HABE

Eusko Jaurlaritzak 20.000 euroko diru-laguntza zuzena onartu du Galtzaundi Elkartearentzat, Tolosaldean euskararen aldeko proiektuak gara ditzan (Gobernu Bilera 2018-12-11)

logoconsejo.jpg

2018.eko abenduak 11

Laguntza horren bitartez eskualdeko euskalgintzaren antolaketa bultzatuko du eta Euskararen Mahaia eratuko du

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 20.000 euroko diru-laguntza zuzena onartu du, bere gaurko saioan, Galtzaundi euskara taldearentzat, ‘Tolosaldeko Euskalgintzaren eskualdetze prozesua: antolaketa, eragin esparruak eta Tolosaldeko Euskararen Mahaia’ izeneko programa gara dezan. Elkarte horren helburua da euskararen egoera eskualdean indartzea eta, horretarako, funtsezkotzat jo dute programa hori sustatzea.

Galtzaundi elkarteak bi egiteko nagusi finkatu zituen 2018rako: Galtzaundiren Euskara Taldearen eskualdetzea eta berregituraketa sustatzea eta, bigarenik, Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzea. Gobernu Batzordeak onartu duen diru-laguntzaren helburua da, hain zuzen ere, zeregin horiek diruz laguntzea.

Galtzaundi Euskara Taldeak hausnarketa bat abian jarri zuen, 2016an, Tolosaldeko orduko egoeraz hitz egin eta etorkizuneko helburu eta estrategiak finkatzeko. Gogoeta horietatik abiatuta, 2017an proiektu pilotua abian jarri zen: ‘Tolosaldeko euskalgintzaren eskualdetze prozesua: antolaketa, eragin esparruak eta Tolosaldeko euskararen mahaia’. 2018rako finkatutako helburuak hauexek izan dira:

  • Tolosaldea, euskararen arnasgune: Izaera hori bermatzeko hizkuntza politikak bultzatzea eskualdean.
  • Galtzaundi Euskara Taldea Tolosaldeko 28 herrietan egituratzea: herriz herri,elkarren arteko harremanean eta modu eraginkorrean antolatuta.
  • Eragileen arteko elkarlana: Tolosaldean euskalgintzan diharduten agenteen (erakunde publiko edo gizarte eragile antolatu), bilgunea eratzea eta, bertan, euskararen aldeko eskualde mailako hizkuntza politika lerroak adostea, eta bakoitzaren egitekoak eta koordinazio ildoak finkatzea.
  • Izaera desberdineko erakunde desberdinen arteko lankidetza eredua lantzea eta saiatzea.
  • Aurreko ildo horien jarduna eraginkorragoa izateko egituraketa iraunkorra aztertzea.