HABE

Urrian, Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 110. zenbakian...

Iruzur fiskala: Zerga-bilketa bidezkoagoa izan dadin, irizpideak bateratu

#

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

Orain dela zazpi urte onartu zuen Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak iruzur fiskalaren aurkako borroka-plan bateratua prestatuko zuen batzorde bat eratzea, hiru foru-aldundien eta Jaurlaritzaren parte-hartzearekin. Horren emaitza urtez urte berritzen den Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Plan Bateratua izan zen; zazpigarrena da aurten indarrean dagoena.

Zerga-iruzurrak zer-nolako kaltea eragiten duen gogora ekartzen dute planaren lehen paragrafoek: “Iruzurraren berehalako ondorioetako bat politika publikoak finantzatzeko gaitasunaren murrizketa da, baina horrez gain gizartearen aurkako eta elkartasunik ezeko delitu-fenomenoa ere bada, eta zama fiskala bidegabeki banatzen du zerga-arauak betetzen dituztenen eta betetzen ez dituztenen artean”. Gero eta agerikoagoa da horri aurre egiteko garaian erakundeen arteko lankidetzak garrantzi handia duela; informazioa elkarrekin trukatzeari dagokionez, besteak beste. Hala, nazioartean estrategia bateratuak zehazteko kezkak gora egin du, eta ildo horretakoa da EAEko plana ere, haren testuak azaltzen duenez.

Iruzurraren aurkako jarduketak hiru kategoria handitan sailkatzen dira: informazioa lortzeko helburua dutenak, prebentziozkoak, eta erregularizatze- eta kobrantza-jarduketak. Eraginkorrak izateko “funtsezkoa da garapen teknologikoak indartzen ahalegintzea”, dio planaren testuak, “informazioaren tratamendu arin eta eraginkorragoa sustatzen baitute”. Halaber, erabakigarritzat jotzen da herritarren “kontzientzia fiskala indartzea”, besteak beste. [Erreportajea osorik Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 110. zenbakian]

Hori eta beste hainbat gai urriko Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 110. zenbakian.