HABE

Uztailean, Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 109. zenbakian...

Cohousing: Bizikidetzari esanahi betea eman nahi dion etxebizitza-eredua

#

Iturria: http://cohousing.org.uk

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

Gurean ibilbide laburra du etxebizitza kolaboratibo edo cohousing delakoak, orain dela mende erdi inguru Europako iparraldean/Danimarkan sortutako mugimenduak. Hain laburra, ezen Euskal Herrian dauden mota horretako proiektuetatik bat ere ez den oraindik gauzatu (nahiz eta baieztapen horrek ñabarduraren bat edo beste merezi duen). Edonola ere, eta kopurua oraindik txikia izanagatik, azken bizpahiru urteetan nabarmen ugaritu dira etxebizitza kolaboratiboko egitasmoak Euskal Autonomia Erkidegoan. Horien sustatzaileek azpimarratzen dute ereduak abantaila asko eskaintzen dituela, baina bistan da aurrera eramateko oztoporik ez zaiela falta; hain zuzen ere, horietako batzuk arintzen lagundu dezakeen araudia sortzear da Eusko Jaurlaritza. Baina, zer da etxebizitza kolaboratiboa?

Cohousing izendapenaren barruan hainbat proiektu-mota sar badaiteke ere, orobat esan daiteke etxe batean bizi direnen arteko harremanak eta lankidetza areagotzea dela guztien ezaugarri nagusia. Hori lortzeko, etxebizitza kolaboratiboek diseinu jakina izaten dute. Oscar Luciok, Ametsak Sortzen euskal cohousing elkarteko presidenteak azaldu digunez, “alde batetik erabiltzaile edo familia bakoitzak bere eremu pribatua du, bestetik gune komunak daude”. Bertan bizi direnek gune komun horiek eta zenbait zerbitzu partekatzen dituzte, eta komunitatearen funtzionamenduaz erabakiak hartzen dituzte elkarrekin.

Lucioren esanetan, bizikidetza komunitarioa ez da “intentsitate” berekoa etxebizitza kolaboratibo guztietan, hori ere talde bakoitzak erabakitzekoa baita. Baina betiere, gutxi-asko, lankidetzan aritzeko asmoa dago etxebizitza kolaboratiboko proiektu baten muin-muinean. “Espazio pribatuari egotzitako hainbat jarduera etxeetatik ateratzeko moduak landuko ditugu, maite dugun intimitateari uko egin gabe”, irakur daiteke, esate baterako, Donostiako Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa egitasmoaren dekalogoan. [Artikulua osorik Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 109. zenbakian]

Hori eta beste hainbat gai uztaileko Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 109. zenbakian.