Argitalpen-data: 2017/09/01
2017/18 ikasturtearen hasiera euskaltegietan: ekitaldi akademikoa
Ikasturte berriari ongietorria egiteko, eta matrikulazio-kanpaina sustatze aldera, ekitaldi akademikoa eratu du HABEk Bilbon (Euskadiko Artxibo Historikoa — Maria Diaz de Haro, 3), irailaren 15ean, eguerdiko 12:00etan.
Christian Puren doktorea izango da hizlaria helduen euskalduntzearen 2017/18 ikasturtearen hasierako ekitaldi akademikoan; Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu jauna izango da mahaiburu.
Hitzaldiaren izenburua, berriz, "La perspectiva accional, una nueva concepción de la relación lengua-cultura" da.
Christian Puren
Christian Puren irakasle emeritoa da Saint-Ètienne-ko unibertsitatean 2008an erretiroa hartu zuenetik. Hizkuntzen irakaskuntzaren alorrean aditu nagusienetako bat dugu gaur egun Europan, batez ere gaztelaniaren eta frantsesaren irakaskuntzan. Zeregin horretan, hizkuntzaren eta kulturaren arteko loturari eta hizkuntza ikastean ekintzaren kontzeptuari aitortzen dien garrantziak irakasle askoren arreta piztu du.
Unibertsitate askotan jardun du irakasle: Venezuela, Maroko, Boli kosta, Estonia, Bordeaux III, Paris IUFM, Paris-III Sorbonne Nouvelle, Université Technologique de Compiègne eta Saint Etienne-ko Jean Monet unibertsitateetan, esaterako.
Ohorezko presidentea da APLV (Association des Professeurs de Langues Vivantes) elkartean eta GERES ikerketa-taldean (Groupe d'Ëtude et de Recherche en Espagnol de Spécialité). Partaide ere bada hizkuntzen irakaskuntza aztergai duten hainbat eta hainbat aldizkariren erredakzio-batzordeetan.
Luzea da argitara eman dituen liburu eta artikuluen zerrenda. Horietako asko eta asko bere webgunean daude eskuragai interesa dutenenentzat.
Hizkuntzen irakaskuntzan ekintza komunikatiboaren ikuspegia zabaltzeko proposamen zehatza egiten du, eta testuinguru horretan, kulturak eta hizkuntzak elkarren artean duten lotura-modua azaleratzen. Christian Purenek irailaren 15ean Bilbon (12:00etan, Maria Diaz de Haro kalean dagoen Euskadiko Artxibo Historikoan) emango duen hitzaldiak aukera egokia eskainiko die aldez edo moldez helduen euskalduntzegintzan dihardutenei gai hauen inguruko giltzak landu dituen aditu nagusiaren eskutik zuzen-zuzenean jasotzeko.
Ekitaldira joan nahi duenak irailaren 12rako adierazi beharko du (943 022650 / zuzendaritza@habe.eus)
Amaieran, partaideen arteko solasaldirako aukera izango da.