HABE

BALDINTZAK

2015eko azterketa-deialdietara aurkezteko azterketariak bete beharreko baldintzak.

Euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro homologatu batean matrikulatuta egotea

HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologaturen batean matrikulatuta egon izana 2014ko ekainaren 1etik aurrera hasitako ikastaro batean 1., 2. eta 3. mailan; eta 2013ko urriaren 1etik aurrera hasitako ikastaro batean 4. mailan.

Mailaren atalasea bermatua izatea

Azterketariak 2013ko urriaren 1etik aurrera hasitako ikastaroetan dagokion mailaren atalasea iritsia izan beharko du euskaltegian, lau hizkuntza-trebetasunetan, 2015eko martxoaren 26rako lehenengo deialdian eta irailaren 9rako bigarrenean. Ondorio horietarako, euskaltegiak Q87 aplikazioan sartu dituen datuak hartuko ditu kontuan HABEk:

  • Lehen mailarako: 106 kodea
  • Bigarren mailarako: 109 edo 201 kodea
  • Hirugarren mailarako: 112 edo 202 kodea
  • Laugarren mailarako: 401 eta 411 kodeak

Dena dela, euskaltegian matrikulatua egon eta, behar den datarako ikasten ari den maila euskaltegian gainditu ez duen azterketariak beheragoko mailan aurkezteko aukera izango du, betiere, aurreko paragrafoan ezarritako epealdian, gutxienez, euskaltegiko curriculum proiektuaren araberako urrats bat gainditu badu. Ondorio horietarako, epealdi horretan euskaltegiak Q87n sartutako datuak hartuko ditu HABEk kontuan.

Bestelako betebeharrak

Deialdi hauetara aurkezteko azterketariak ondoko hauek ere bete behar ditu:

  • Matrikula behar bezala bideratzea.
  • Azterketa-eskubideak ordaintzea.
  • Azterketa-egunean ordurako bertan izatea.
  • Azterketako arduradunen aurrean identifikatzea, nortasun-agiri edo agiri ofizial baliokideren bat aurkeztuz.

MATRIKULA EGITEKO IZEN-EMATEA ETA ORDAINKETA

Gaitasun-proba egiteko izen-ematea Internet bidez egingo da, www.habe.euskadi.eus atarian ikasleen sarbidean klik eginez, horretarako ezarritako epe barruan. Bertan sartzeko, norberak dituen erabiltzailea eta pasahitza baliatuko dira.

Erabiltzailea: Norberaren NANaren zenbakia, letrarik gabe.

Pasahitza: Lehen aldiz sartzean, norberaren NANaren zenbakia (letrarik gabe) erabili behar da. Hurrengo pantailan pasahitza aldatzea eskatuko da. Handik aurrera, pasahitz hori baliatu beharko da. Ahaztuz gero, eta HABEk ikasle horren helbide elektronikoa ezagutzen badu, pasahitza berreskuratu aukera erabili ahal izango da. Bestela, euskaltegira edo HABEra jo daiteke.

Ondoren, jo Indarrean dauden azterketa-deialdietara – Deialdia eta maila – Matrikula egin/ikusi. Matrikula-inprimakia bete eta grabatu.

Matrikula egiterakoan azterketaria ohartzen bada aplikazioan agertzen diren bere datuak ez direla zuzenak, bere kabuz alda ditzake datuok, NAN-zenbakia izan ezik. Horrelakoetan datuak zuzentzeko eskaria egin dezake HABEra zuzenduz.

Matrikularen ordainketa

Matrikularen ordainketa ere epe horren barruan egin beharko da, Internet bidez edo, bestela, horretarako bide ematen duten finantza-erakundeetan, izena ematean eskuratzen den matrikula-inprimakia erabiliz.

Matrikulatze-prozesua epe barruan osatu dela ulertuko da izen-ematea eta matrikula-ordainketa matrikulatzeko emandako epe barruan eginak daudenean. Beraz, izen-ematea edo matrikularen ordainketa matrikula-epearen barruan ez egin izanak egiaztatze-prozesutik kanpo gelditzea ekarriko du.

