HABE

Urtarrilean, Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 107. zenbakian...

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

 

  

Irudia: Hans Kretzmann (Pixabay)

 

Aldizkariaren "Osasuna" atalean, haurrek ere depresioa sufritzen dutela azaldu digute EHUko Joana Jaureguizar, Elena Bernaras eta Maite Garaigordobil adituek. Hainbat ikerketa egin ostean, ikusi dute haurrek beren egonezina tristurarekin adierazteaz gain, jokaera desegokien bidez ere adieraz dezaketela. Jokaera desegoki horiek, besteak beste, portaera arazoak, haserreak eta isolamendua izaten dira.

Hona hemen artikuluaren aurrerapen txiki bat:

Haurrak zoriontsuak al dira?

Haurrak zoriontsuak direla pentsatu izan da urteetan. Jendeak uste zuen haurrek ez zutela kezkarik izaten, pozik bizi zirela, eta arrazoi hori zela medio, buruko gaixotasuneko diagnostikorako eskuliburuetan ez zen jasotzen haurrek depresioa izan zezaketelako zantzurik. Munduko Osasun Erakundearen arabera (MOE, 2015), depresioak 350 milioi pertsonari eragiten die, eta gerta daitekeen ondoriorik larriena da pertsonak bere buruaz beste egitea.

Haurrek, helduen moduan, beren egonezina tristurarekin adieraz dezakete, baina baita jokaera desegokien bidez ere: portaera arazoak, haserreak, isolamendua, eta abar. Haurrek ez dauzkate egonezina adierazteko helduok ditugun baliabide eta ezagutzak, eta ahal duten moduan espresatzen dute. Hortaz, pentsatu beharko genuke haurren jokaera desegokiak haien egonezinari aurre egiteko moduak direla, oraindik ez baitute nahikoa abileziarik ezta gaitasunik beste era batera adierazteko.

Ume askok pairatzen duten gaixotasuna al da?

Datu hori ezagutzeko zenbait ikerketa egin dira Euskal Autonomia Erkidegoan 2013az geroztik. Esaterako, 2013an egindako ikerketa batean ikusi zen 8-12 urte bitarteko haurren % 4,2k depresio-sintoma larriak zituztela. Handik lau urtera, 7-10 urte bitarteko ikasleekin egindako beste ikerketa batean ondorioztatu zen haurren % 4,6 - 4,8k depresio klinikoki esanguratsuaren sintomak zituztela. Adinarekin datozen aldaketak kontuan hartuta, Bernaras et al.-k (2013) ikusi zuten 11 urte bitartean mutilek ondoez emozional handiagoa erakusten zutela; baina 12 urtetik aurrera aldaketa bat izaten dela eta neskek dutela ondoez emozional handiagoa, eta, gainera, joera horrek heldutasunera arte irauten duela. [Artikulua osorik Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 107. zenbakian].

Hori eta beste hainbat gai urtarrileko Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 107. zenbakian.