"Euskararen Historia Soziala"ren inguruko erreferentzia bibliografikoen datu-basea berritu eta eguneratu du Euskaltzaindiak, HABErekin lankidetzan

Argitalpen-data: 

  • Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak (Euskaltzaindia, 2011) deritzan liburuaren inguruan eratu zen atari hau, Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daitekeena (Hizkuntza-baliabideak sailean (leiho berri batean irekitzen da)).
  • Orain, 5.399 erreferentzia ditu atariak eta etengabe eguneratzen da.
  • Euskararen Historia Soziala egitasmoa Euskaltzaindiaren iker-lerroetako bat da, eta bere xede nagusia da euskararen 1980ra arteko historia soziala idaztea.

2011n argitaratutako Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak izeneko liburuaren inguruan eratu zen datu-basea, betiere jakite-eremu horretarako (hots, euskararen historia soziala) baliabide argitaratuen ezagutza hedatzeko asmoarekin. Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke (Hizkuntza-baliabideak sailean), eta kontsultak errazteko hiru modu ematen ditu: egilearen arabera (2.571 autore), gako-hitzak erabiliz edo ikerlanaren izenburua jarriz (5.399 izenburu).

Orain, HABE Liburutegiaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker, Euskararen Historia Sozialaren inguruko erreferentzia bibliografikoen datu-base hau etengabe eguneratzen eta elikatzen da. "Atariaren lehen bertsioak 5.032 erreferentzia zituen eta oraingoak 5.399 ditu, HABE Liburutegiak emandako 367 erreferentzia gehitu zaizkiola", argitu du Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak. Urkiak gaineratu du "euskararen historia soziala interesatzen zaion edonorentzat" dela baliagarri datu-basea, “batez ere, gure hizkuntzaren historia soziala aztertzen duten ikertzaileentzat.

Bere aldetik, Jokin Azkue HABEko zuzendariak erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du: "Begi-bistakoa da euskalgintzan elkarlana ezinbestekoa dela sinergiei probetxua ateratzeko, eta bereziki erakunde eta administrazio publikoen arteko elkarlana". "Euskaltzaindia eta HABEren arteko hitzarmenaren barruan garatzen da egitasmo hau, hain zuzen, HABE Liburutegiaren eskutik. Hitzarmen horrek bideratzen du liburu funtsak trukatzea, ikerketa sustatzeko eta bertako ikertzaileei HABEren Liburutegia erabiltzeko aukera zuzena emateko".

Zer da Euskararen Historia Soziala (EHS) egitasmoa? Euskaltzaindiaren iker-lerroetako bat da. Hizkuntzen historia sozialaren xedea da historian zehar gizartean hizkuntza ezberdinek izan duten erabilera eta tokia aztertzea. Beraz, EHSren helburu nagusia da euskarak iraganean izan duen espazio soziala aztertzea. Honela, nola iraun duen jakinik, zein testuinguru sozialean eta ekonomikoan, etorkizuneko hizkuntza-plangintzak finkatzeko ezinbesteko informazioa izango dugu. Finean, EHSren xede nagusia da euskararen 1980ra arteko historia soziala idaztea.

Miren Urkia eta Jokin Azkue aurkezpenean

Miriam Urkia eta Jokin Azkue Euskararen Hiztoria Sozialaren liburua erakusten