HABE

'Euskararekin gehiago ahalko duzu' lelopean eta 35.000 ikasle erakartzeko asmoz, abian da Euskadiko 103 euskaltegien matrikulazio kanpaina

Argitalpen-data: 

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2019-2020 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu du, Donostiako Urrats euskaltegian. 'Euskararekin gehiago ahalko duzu' lelopean, irailaren 27ra arte luzatuko da aurtengo matrikulazio kanpaina, Euskal Autonomia Erkidegoan 103 euskaltegietara milaka herritar erakartzeko asmoz.

Aurreko urteetako matrikulazio datuak berritzen badira, 35.000 ikasle inguruk ekingo diote euskara ikasteko edo bere gaitasuna hobetzeko erronkari. 2019-2020 ikasturtean, gainera, inoiz baino dirulaguntza gehiago izango dituzte ikasleek: Eusko Jaurlaritzak ikasleentzako dirulaguntzetara bideratutako aurrekontua % 37 igo du aurten (iaz % 44 igo zen). Helburua da erakunde guztien dirulaguntzak baliatuz 2020-2021 ikasturterako doakoa izatea euskararen irakaskuntza B2 mailara arte.