Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Iparraldean euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute

Argitalpen-data: 

  • Esparru-hitzarmenak elkarlanerako bost arlo zehazten ditu: (1) euskararen transmisioa, (2) hizkuntzaren presentzia eta erabilera; (3) hizkuntzaren kalitatea, (4) hizkuntzaren aldeko motibazioa eta azkenik, (5) euskararen eragileen arteko zubiak eraikitzea.
  • Azken 4 urteetako elkarlanari esker 153 proiektu martxan jarri dira
  • Bengoetxea lehendakariordea: “Jauzi kualitatiboa eman nahi dugu euskararen erabileran eta helburu horretan ezinbestekoa da zubiak eraikitzea eta lurraldeen arteko harremana sendotzea.”
  • Maïder Behoteguyk “Lankidetza hau konfiantzan, jarraikitasunean eta euskararen alde konkretuki lan egiteko borondate partekatuan oinarritzen da.”

Ibone Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Maïder Behoteguy, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakariak euskara elkarlanean sustatzeko erakunde bien engaiamendua berretsi dute gaur, Baionan egindako ekitaldi batean.

2025-2029 epealdirako esparru-hitzarmenaren barruan, gaurko ekitaldian 2025erako lankidetzaren lan-ildoak ezagutzera eman dituzte eta, horrekin batera, erakunde bien diru-ekarpena zehaztu dute. Batetik, lankidetzarako bost arlo zehaztu dituzte; bestetik, erabaki dute 1.930.000 euro bideratzea Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribatuen lana diruz laguntzera (iazko kopuru bera). Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro jarriko ditu xede horretarako.

Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan egindako aurkezpen honetan Ibone Bengoetxea lehendakariordeak adierazi duenez, “Jauzi kualitatiboa eman nahi dugu euskararen erabileran eta helburu horretan ezinbestekoa da zubiak eraikitzea eta lurraldeen arteko harremana sendotzea. Harremanak estutuz, informazioa eta jakintza trukatuz, baliabideak bateratuz, proiektuak partekatuz… eraginkorragoak izango gara euskararen sustapenean” Horrez gain, hitzarmen honek “komunitate sentipena sorraraztea” ere helburu duela adierazi du lehendakariordeak.

Bestalde, Maïder Behoteguy, EEPko Lehendakariak azpimarratu du lankidetza honen garrantzia:  “Enetako, lankidetza hau konfiantzan, jarraikortasunean eta euskararen alde konkretuki lan egiteko borondate partekatuan oinarritua da. Hemen eraikitzen ari garena lanerako esparru sendo eta bateratua da, bakoitza bere errealitatearekin, baina denok norabide berean aitzina eginez,  euskararen alde. Itxaropenak handiak eta erronkak ugariak diren testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritza bezalako bazkide engaiatu baten sostengua izatea abantaila handia da Iparraldearentzat”

 Informazio gehiago.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)