso-elementuak baztertzera.

Liburuaren paperezko bertsioa agortuta dago. IVAPeko webgunean (leiho berri batean irekitzen da) duzu pdf formatuan deskargatzeko aukera.