HABE

Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek EAEn Euskaraldia ekimena koordinatzeko akordioa sinatuko dute lehenengoz (Gobernu Bilera 2021-11-16)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Gaurko Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien artean, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan Euskaraldia ekimena gauzatzeko 2021-2024 epealdirako hitzarmena sinatzeko baimena eman du. Lau erakundeek sinatzen duten mota honetako lehenengo hitzarmena da. 

Lau urtez indarrean egongo den akordio honek erakunde bakoitzaren ardura eta zereginak zehaztuko ditu Euskaraldiaren garapen egokirako erakunde arteko koordinazioa finkatuz. Eusko Jaurlaritzaren ardura izango da Euskaraldia antolatzeko behar den oinarrizko egitura bermatzeko laguntza ematea (antolaketa eta koordinazio orokorra egitea Topagunearekin batera, dinamizazio orokorra koordinatzea…) eta foru aldundiena, aldiz, lurralde bakoitzean Euskaraldia sustatzeko laguntzea (udalerriekin koordinazioa sustatzea, formakuntza eta dinamizazio ekintzak sustatzea…). 

Euskaraldia Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topagunea Federazioak bultzatutako ekimena da eta mota guztietako erakunde publiko eta gizarte eragileen laguntzarekin Euskal Herri osoan zabaldu da. 2018an egin zen lehen edizioa, 2020an bigarrena eta hirugarrena datorren urtean, 2022an egingo da. Larunbat honetan, azaroaren 20an, Iruñean aurkeztuko da 2022ko ariketa.