HABE

Kontuz egitura anbiguoekin

#

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Erratzeko beldur handirik gabe esan daiteke testu administratiboak arrotzak direla populazioaren parte esanguratsu batentzat. Eduki zein kontzeptu ugari ez dira ohikoak jende askoren egunerokoan eta, ondorioz, ulergaitzak suertatzen zaizkie. Abiapuntu hori izanik, ikuspegi komunikatiboago batean oinarrituta eratu beharko genituzke testu horiek; bestela esanda, edukia zaila den neurrian, ez genituzke forma aldetik are zailago bilakatu beharko gure testuak. Azken finean, kontuan izan behar dugu herritarrek eskubidea dutela administrazio-jardueraren berri izateko.

Auziaren ertzak zorrotzagoak dira pantailarako testuez ari bagara; izan ere, tramitazio elektronikoarekin erabiltzaileak bakarrik daude pantailaren aurrean. Egoera horretan, ez dute aukerarik testuaren edukiak eragindako zalantzak argitzeko eta, ondorioz, irizpide finko barik hartu behar dituzte erabaki, zenbaitetan, kritikoak.

Forma aldetik, testu komunikatiboak idazteko irizpide nagusi bat sinpletasuna da. Alegia, bi hitzetan esan daitekeena bostekin adierazteko joeraren aurka egitea. Neurri horrekin soilik nabarmen hobetuko genuke testu administratiboen komunikagarritasuna. Baina sinpletasunaz harago, egitura batzuk, sinpleak izan arren, anbiguoak gerta daitezke.

Post honetan egitura anbiguo horiez jardungo dugu, hau da, itxuraz sinpleak baina irakurtzean zailtasunak sor ditzaketen esaldiak komentatuko ditugu. Komeni da ahal den neurrian horien presentzia saihestea, irakurleek irakurtzen dutena ondo ulertu ahal izateko.

Gaurkoan, bi egitura anbiguotan jarriko dugu arreta: ezezko bikoitzak eta salbuespenen salbuespenak.

 

Ezezko bikoitzak

Zentzu positiboan pentsatu eta hitz egiteko ohitura daukagu. Horrenbestez, errazago ulertzen ditugu baiezko esaldiak: zehatzagoak zaizkigu eta ez daukate testuinguruaren beharrizan handirik. Ezezko esaldiak darabiltzagunean, aldiz, irakurketa oztopatzen ari gara; alegia, ulertzeko zailago bihurtzen dugu adierazpidea.

Hala izanik, ezezko bi dituzten esaldiak irakurketaren egiazko oztopo dira. Ezezko batek bestea ezeztatzen duenez, derrigorrezko dugu adimen ariketa egitea esanahia ezezkotik baiezkora aldatzeko. Eta irakurle gisa ez zaigu gustatzen testu bateko esaldi bat berrirakurtzea ulertu dugula ziurtatzeko; irakurketaren erritmoa hausten digu.

Kenkari horiek ez dira kontuan hartuko agiri bidez egiaztatzen ez badira.

Kenkari horiek kontuan hartzeko, agiri bidez egiaztatu behar dituzu.

Kenkari horiek dokumentu bidez egiaztatzen badira bakarrik hartuko dira kontuan.

  

Estatutuen aldaketa ez da inskribatuko zuzendaritza-batzordea eguneratuta ez dagoen bitartean.

Estatutuen aldaketa ez da inskribatuko zuzendaritza-batzordea eguneratuta egon arte.

Zuzendaritza-batzordea eguneratuta dagoenean bakarrik inskribatuko da estatutuen aldaketa.

Hainbat hitzek ezezko esanahia daukate; besteak beste: izan ezik, salbu, baldin eta, nahiz eta, ezin... Horietakoren bat erabili badugu, aztertu beharra dago ez batekin batera dauden. Hala bada, testu irakurterrazagoa osatuko dugu baiezko esaldi batera bihurtzen saiatzen bagara.

Salbuespenen salbuespenak

Salbuespen bat duen salbuespena, azken finean, ezezko bikoitzaren beste forma bat da. Hortaz, interpretatzeko egitura zailak gerta daitezkeenez, onena da esaldia berridaztea baiezkotasuna azpimarratzeko.

Probaren atalen bat edo osorik egitetik salbuetsita egongo dira lanaldi osoan gutxienez urtebete lanean aritu direla egiaztatzen dutenak, azterketa-aukerako lanbide arloren batekin zerikusia duen lanbide-eremuren batean aritu ez direnak salbu.

Probaren atalen bat edo osorik egitetik salbuetsita egongo dira lanaldi osoan gutxienez urtebete lanean aritu direla egiaztatzen dutenak. Bere aldetik, azterketa-aukerako lanbide-arloren batekin zerikusia duen lanbide-eremuren batean aritu ez direnak osorik egin beharko dute proba.