HABE

euskadi.eus

  1. Sarbidea
 

Oinarrizko kontzeptuak eta euskararen mailaketa

Euskalduntzea euskararik ez dakienari euskara irakastea da. Alfabetatzea, aldiz, lehendik euskalduna denari euskaraz irakurtzen eta idazten irakastean datza.

Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea 16 urtetik gorako biztanleei dagokie, adin horretatik beherakoen euskalduntzea eta alfabetatzea irakaskuntza sistemari baitagokio. Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea, nagusiki, euskaltegien bidez bideratzen da. Horrezaz gain, egon badaude Hizkuntza Eskola Ofizialak, Hezkuntza Sailari atxikiak, (8 hizkuntza eskola EAEko hiriburuetan eta beste udalerri handi batzuetan).

Euskalduntze-prozesua bideratzeko Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curricululma (HEOK) (PDF, 504 KB) da oinarria. Kurrikuluak euskalduntze-alfabetatze prozesua lau mailatan banatzen du:

  • Lehenengo maila edo oinarrizkoa. Ikaslea, maila hau menderatzean, gauza izango da ohiko elkarrizketak lagunartekoak euskaraz egiteko. Testu motzak irakurri eta ulertzeko eta zailtasun handirik gabeko testuak idatzi ere egingo ditu. 
  • Bigarren mailan, lehenengoan ikasitakoa indartzeaz gain, ikasleak barneratu egingo ditu lortutako gaitasun eta ezagutzak eta euskaraz ekoizten hasiko da. Askatasunez ibiliko da hizkuntz testuinguru zabalagotan, ahoz zein idatziz. 
  • Hirugarren mailan ikaslea normal arituko da solasaldi orokorretan eta zuzen eta jariotasunez komunikatzeko gai izango da. Ez du eragozpenik izango entsegu, eleberri, ipuin eta beste literatur motei heltzeko; era berean, gutunak, artikuluak eta testu arruntak idazteko gai izango da. 
  • Laugarren mailak euskara tekniko eta zientifikoaren eskakizunak beteko ditu. Maila honek ikaslea gai egingo du teknikaren eta zientziaren testuingurutan euskaraz aritzeko. Era berean, maila jasoko testu idatziak normal ulertzeko gaituko du eta hizkuntz maila formal eta informalak iaioki menderatuko ditu. Idatzizkoan, berriz, inolako eragozpenik gabe helduko dio edozein idazki-motari.

Helduen euskalduntze eta alfabetatzean gaur egun, Kurrikuluarekin batera, oso tresna garrantzitsua da Europako Erreferentzia Marko Bateratua. Marko bateratu hau Europako Kontseiluaren Hizkuntza Politika atalean kokatu eta garatzen da. Dokumentu aberats horrek laguntza handia eskainiko die irakasle eta ikasleei, besteak beste, kurrikuluak eta programak garatzeko, helburuak zehazteko eta gaitasunak neurtzeko eta ebaluatzeko estandar bateratuak eta baliokideak erabiltzeko.

Azken aldaketako data:  2014/04/10
Euskadi, auzolana