Euskadiko euskaltegien sareak gaur eman dio hasiera 2023-2024 ikasturteari Bilboko Euskalduna Jauregian. Ekitaldian Lourdes Oñederra Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeburuak “Ahoskeraren lanketa didaktikoa” hitzaldia eman du. Ahoskeraren inguruko galdera eta ideien inguruan hausnartu du Oñederrak gaia egungo euskararen testuinguruan kokatu eta fonologiaren ikuspuntutik aztertuz. Ahoskerak hizkuntza baten barruan duen tokia, nola funtzionatzen duen edota zein osagai dituen aztertu du Lourdes Oñederrak gaur Euskalduna Jauregian eman duen hitzaldian.
Ekitaldian Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Jokin Azkue HABEko zuzendariak, Aize Otaño euskaltegi pribatuen ordezkariak eta Marian Toledo udal euskaltegien ordezkariek ere parte hartu dute.