HABE

7±2 zenbaki magikoa

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Askoren iritziz, psikologia kognitiboak 1956an eman zituen lehen urratsak, zehazki irailaren 11n, MITen (Massachusettseko Institutu Teknologikoa) antolatutako Informazioaren Teoriari buruzko Sinposioan. Jardunaldi hartan, besteak beste, konputazio-logikaren hastapenak aurkeztu zituzten Allen Newellek eta Herbert Simonek; Noam Chomskyk, berriz, transformazio-gramatikaren oinarriez jardun zuen.

Alabaina, gaurko postean jardunaldi emankor hartako beste ideia bat aipatu nahi dugu; hain zuzen ere, Zazpi, gehi/ken bi zenbaki magikoa (leiho berri batean irekitzen da), George Armitage Miller (1920-2012) psikologoak aurkeztutako kontzeptua.

Esperimentu bidez egiaztatutako nozio horrekin Millerrek egiaztatu zuen gure epe laburreko memoriak (laneko memoria ere deritzona) 7 gehi/ken 2 elementu inguruko muga duela, hau da, 5 eta 9 item artekoa. Zehatzak izanik, eta Millerri zor zaion errespetuagatik, zehaztu beharko genuke muga hori elementuen konplexutasunaren eta hartzaileak gaiari buruz duen ezagutza-mailaren araberakoa ere badela.

Post honen asmoa ez da “zenbaki magiko”aren zehaztasuna baloratzea, ezta osatzea ere ordutik hona burututako azterketa neurozientifikoen emaitzen haritik (egungo ikerketek 4 elementu aipatzen dituzte). Besterik gabe, kontzeptuak hizkera argiaren esparruan izan dezakeen baliagarritasuna nabarmendu nahi dugu.

Aipatu nahi dugun tesiak dio ezen, beste gauza askoren artean, testu bat ulertzeko darabilgun lan-memoriak muga bat duela. Mutur horretatik aurrera, esaldi baten informazioa ulertzeko prozesatze-lana zaildu egiten zaigu. Bestela esanda, esaldi batek zenbat eta elementu gehiago izan, orduan eta zailtasun handiagoak izango ditu gure oroimenak informazio hori guztia gordetzeko eta manipulatzeko; alegia, irakurtzen jarraitzeko.

Testuak idazteko orduan, aintzat hartu beharko genuke oroimenaren gaitasun mugatu hori. Hala izanik, testu lagunkoiagoak eta komunikatiboagoak idazten saia gaitezke, eta horretarako, nahikoa izan daiteke sarritan esaldien luzera murriztea; eta bereziki, gure kasuan, aurre egitea prosa administratiboan sustraituta dugun paragrafo esaldibakarrak osatzeko joerari.

Gobernu Kontseiluak administrazio elektronikoari buruzko dekretu berria onartu du Eusko Jaurlaritzak ematen dituen zerbitzuen % 100 Interneten bidez herritarren eskura jartzea eta, aldi berean, herritarrek eta enpresek jasaten dituzten administrazio-kargak % 30 murriztea helburu duena, eta iaz onartu zen Berrikuntza Publikoaren Planaren (PiP) ardatz estrategikoetako bat dena.

Gobernu Kontseiluak administrazio elektronikoari buruzko dekretu berria onartu du. Dekretua Eusko Jaurlaritzak iaz onartutako Berrikuntza Publikoaren Planaren (PiP) ardatz estrategikoetako bat da. Plan horren helburua da Eusko Jaurlaritzak ematen dituen zerbitzuen % 100 Interneten bidez herritarren eskura jartzea eta, aldi berean, herritarrek eta enpresek jasaten dituzten administrazio-kargak % 30 murriztea.

Era berean, saiatu beharko genuke elementu ugariz (kasu honetan, hitzez) betetako esaldiak saihesten. Hauek ere ohikoak dira administrazio-testuetan.

Beharrezkotzat kontsideratzen den kasuetan, egindako eskabideak ebazteari ekiteko egokitzat irizten duen dokumentazio osagarria eskatu ahal izango die Hezkuntza Sailak eskatzaileei. Eskabideak ebazteko beharrezkoa bada, Hezkuntza Sailak dokumentazio osagarria eskatuko die eskatzaileei.

Kontuan izan behar dugu perpaus luzeegiek ulermena zailtzen dutela. Hori horrela izanik, komeni da beharrizanik gabe puztutako perpausak saihestea, batez ere, esparru juridiko-administratiboko testuetan; izan ere, ezin dugu ahaztu herritar askorentzat administrazio-prozeduraren oinarrizko kontzeptuak ere ezezagunak direla.