HABE

Dagoeneko kalean "Administrazioa Euskaraz" aldizkariaren 107. zenbakia

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

IVAPeko webgunean ikus dezakezu Administrazioa Euskaraz aldizkariaren azken zenbakia.

Bertan, besteak beste, euskara, euskal kultura, teknologia berriak eta administrazioko hainbat kontu jorratzen ditugu. Ale honetan…

Aldizkariaren azala

Olatz Arrieta (Donostia, 1971) kazetaria elkarrizketatu dugu. Olatz ibili handia egina duen kazetaria da, eta informazioa zabaltzen jardun du irrati-telebistetan, idatzizko prentsan eta Interneten. Errusian hasi zen lanean, AEBetan izan zen gero, eta Bruselan da azken bost urteetan. Euskal Kazetariak saria jaso berri du, ETBko berriemaile lanetan hogei urte baino gehiagoz egin duen lanagatik, eta horren karietara joan gatzaizkio galdezka.

Erreportajean, kezka handia sortzen duen arazo batez jardun dugu: Kirolean jasaten den biolentzia. Mota askotakoa izan daiteke biolentzia, eta modu askotara ager daiteke. Maila profesionalean beti izan da agerikoagoa, komunikabideen bitartez zabaltzen baita, baina badira ezkutuan geratzen diren biolentzia kasu asko eta asko.

Arlo horretan egiten du lan WATS taldeak. Taldea Alex Navarro, Lander Iraragorri eta Alberto Pipaonek sortu zuten duela hiru urte. Ume eta gazteen kirolean gertatzen den biolentziak kezkatuta, zerbait egiteko beharrizana sentitu zuten. Talde horretan egiten dutenaz hitz egin dugu partaide den Rocio Ybarra hockey jokalariarekin. Horrez gain, Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalaria ere elkarrizketatu dugu. Esan digu kanpaina asko egin direla kirolean gertatzen den biolentziarekin amaitzeko, eta tamalgarria dela gaur egun oraindik horrelako kasuak gertatzea. Haren ustez, lan handia eta ona egin da gai horretan, baina oraindik ere badago zer egin biolentzia kasurik gerta ez dadin. Gaur egun, oraindik ere, futbol zelaietan irainak entzuten ditugula esan digu, baina, azkenaldian, igarri duela ikusleek gaitzetsi egiten dituztela halako jokabideak.

Eta “Eztabaida” atalean, eskola ordutegia. Azken urteotan eztabaidagai dugu; izan ere, Espainiar estatuko hainbat erkidegotan ordutegi trinkoa edo jarraia ezarri dute Haur eta Lehen Hezkuntzan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan oraindik gutxi dira ordutegi jarraia duten ikastetxeak. Hezkuntza-eredua aldatuz doa, garai berrietara egokitu beharra dago, eta, azkenaldian, eztabaidagai nagusietako bat da hezkuntza zentroetan ordutegi eredu hori ezartzea komenigarria den ala ez. Nafarroan eredu horri heldu diote ikastetxe askok azken hamarkadan. Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren Bulegoko burua den Miguel Muez Elustondok emandako datuen arabera, Nafarroan, 223 hezkuntza zentroetatik 98k (% 44) ordutegi jarraian ematen dituzte klaseak. Zein ote da aukerarik onena?

Horiek eta beste asko Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 107. zenbakian (leiho berri batean irekitzen da).