HABE

Miren Dobaranek Arabako esparru sozioekonomikoan euskara suspertzeko tresna berriak aurkezteko ekitaldian parte hartu du

20201005_105702.jpg

2020.eko urriak 05

  • Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bat egin dute Lanabes programaren bidez Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko. 

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin bat egin dute Lanabes programari bultzada bat emateko, Arabako enpresaeremuan euskararen erabileran eragiteko sortutako foru ekimenari, hain zuzen ere. Akordio horri esker, hiru erakundeek Lurraldeko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko giltzarri izan nahi duten bi proiektu abiatuko dituzte laster: aholkularitza-zerbitzu tekniko bat eta praktika-komunitate bat. Aurkezpenean parte hartu du Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Miren Dobaranek. 

"Zerbitzu horren jatorria 2019an Arabako Foru Aldundiak 50 langiletik gorako enpresei bidali zien galdetegian dago, hizkuntza-kudeaketari buruzko datuak biltzeko asmoz", azaldu du Lexuri Ugarte Aretxaga Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak. "Horietako 59k erantzun zuten galdetegia, eta eskerrak eman nahi dizkiet haien jarrera eta parte-hartze paregabeagatik".

Erantzun horien bidez, txosten bat egin zen emaitza orokorrekin, eta enpresen beharrak ondorioztatu ziren; gaur iragarritako neurriekin erantzutea espero da.

Alde batetik, Lanabes zerbitzu teknikoa urrian zehar jarriko da martxan, eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak kudeatuko du. Aholkularitza eta laguntza teknikoak eta ekonomikoak eskainiko dizkie hizkuntza-kudeaketa hobetu nahi duten lurraldeko enpresei.

Eta, bestetik, praktika-komunitate bat sortuko da, hizkuntza-kudeaketan duten esperientzia partekatu, batzuengandik ikasi, ezagutza berriak sortu eta Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen lagundu nahi duten enpresen foro bat. Bai Euskarari Elkarteak kudeatuko du praktika-komunitate hori, Lanabesen talde eragileko kide baita.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, prentsaurrekoan, erakundeen eta erakunde pribatuen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, hizkuntza normalizaziorako politiketan. Dobaranek azpimarratu duenez, Lanabes programa elkarlan horren emaitza da eta Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren normalizazioan beste urrats bat ematea da.

Aurkezpenean ere Iñaki Gurtubai Gasteizko izan da, Udaleko Euskara zinegotzia, eta azaldu du hainbat urtez "txikizkako merkataritzan" egin dituela ahaleginak: "Saltoki txiki eta ertainetan". "Gune handiak alde batera utzi ditugu, merkataritza guneak, frankiziak... beste agente batzuk haien gainean lanean ari zirelako. Industria ere ez dugu gehiegi landu, gure jarduera eremua gainditzen zuelako ", adierazi du," Orain hiru administraziook indarrak batzen ditugu euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan indartzeko. Hori da garrantzitsuena, maila desberdineko administrazioek bat egitea, denok komunean dugun helburu bati heltzeko ".

Urritik aurrera, Lanabes harremanetan jarriko da interesa agertu zuten enpresekin, eta laguntza eta zerbitzu horiek eskainiko dizkie. Hala ere, Arabako Lurralde Historikoan 50 langile baino gehiago dituen eta egokitzat jotzen duen edozein enpresa harremanetan jarri ahal izango da ekimeneko kideekin, elkarrekin aurrera egiteko.