HABE

Eusko Jaurlaritzak euskara ingurune digitalean sustatzeko 2021-2024 aldirako bide orria aurkeztu du

Argitalpen-data: 

  •  Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024Euskararen Aholku Batzordeko Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde atal-Bereziak egindako txostena da
  • Lau lan lerro estrategiko, 10 gomendio eta 24 ekintza-proposamen biltzen ditu dokumentuak
  • Hanbat adituren, erakunderen eta elkarteren lankidetzatik eta hausnarketatik sortutako txostena da 

Eusko Jaurlaritzak “Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024” dokumentua aurkeztu du gaur. Euskararen Aholku Batzordeko (euskararen erabileraren normalizazio-lanean laguntzen duen harreman organoa) Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde atal-Bereziak egindako txostena da eta datozen lau urteetarako, 2021-2024 aldirako, euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzeko bide orria izango da. 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eta Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde atal-Bereziko buru Maite Goñik Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute txostena. 

Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024” dokumentuak euskara ingurune digitalean bizirik eta bizi egoteko lau lan lerro estrategiko definitzen ditu eta aldi berean hamar gomendio zehazten ditu. Honako hauek dira: 

  1. Euskarazko eduki digitalak sustatzea:
    • Aisialdirako ikus-entzunezkoen alorra sustatzea, bereziki gazteei begira.
    • Arlo akademikorako eduki digitalak sustatzea, ikus-entzunezkoak barne eta bereziko gazteei begira.
    • Euskarazko hedabide digitalak sustatzea.
  2. Euskarazko tresna, aplikazio eta baliabide digitalak sustatzea:
    • Euskarazko hizkuntza-teknologien garapena sustatzea.
    • Mugikorrerako euskarazko aplikazioak sustatzea.
    • Erabilera handiko plataformetan euskararen presentzia bermatzea.
  3. Euskarari eta euskarazko baliabideei ikusgarritasuna ematea, erabilera areagotzeko:
    • Informazio eta Komunikazio Teknologiek, IKTek, euskaraz egitea
    • Euskarazko tresna eta baliabide digitalen zabalkundea bermatzea.
  4. Zaintza teknologikoa ziurtatzea:
    • Euskararen zaintza teknologikorako egitura sustatzea
    • Euskararen kontsumoari buruzko datuak lortzea eta ikerketa sustatzea, polita eraginkorrak egin ahal izateko. 

Lau lan lerro estrategiko eta hamar gomendio horiek garatzeko 24 ekintza proposamen ere biltzen ditu dokumentuak, hala nola, euskarazko Wikipedia eta Txikipedia sustatzea, Hizkuntza-Teknologien Plana zehaztu eta idaztea, Common Voice egitasmoa bultzatzea, Interneteko enpresa teknologiko handiekin etengabeko harremana bermatzea maila instituzionalean, norbanakoen eskuko telefonoak euskaraz konfiguratu daitezen sustatzea, euskarazko baliabideak ezagutzera emateko kanpainak egitea edota unean uneko beharrei erantzuteko ikerketak sustatzea. 

Bestelako konpromisoak 

Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024” txostenak beste bi gai estrategiko eta zeharkako ere biltzen ditu. Batetik burujabetza teknologikoarena eta bestetik software eta lizentzia libreena. 

Burujabetza teknologikoaren gaiak euskararen sustapena ingurune digitalean gainditzen duen arren, Eusko Jaurlaritzak burujabeak izango diren euskarazko teknologiak sustatu behar dituen ala ez aztertzearen beharra azpimarratzen da dokumentuan.  Bestalde, software eta lizentzia libreen arloan txostena osotu duten adituen iritzian software librea eta lizentzia libreak sustatuta bidea zabaltzen zaie euskarazko eduki, baliabide, aplikazio eta tresnei. 

Lankidetza 

Gaur aurkeztutakoa 2016an kaleratutako “Euskarazko IKTak: Gomendioak herri agintarientzat” dokumentuaren jarraipenaren eta eguneratzearen fruitua da. Euskararen Aholku Batzordeko Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde atal-Bereziak, Maite Goñi buru delarik,  “Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024” txostena garatzeko hainbat aditu, erakunde eta entitateren lankidetza izan du. Dokumentuak biltzen dituen ekintza-proposamenak Eusko Jaurlaritzari zuzendutakoak dira baina euskararen eremuko erakunde publiko zein pribatu guztien esku utzi nahi da, bakoitzak bere eskumen eta ahalmenen barruan jardun eta bertako gomendioak bere egin ditzan.  

Txostenak biltzen dituen proposamenak malgutasunez hartu eta ulertzeko gomendioa egiten dute dokumentua landu duten adituek. Izan ere, ingurune digitala bizia eta aldakorra da eta beraz, edozein momentutan egon daiteke ekintzaren bat nolabait aldatzeko beharra, beti ere, emandako gomendioak betetze aldera. 

Eusko Jaurlaritzaren helburuak 

2020-2024 Gobernu Programak biltzen duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da “euskararen ezagutza areagotzea eta, batez ere, euskararen erabilera azpimarratzea gizarte eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan”. Horretarako besteak beste, Hizkuntza Teknologien Plana onestea eta garatzea eta euskararen presentzia, euskarazko edukien sorkuntza eta horien ingurune digitaleko erabilera sustatzea du helburutzat Eusko Jaurlaritzak. Gaur aurkeztu den dokumentua tresna eraginkorra eta baliagarria izango da helburu horiek lortu eta ingurune digitalean euskaraz behar duen garapena eta tokia eskuratzen jarraitu ahal izateko.