Abian da euskaltegietan matrikulatzeko kanpaina, eta laguntzak emango dira euskara ikastea errazagoa eta merkeagoa izan dadin

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzak 8 milioi euro inguru bideratuko ditu euskara maila guztietan ikasteko dirulaguntzak ematera
  • Ikasturte honetako berrikuntza nagusia mailarik oinarrizkoenean (A1) emango den laguntza da, oraindik euskarara hurbildu ez diren kolektiboak erakartzeko
  • Euskara ikasteko sistema merkeago bat izateko egindako urratsen ondorioz, gora egin du euskaltegietan izena eman duten pertsonen kopuruak; aurreikusitakoaren arabera, urtearen amaierarako 7.000 ikaslek eskatuko dituzte laguntzak indarrean dagoen deialdiaren bidez

Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak hasiera eman dio 2024-2025 ikasturtean euskaltegietan matrikulatzeko kanpainari Bilboko Bilbo Zaharra euskaltegian, ikasleekin eta euskararen sustapenari lotutako hainbat eragilerekin batera. 24/25 ikasturtea euskal gizartea euskaltegietara euskara ikastera joan dadin bultzatzeko erraztasun eta laguntza ekonomiko gehiagorekin abiatu da. Izan ere, lehendakariordearen arabera, “euskara gizarte-kohesioko elementu izan daiteke".

Eskaini duen hitzaldian, lehendakariordeak gogorarazi du euskaltegietako ikastaroen eskaintza oso zabala dela, ikaslearen beharretara egokitua (presentziala, erdi-presentziala edo ez-presentziala). Erraztasun horiez gain, “familien ahalegin ekonomikoari erreparatu nahi diogu”, adierazi du: “ia 8 milioi euro bideratuko ditugu euskaltegira etortzeko aukera guztion eskura egon dadin”. Gaur egun, euskara ikasteko maila guztiek (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2) laguntzak jasotzen dituzte.

“Ez dugu nahi egoera ekonomikoa eragozpena izatea euskara ikasteko prozesuan. Ateak ireki nahi dizkiegu adiskide eta aukera berriei, mundu berri bati. Bereizten gaituzten elementuak alde batera utzi eta batzen gaituenaren alde, hots, euskararen alde lan egin nahi dugu”, adierazi du Ibone Bengoetxea lehendakariordeak.

Laguntzen laburpena

- Berritasun nagusia A1 mailarako laguntza ekonomikoa da. Gaur egun, euskaltegietako ikasleen %"10 inguru etorkinak dira eta %"12 beste autonomia-erkidego batzuetakoak. Helburua da kolektibo horietako pertsonak euskarara hurbiltzea. Zehazki, matrikularen laurdena ordainduko da, geroago berreskuratzeko aukerarekin.

- C1 mailan euskaraz hitz egiteko gaitasuna hobetu nahi duten 16-18 urteko gazteek matrikula sinboliko bat ordainduko dute, geroago berreskuratzeko aukerarekin.

- A1, A2, B1, B2 eta C1 mailatan ikasten eta hobetzen jarraitu nahi duten 16 eta 30 urte bitarteko ikasleek, berriz, ikasturtearen hasieran ordaindutakoa berreskuratu ahal izango dute maila gainditu edo egiaztatu ondoren.

- Gainontzeko ikasleek ere, C1 edo C2 maila egiaztatzen badute, laguntza izango dute.

Ikasle kopuruaren igoera

Euskara ikasteko sistema merkeago baten aldeko apustua “fruitua ematen hasi da”, gaineratu du: “urtearen amaierarako 7.000 ikaslek eskatuko dute dirulaguntza”. Adibide modura, azaldu du C1 mailako 16 eta 18 urte arteko ikasleen kopurua bikoiztu egin dela eta A1 mailako ikasleena nabarmen igotzea espero dela.

“800 ordu baino ez”

Lehendakariordeak azaldu du euskara ikastea aukera bat dela. Aurtengo ikasturteko matrikulazio-kanpaina ideia horri lotuta dago: “800 ordu baino ez dituzu behar euskara ikasteko, eta bizitza aldatuko duzu betirako, euskaraz bizi ahal izango zara eta harreman berriak egingo dituzu”. Bengoetxeak euskaltegi batera hurbiltzera eta urratsa egitera animatu du gizartea.

Erakundeen presentzia

Aurkezpenean, lehendakariordearekin batera, honako hauek izan dira: Hizkuntza Politikarako sailburuorde Aitor Aldasoro; Bilbo Zaharra euskaltegiko zuzendari Jon Maguregi; HABEko zuzendari Jokin Azkue; Arabako eta Bizkaiko aldundietako, Bilboko Udaleko, UEMAko eta EUDELeko ordezkariak eta euskaltegietako ordezkariak eta ikasleak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)