HABE

Datozen hamar urteetarako euskara sustatzen jarraitzeko ituna adosteko gonbita luzatu du Zupiria sailburuak

Argitalpen-data: 

Irekia.jpg

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarreko Kontrolerako osoko bilkuran Euzko Abertzaleak taldeari erantzunez Euskara Sustatzeko Ekintza Plana berritzearen inguruko azalpenak eman ditu. Datozen urteetan euskara sustatzen jarraitu ahal izateko hizkuntza politikaren inguruan eztabaidatu eta adostearen alde agertu da eta horretarako gonbita luzatu die Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei.

Zupiria sailburuak gogorarazi duenez, gaur egun indarrean dagoen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana 2012. urtean onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, Patxi Lopez Lehendakari zela. 2013an berretsi zuen Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu Lehendakari zela eta urte hartan bertan bere egin zuen Eusko Legebiltzarrak.

2012an hasi eta 2022ra bitarteko epealdia duen Euskara Sustatzeko Ekintza Planak hiru helburu estrategiko definitzen ditu: euskararen jabekuntza; euskararen erabilera eta euskararen elikadura. Aldi berean bi zehar-lerro ere finkatzen ditu: batetik euskararen aldeko motibazioa eta bestetik euskararen zabalkundea. Gainera 13 lan-lerro ere zehazten ditu: familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, administrazioa, gune geografiko euskaldunena, arlo sozioekonomikoa, aisialdia eta kirola, liburugintza, kulturgintza, publizitatea, corpus-plangintza, hedabideak eta komunikazioaren teknologiak. Azken hamar urte hauetan euskal erakundeek ardatz horien bueltan jardun dutela gogorarazi du Zupiriak Eusko Legebiltzarrean. Eta azpimarratu duenez, 2022. honetan, eta egungo ESEP-aren indarraldia bukatzear, “ebaluazioa egin eta datozen hamar urteetarako oinarriak erabakitzea dagokigu. Konpromisoa jasota dago gure Gobernu programan, eta lanari ekiteko, Euskararen Aholku Batzordearen baitan ESEPa berritzeko Batzorde-atala sortu dugu”.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, Euskararen Aholku Batzordean ESEP Berritzeko Batzorde-atala adituez osotutako talde anitza da, “datozen 10 urteetarako hizkuntza politika eraikiko duena, diagnostiko on bat egiteko eta diskurtso on bat eraikitzeko gai dena”. Zupiriak gaineratu duenez “ikuspegi eta iritzi ezberdinak dituen pertsona-taldea osatu dugu. Iritzi ezberdinak baina motibazio bera dute: euskararen ezagutza, erabilera eta prestigioa sustatzea, eta herritarron hizkuntza eskubideak bermatzea, elebiduna edo hobe esan, gero eta eleaniztunagoa den ingurune batean. Lantalde edo batzorde-atal iraunkor honez gain, kanpoko eragileen ahotsa ere bilduko da prozesuak iraungo duen aldian”.

ESEP Berritzeko Batzorde-atalaren helburu nagusia izango da hizkuntza politikaren inguruan gogoeta egitea eta aurrera begirako marko nagusia definitzea, datozen urteotan “hizkuntza politika eraginkorra, errealista, koordinatua eta adostua egin ahal izateko”. Horretarako bi fasetan egingo da lan: 2022an atal estrategikoa landuko dute (azterketa estrategikoa, norabide estrategikoa eta formulazio estrategikoa), eta 2023an atal operatiboari ekingo diote (planaren formulazioa, planaren aplikazioa eta ebaluazioa). 

Zupiria sailburuak adierazi duenez, “ona da euskarari buruz hitz egitea, dudarik gabe. Baita ahots kritikoz hitz egiten denean ere. Ongi etorria bedi kritika euskarekiko erantzukizunetik eta atxikimendutik bada. Uste dut hemen gauden gehienok asmo eraikitzaile hori daukagula, uste dut hemen gauden gehienok bide berriak eman nahi dizkiogula euskarari komunikaziorako tresna den neurrian, geroz eta indartsuagoa izan dadin. Eta ziur nago hemen gauden gehienok bat egiten dugula herritarrok dauzkagun hizkuntza-eskubideen bermearekin”. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarreko taldeei luzatu die ESEP berritzeko bidean hausnarketa elkarrekin egiteko aukera: “behin eta berriro entzuten ari gara Hizkuntza Politika berriak finkatu behar direla datozen urteetarako. Beste hainbatek esan du Hezkuntzaren arloan lortutako Oinarrizko Hitzarmenaren antzeko itun bat behar duela euskararen sustapenak. Ba egin dezagun. Badaukagu zer egina eta badaukagu non egin. Datozen hamar urteetan Euskara Sustatzeko Ekintza Plana berritu behar dugu. Eztabaidatu eta adostu dezagun datozen urteetan euskara sustatzen jarraitzeko bidea”.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana Berritzeko Batzorde-atal Bereziak 2022ko maiatzaren 4an egin zuen lehenengo bilera, eta ekainaren 15ean bigarrena. Aurrerago, kanpoko eragileen ekarpenak kontuan hartzeko bidea ere egin nahi da.