HABE

Esapide konplexuak

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Administrazioaren esparruan, oraindik ere badago hizkuntza sinplearekiko nolabaiteko desatxikimendu bat. Horren erakusgarri da, besteak beste, egitura korapilatsuen aldeko joera errotu bat, zeinak esanahi bereko forma sinpleagoak baztertzen baititu. Ezaugarri horren adibide argi bat gure testuetako formula konplexuen ugaritasunean aurki daiteke; gehienak gazteleraren kalkoen ondoriozkoak dira.
Azken finean, bi hitzetan adieraz daitekeena bost hitzetan adierazteko dugun zaletasunaz ari gara hemen. Zer esanik ez, joera ezagun hori administrazio-testuei eskatu beharko geniekeen argitasun-printzipioaren aurka doa.
Hemen dituzu esapide horien 5 adibide. Bakoitzarekin batera, hizkera argitik hurbilago dauden proposamen sinpleago bana eskaintzen dizugu.

Arrazoiengatik

Adibide desegokia Seme-alaben gaixotasunaren arrazoiengatik 10 eskola-egun jarraian baino gehiagotan jantoki zerbitzua erabili ez duten familiek dirua itzultzea eskatu ahal izango dute.
Adibide egokia Seme-alaben gaixotasuna dela eta 10 eskola-egun jarraian baino gehiagotan jantoki zerbitzua erabili ez duten familiek dirua itzultzea eskatu ahal izango dute.

Baldintzapean

Adibide desegokia Pedro Salaberria Sanchezi obra lizentzia ematea Aizerrota 7 kaleko etxearen kanpoko aldean propano depositu bat jartzeko, Udal honetako teknikariak ezarritako neurri zuzentzaileak betetzearen baldintzapean.
Adibide egokia Pedro Salaberria Sanchezi obra lizentzia ematea Aizerrota 7 kaleko etxearen kanpoko aldean propano depositu bat jartzeko, baldin eta Udal honetako teknikariak ezarritako neurri zuzentzaileak betetzen baditu.

Kaltetan gabe

Adibide desegokia Egoki iritzitako beste edozein errekurtso jartzearen kaltetan gabe, interesdunek Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak Bilbon duen Administrazioarekiko auzietarako Salan, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Adibide egokia Interesdunek Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak Bilbon duen Administrazioarekiko auzietarako Salan, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean; nolanahi ere, egoki iritzitako beste edozein errekurtso jarri ahal izango dute.

Helburuarekin

Adibide desegokia Justizia Administrazioa bere helburuak lortzeko beharrezko bitartekoez hornitzearen helburuarekin, ezinbestekoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde Historikoetan dauden organo judizialek eskatutako peritazio ekonomikoa.
Adibide egokia Justizia Administrazioa bere helburuak lortzeko beharrezko bitartekoez hornitzeko, ezinbestekoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde Historikoetan dauden organo judizialek eskatutako peritazio ekonomikoa.

Suposamenduan

Adibide desegokia Hustuketa fatxadara egiten den suposamenduan, irteera espaloitik gutxienez 2,30 metroko altuerara ipinitako sareta baten bidez egingo da.
Adibide egokia Hustuketa fatxadara egiten bada, irteera espaloitik gutxienez 2,30 metroko altuerara ipinitako sareta baten bidez egingo da.

Maiz erabiltzen dituzu horrelako esapideak? Hala bada, zure testuak modu errazagoan idatzi beharraren seinaletzat erabil ditzakezu.