HABE

Adibideak eskabideetan

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Maiz, erabiltzaileek zalantzak izaten dituzte administrazioko eskabide bat betetzerakoan. Hainbat izan daitezke arrazoiak: ohitura falta, hizkera arrotza edo gaiari buruzko ezezagutza, etab.
Halakoetan, hutsune edo gaizki ulertu kritikoak gerta daitezke. Kontuan izan behar dugu ezen,  inprimakia gaizki betez gero, dirulaguntza bat gal daitekeela edota aitortutako eskubide bat bete gabe gera daitekeela, besteak beste.
Esan dezakegu dokumentu hauen komunikagarritasuna funtsezkoa dela; izan ere, herritarrek administrazioarekin harremanetan jartzeko bide nagusia dira eskabideak; administraziora sartzeko jo beharreko atea.
Hala izanik, inprimakien ulergarritasuna hobetzea aintzat hartzeko lana (leiho berri batean irekitzen da)izan beharko genuke. Gaurkoan, hobekuntza-neurri horietako batez ariko gara; hain zuzen ere, adibideen erabileraz.
 
Adibideen onurak
Eskabideetan adibideak erabiltzea onuragarria izan daiteke ulergarritasuna hobetzeko; nagusiki, bi arrazoi hauengatik:

• Galderak interpretatzen laguntzen dute, galderen zehaztapen maila argitzen baitute.
• Erantzun egokiak ematea errazten dute, eskatzaileari gogorarazten baitizkiote bestela gogoratuko ez lituzkeen elementu zehatzak.

Noizean behin, norberarenetik irten eta kanpora begiratzea ona delakoan,  beste administrazio batzuetako ereduak arakatzen ibiltzen gara. Horretan ibilita, gov.uk (leiho berri batean irekitzen da) Erresuma Batuko Administrazioaren webgunera bisitalditxo bat egin dugu, eta han ikusitakoetatik piztu zaigu adibideei buruzko hausnarketa xume hau.
Aipatutako webguneak diseinu eta usagarritasunarekin lotutako hainbat sari eta aipamen jaso ditu, eta, zinez, erabiltzailearen esperientzian oinarritutako webgune eredugarria dela esan daiteke.
Komunikagarritasuna hobetzeko hainbat elementu aipagarriren artean, ikusi dugu Erresuma Batuko erakunde publikoek darabiltzaten eskabideetan ohikoak direla adibideak. Hemen dituzue horietako batzuk:

 

Galdera: Zure familiako medikuaz (GP) gain, norbaitek aztertu du zure gaixotasun edo desgaitasuna?

(1) Adibidez, ospitaleko medikuak, eskualdeko erizainak [...], edo gizarte langileak.
(2) Haren izena: jauna, anderea...
(3) Aztertu zintuzten tokiaren helbide osoa. Adibidez, ospitale edo osasun-zentroaren helbidea.


 

Galdera: Zailtasunak dituzu edo laguntza behar duzu zure garbiketa-beharretan?
Alegia, komunera joaten, komuna erabiltzen edota pixontzia edo botila erabiltzen. Era berean, inkontinentzia-lagungarriak zein kateterrak erabiltzen edo aldatzen edota zeure burua garbitzen.
 
(1) Adibidez, komunera joateko laguntza behar izanez gero, eta egunean lau aldiz joan behar baduzu.

 

 

  

Helbidearen etiketa – bete ezazu eta bidali  bete duzun erreklamazio-inprimakiarekin batera.

(1) Ziurtatu posta-kodea behar bezala adierazi duzula laukien barruan. Esaterako, XX1 6AA kodea honela adierazi beharko litzateke:

Eskabide hauetako tauletan, ohikoa da lehen errenkadetan adibideak ezartzea; hala, taulan jarri beharreko informazioari buruzko ideia argiago egin dezakete erabiltzaileek.

 

Galdera: Adierazi, mesedez, darabilzun edozein laguntzarako gailu.
Jarri marka bat bigarren zutabean, baldin eta gailua osasun-langile batek agindutakoa bada; adibidez, terapista okupazional batek.


(1) Laguntzarako gailua. Adib.: Lupa / Eskailera-igogailua

 

 (2) Nola laguntzen dizu? Adib.: Laguntzen dit egunkaria hobeto irakurtzen / Eskailerak igo eta jaitsi ditzaket.
 (3) Zein zailtasun duzu gailua erabiltzean?
Adib.: Batere ez. / Laguntza behar dut aulkian esertzeko edo jaikitzeko.

Laburbilduz, adibideek erabiltzailearen esperientzia hobe dezakete eskabide bat betetzerakoan. Erabateko garrantzia duen auzia da gure iritziz; bereziki, lineako prozeduretan, erabiltzailea bakarrik aurkitzen baita argibideek erantzuten ez duten edozein zalantzari aurre egiteko.

Eta zure erakundean bada halako ohiturarik? Erabiltzen dituzue adibideak zuon eskabideetan?