Matrikula-ordaina 30 eurokoa izango da maila bakoitzeko. Gutxienekoak bete eta maila batera baino gehiagora aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu. Matrikula bakoitza deialdi bakar baterako izango da.

Kontuan izan, 2015eko urtarrilaren 9ko Ebazpenaren 11. oinarriaren arabera, bigarren deialdian mintzamen-proba besterik egin behar ez duen azterketariak ere horretarako ezarritako epe barruan burutu beharko duela matrikula: izen-ematea eta 30 euroko ordainketa, maila bakoitzeko.

Bestalde, norberak ikusi nahi badu matrikulatze-prozesua ondo burutu duen, klik egin: Matrikula zertan den. Hemen agertzen zaion mezua “Zure ordainketa ez da oraindik prozesatu” bada, honek ez du esan nahi ordainketa egin gabe dagoenik; 48 eta 72 ordu behar dira ordainketa prozesatzeko.

Edozein kasutan, azterketariaren ardurapeakoa da matrikula ordaindu izana egiaztatzea.

Matrikula ordaintzerakoan sor daitezkeen arazoak:

Matrikula egin ondoren, azterketaria konturatzen bada okerreko maila baterako egin duela, berriro egin beharko du matrikula (matrikulaldi epearen barruan), dagokion maila zuzena adierazita. Kasu hauetan oker egindako matrikularen dirua itzultzea eska dezake, dagokion eskaria betez. Eskari horiek onartuen behin betiko zerrendak argitara eman aurretik egin beharko dira.

Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez da dirurik itzuliko, oker bat izan eta maila bereko matrikula behin baino gehiagotan egin izana salbuetsiz. Kasu horretan, azterketariak eska dezake dirua itzultzea, dagokion eskaria betez.

Matrikula ordaintzerakoan arazorik izanez gero, jarri harremanetan HABErekin.

BERARIAZKO EGOERAK. EGOKITZAPENAK

Egiaztatze-proba hauetan parte hartu nahi eta egokitzapenen bat behar duen ikaslearen kasuan, berdintasun-neurriak hartuko dituzte HABEk zein euskaltegiek, bakoitzak neurtzen dituen trebetasunen eremuetan, azterketari horren aukerak bermatzeko. Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, matrikula egiteko garaian eta matrikulazio-orrian bertan eskaintzen dion moduan eskaera egin beharko dio HABEri, duen desgaitasuna agiri ofizialez zurituz eta eskatzen duen egokitzapena azalduz (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.). Eskari hauen aurrean, HABEk zein euskaltegiak denbora nahiz baliabideak egokituko dizkiote behar bereziak dituen azterketariari, betiere, azterketaren edukia indargabetzeke edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizteke.

Egiaztatze-prozesuan matrikula egin eta gero, azterketari batek egiaztatze-proba egiteko eguna aldatu ahal izateko, inguruabar eragileak eman beharko dira eta aldaketa eskatzeko arrazoia ustekabekoa eta ezinbestekoa behar du izan. Azaldutako karia dagozkion txosten edo dokumentu zalantzagabeez frogatu beharko du, ezinbestez. Eskariak idatziz aurkeztuko dira HABEren Azterketa-batzordeburuaren aurrean, honako helbide honetara bidaliz: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a – 20018 Donostia-San Sebastián. HABEk gertaera hori berariaz ontzat emanez gero, proba egiteko data aldatzeko aukera eskainiko dio azterketariari. Horrelakoetan, data berriak egiaztatzegintzaren antolaketaren ardatzetara egokitu beharko du, ezinbestez.

Azterketa-lekua aldatzeko eskabidea posta elektronikoz egingo da, eskaera hori egiteko arrazoiak azalduz.

Idazmeneko probarako leku aldaketa eskatzeko eguna: maiatzaren 8a lehen deialdian eta urriaren 10a bigarrenean, dagokion eskaria betez.

Mintzameneko probarako leku, egun edo ordu aldaketa eskatzeko eguna: ekainaren 12a lehen deialdian eta azaroaren 20a bigarrenean, dagokion eskaria betez. Oharra: mintzameneko probarako egun-aldaketa: egutegian aurreikusitako egunetako baterako soilik.

 

Azken eguneratzea: 2015/01/26