HABE

Helduen euskalduntzearen alorreko metodologiagintzan ikertzaile bat gaitzeko beka-deialdia egin du HABEk

Argitalpen-data: 

Hizkuntzaren didaktika aplikatuaren metodologiagintzan aditu gisako prestakuntza eskaintzea da helburua.

HABEren egoitza nagusian izango da bekaldia, Donostian, 24 hilabetez.

Eskariak aurkezteko epea zabalik dago ekainaren 5era arte, egun hau barne.

HABEren egitekoen baitan dago helduei euskara irakasteko metodologiagintzaren eremuan ikerlana sustatzea eta bere helburuak lortzeko irakasbide eta tresna egokiak bilatzea. Horren harian, jakintza-esparru horretan ikertzaileak gaitzeko beka baterako deialdia egin du HABE erakundeak. Bekak 42.800 euroko diru-kopuru gordina izango du, eta HABEren egoitza nagusian (Donostian) burutuko da, 24 hilabetez.

HABEko zuzendari nagusi Jokin Azkuek azpimarratu du: “Erakundeak ikerketa-eremu berriak zabaldu eta landu nahi ditu, eta, zehazki, helduen euskalduntzearen curriculumgintzan zein ebaluazio-egiaztatzegintzan adituak prestatzeko aukera eskaini hautagaiei”.

Baldintzak

Deialdi honetara aurkeztu nahi dutenek honako baldintzok bete beharko dituzte: batetik, unibertsitateko goi mailako titulazioa edukitzea, batez ere, pedagogia, hizkuntzalaritza edo filologia eta soziologia arlotakoa; bestetik, gutxienez, euskararen C1 komunikagaitasun-maila egiaztatua izatea. Bekaren xedearekin estuki lotuta dagoen bestelako ikastaro, argitalpen edo lan-eskarmentu merezimendu bezala baloratuko da, deialdia xedatzen duen ebazpenean zehaztutako irizpideen arabera.

Eskariak aurkezteko epemuga 2022ko ekainaren 5era da, egun hau barne. Eskabideak aurkezteko modua eta deialdi honen xehetasun eta jakingarri guztiak 2022ko maiatzaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurki daitezke: EBAZPENA, 2022ko apirilaren 20koa, HABEren zuzendariarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita helduen euskalduntzearen alorreko metodologiagintzan ikertzaileak gaitzeko beka bat emateko. 

Eskabideak aurkezteko:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1095502