HABEk helduen euskalduntzerako INGURA ikas-ingurune digitala abian jarri du

Argitalpen-data: 

INGURA euskara online ikasteko ingurune digitala da, edozein gailutatik, noiznahi eta nonahi euskara eroso eta malgu ikasteko sortua.

INGURA webgunera sartu

INGURA ingurune eleaniztuna da. Lau hizkuntzatan aritzeko aukera ematen du: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, eta A1 mailatik C1 mailara bitarteko ikastaroak eskainiko ditu.

Ikastaro hauek Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculumaren ildo metodologikoei jarraikiz diseinatu dira, ikuspegi komunikatiboan oinarrituta eta ekintzara bideratuta. Horrenbestez, ikasleak mailaz mailako hizkuntza-komunikagaitasuna lortzeko, taldean nahiz bakarka, ulermen trebetasunak, ekoizleak, elkarreragina eta bitartekotza jarduerak eta estrategiak landuko ditu INGURA ikastaroetan.

  • Aurten INGURAk A1 mailako ikastaroa eskainiko du.
  • A1 mailako ikastaroa 60 unitatez osatua dago eta denak bakarka nahiz taldean modu tutorizatuan online egiteko diseinatuak daude.
  • A1 Ikastaroaren atal irekia jarriko da orain martxan. Ikastaroaren lehen 30 unitateetako hainbat jarduera egiteko ingurunean izena ematea nahikoa da, atal hau doakoa eta irekia baita, eta prest dago dagoeneko edozein herritarren esku INGURA webgunean (leiho berri batean irekitzen da). Guztira 40 ikastordu.
  • Atal ireki honetan 30 egoera-bideo eta beste hainbeste azalpen-bideo, 4 hizkuntzatan azpititulatuta eskura izango ditu erabiltzaileak, baita autozuzenketa duten gramatika, hiztegia, mintzamena eta kultur edukiak lantzeko jarduerak ere. Atal honetan 1.200 item eskainiko dira.

Atal irekiaren helburua euskara ikasteko baliabide atsegin eta erraz bat aurkeztuz, erabiltzaileak euskarara hurbildu eta euskara-ikasle bihurtzeko urratsak ematera animatzea da, euskaltegien bidezko euskararen ikaskuntza gidatu, partehartzaile, partekatzaile eta sozialera erakarriz.

Ikasturte berrian, 2024-2025 A1 ikastaro osoa eskainiko da. A1 mailako ikastaro osoa egiteko, euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro batean matrikulatu beharko du ikasleak. Matrikula ia doakoa izango da.

Ikastaro honetan ikasleak bakarka egiteko jarduera mota ugari izateaz gain, irakasle batek gidatuta gela birtualean talde-jardueretan arituko da, berrikusketa-jarduerak nahiz ebaluazio-jarduerak egingo ditu, ekoizpenak biltegiratu eta txostenak kudeatzeko aukera izango du, besteak beste.

Datorren ikasturtean, 2024ko aurrekontuetan jasota dagoen eran, dirulaguntza lerro berri bat abian jarriko da ikasle-helduei A1 mailari lotutako ikastaroak diruz laguntzeko eta prezio merke eta eskuragarriagoan eskaintzeko. Testuinguru horretan kokatzen da INGURA ON LINEn eskaintza, A1 eskainiko baita euskaltegien bidez eta ikastaroak ekonomikoki eskuragarriagoak izango baitira.

Unitate baten adibidea gailu mugikorrean