HABE

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak herritarren hizkuntza-eskubideekiko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa aldarrikatu du Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen Kontseiluan

Batet_a.png

2018.eko abenduak 03

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen Kontseiluaren bosgarren bileran parte hartu du gaur goizean. Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzak Bilbon duen egoitzan izan da bilera, eta bertan sailburuordeak azpimarratu du administrazioen “betebeharra” dela herritarrei eurek aukeratutako hizkuntza ofizialean erantzutea, eta herritarrei ematen zaien zerbitzuen “kalitatearekin” lotu du eginbehar hori betetzea.

Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministro Meritxell Batet han zela, “legezko betebehar” hori betetzearen alde euskal administrazioek hartua duten apustua azpimarratu du Dobaranek. “Administrazioen betebeharra da ematen ditugun zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzea, eta herritarren hizkuntza-hautaketa errespetatzeak eragin zuzena eta nabarmena du zerbitzu horien kalitatean. Izan ere, erabiltzaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean eraginkortasunez zerbitzu emateko ahalmena, berez, zerbitzu horren kalitatearen ageriko adierazle bat da”, adierazi du Dobaranek, Euskaltzaindiko presidente Andres Urrutia ere han zela.

Azkenik, Euskararen Nazioarteko Egunean, azken hamarkada hauetan euskarak izan duen biziberritze prozesuaren garrantzia nabarmendu nahi izan du sailburuordeak, eta oso positiboki baloratu du azken egunotan Euskaraldiak izan duen erantzuna. “Azken 11 egun hauetan, euskal hiztunok ilusioz ari gara bizitzen aktibazio-esperientzia berri bat, gure hizkuntza-ohiturak aldatze aldera. Azken batean, pertsonen arteko itun bat da, enpatiazko ariketa hau egiteko prest daudenen artekoa, euskararen erabilera bizitzaren eremu guztietara bultzatzea helburu hartuta”.

“Enpatiazko ariketa honek –jarraitu du– berriz ere erakusten digu hizkuntza-dibertsitatea, komunikatzeko oztopo bat izatetik urrun, funtsezko faktorea dela bizikidetza aberasteko, herritarren eskubide guztiak errespetatzen dituen gizarte baten esparruan. Elkar ulertzeko borondatean eta pluraltasuna zaintzeko nahian dago gakoa, baita hizkuntzen eremuan ere, demokraziaren ikuspegitik gurea bezalako gizarte aurreratu bati dagokion balioetako bat den aldetik”.