HABE

Siglak eta akronimoak: idazketa-arauak (1)

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Siglen presentzia gero eta ohikoagoa da genero guztietako testuetan; izan ere, adierazpen konplexuak laburtzeko duten gaitasunagatik, erabat egokitzen dira egungo erredakzio-ereduetara. Laburtzapen hauei esker, edukiak labur daitezke, eta kontzeptuen zein erakundeen errepikapen gogaikarriak saihestu.

Siglak, berez, adierazpen bateko hitzen hasierako letrarekin osatutako laburtzapenak dira. Definizioaren ñabarduretan sakonduz, zehaztu behar da adierazpen bateko hitz guztiek ez dutela parte hartzen siglen osaeran: soilik karga semantikodunek betetzen dute aipatutako funtzioa; alegia, esamoldea osatzen duten substantibo eta adjektiboen (batzuetan, adberbioak) hasierako letrekin osatzen dira. Horrek esan nahi du alde batera uzten direla eduki lexikorik ez duten elementu gramatikalak (artikuluak, juntagailuak…): EIZIE (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea).

 

Siglen eraginkortasuna

Siglak neurrian erabili behar ditugu eraginkorrak izan daitezen ikuspegi komunikatibo batetik. Ezer baino lehen, argi izan behar dugu, zenbaitetan, testuaren ulermena oztopa dezaketela sigla motaren edo hartzailearen profilaren arabera,; izan ere, laburtutako adierazpena ez da beti ezaguna izaten.

Baldin eta uste badugu testuinguru jakin batean siglaren esanahia ez dela argia, komeni da interpretazio-gakoak eskaintzea; hartara, sor daitezkeen nahaste zein interpretazio okerrak saihestuko ditugu. Horrelako kasuetan, komeni da siglaren aldamenean adierazpide osoa ematea. Testuaren ulermena hobetzeko mekanismo hori bi modutan egitura daiteke:

  • Parentesi artean adieraziz siglaren adierazpide osoa: ELGA (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea).
  • Sigla parentesi artean kokatuta: Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA).

Siglak biltzen duen adierazpide osoa errepikatzeak testua astundu dezakeela ikusiz gero, esamolde argigarri bat erabil dezakezu siglaren lehen aipamenean; modu horretara, adierazpen osoaren formula errepikatzea saihestu dezakegu. Adibidez: Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (aurrerantzean, ELGA).

Beste hizkuntza batean idatzitako sigletan, argigarriena itzultzea edo esanahia adieraztea da:

  • SEPIren (Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatea) jarduerak ordenamendu juridiko pribatuarekin bat datoz.
  • BDEk (Bundesverband der Deutschen Entsorgungswirtschaft, hondakinak kudeatzeko Alemaniako elkarte patronal eta industriala) hainbat aldaketa egin ditu aurtengo helburuetan. 

 

Siglen irakurketa

Kontuan izan sigla bera irakurtzen dela, eta ez ordezkatzen duen adierazpidea. Laburduren kasuan ez da hori gertatzen; esaterako, ez dugu tel. laburdura irakurtzen, baizik eta ordezkatzen duen “telefono” hitza.

Horrela izanik, irakurketa-patroiaren arabera, bi sigla mota bereiz ditzakegu:

  • Letrakako siglak: letraz letra irakurtzen direnak (DNA, UEU…)[1].
  • Silabakako siglak: modu sekuentzialean irakurtzen direnak, hau da, edozein hitz bezala (HIES, IVAP….)[2].

Bigarren motako siglek izen bereizgarria dute, akronimo bezala ere ezagutzen baitira. Ahoskera desberdinaz gain, sigla horiek beste zenbait berezitasun ere badituzte ortografiari dagokionez.

 

Akronimoa, sigla mota berezi bat 

Aipatu dugunez, akronimoak modu sekuentzialean (silabaka) irakurtzen diren siglak dira (HABE, NATO…); bereizgarri horren ondorioz, letraka irakurtzen diren siglak baino irakurterrazagoak dira. Propietate hori dela eta, akronimoak gero eta ohikoagoak dira gure testuetan.

Bidenabar, esan daiteke irakurgarritasun hori behartu egiten dela sigla batzuk eratzerakoan, eta, horrela izanik, gero eta maizago ikus daitekeela ez dituztela betetzen finkatutako idazketa irizpideak. Beste modu batera esanda, gero eta ohikoagoa da siglak karga semantikodun hitzen hasierako letren konbinazio kanonikotik urrundu eta beste modu batera egituratuta ikustea. Besteak beste, hauek dira akronimoak eratzeko joera nagusietako batzuk:

    • Adierazpenaren elementuren bateko hizki bat baino gehiago erabiltzea sigla eratzeko: EUDEL, IRALE, Galeusca…)
    • Eduki lexikorik ez duten gramatika-elementuez baliatzea (bereziki, juntagailuak): JEL (Jaun-goikoa eta Lege-Zarra), sonar (sound navigation and ranging).
    • Bi hitz edo gehiagoko elementuak elkartzea, lehenengoaren hasierarekin eta azkenaren amaierarekin: Emakunde (emakumearen euskal erakundea), euskañol (euskara+ español), Brexit (Britain exit).

Akronimoen kasuan, literalizazio-prozesu bat gertatzen da, zeinaren bidez siglak sistema morfologikoan asimilatzen baitira, hau da, hitz bihurtzen dira zentzu guztietan. Horrela izanik, akronimoek ez dute betetzen osorik letra larriz idaztearen arau orokorra, eta, beraz, bi modutan idazten dira, izen motaren arabera:

  • Hasierako letra larria (izen propioen kasuan): Unesco, Renfe[3].
  • Letra xehea (hitz arrunten kasuan): modem, radar, laser.

Literalizazioaren izaera diakronikoa dela eta, ohikoa da akronimoak idazteko bi moduak ikustea:

  • Egiaztatu gabeko hainbat teoria daude HIESaren jatorriari buruz.
  • Egiaztatu gabeko hainbat teoria daude hiesaren jatorriari buruz.

 

[1] Kategoria honetan sartzen dira osaeran zifrak edo zeinuak dituzten siglak: MP3, I+G. Kasu horietan, ez da derrigorrezkoa gidoia erabiltzea izaera desberdineko elementuok bereizteko: 3D, G8... Berriaren Estilo liburuak errepideen izenak eta data laburtuak salbuespentzat hartu eta marratxoarekin idazteko gomendatzen du: A-15 autobidea, M-8.

[2] Sigla batzuetan bi irakurketa-patroiak konbinatzen dira: segmentu bat modu sekuentzialean irakurtzen da eta beste bat letraka: CD-ROM, UEFA.

[3] Euskaltzaindiaren EBEn aipatzen denez, sigla eta akronimo batzuk izen berezi gisa idazten dira, marka bihurtu direlako edo sei letra edo gehiago izanik hitz gisa —eta ez letraka— irakurtzen direlako.