HABE

Apirilean, Solasaldiak gehigarrian, Txomin Peilleni elkarrizketa

Baina, nor da Txomin Peillen?

#

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

Andima Ibinagabeitiak bataiatu zuen erranez, “hemendik aurrera Txomin izango zara”, eta geroztik, Txomin da. Anitz lan argitaratutakoa dugu, eta lanetan kuttunenak bi omen ditu: bata, Nina Waita, amerindiarren borrokaz, bestea, Minotauro. Minotauroz, zera esan digu elkarrizketan:

“Idazteko lan atergabe horretan, oraindik orain kaleratu duzu azken lana, Minotauro eleberria. Jon Miranderen Haur besoetakoari eman erantzuna, omen, liburu hau.

Baina ez bakarrik Jon Miranderi, [Vladimir] Nabokovi ere erantzun nahi izan diot. Biei. Pedofiliaz ari dira haiek biak beren lanetan, Haur besoetakoan eta Lolitan. Nire nobelan aipatu nahi izan dut pedofiliak pertsona bat suntsitu dezakeela, eta intzestua eta bortxa bizi ondotik, pertsona horrek berriro bizira etortzeko lan handia egin behar duela. Mirandek pedofiliaren xarma erakutsi nahi zuen. Nik, kontrakoa. Hark, gizonaren ikuspuntutik idatzi zuen. Gizonak pentsatzen du, gizonaren ahotsa entzuten da, gizona da protagonista. Nik, Minotauron, neskaren ikuspegitik idatzi dut, neskak dioena erakutsi nahi izan dut. Zuberoan gertatutako egiazko istorio bat hartu dut inspiratzeko, XVI. mendekoa, baina hura non gertatu zen ez kontatzeko erran didate, zeren familia bizi da oraino. Erraiten ahal dut, halere, orduan, aita batek alaba bortxatu zuela, eta hiru semeek hartu eta lepoa moztu ziotela.”
 

[Elkarrizketa osorik apirilean, Administrazioa Euskaraz aldizkariarekin batera argitaratuko den Solasaldiak gehigarrian.]