HABE

euskadi.eus

  1. Sarbidea
 

Euskara-ikasleentzako dirulaguntzak. 2017ko deialdia

Deialdia            Eskaria egiteko sarbidea         Erabakia (2017-11-29)           Erabakia (2018-01-30)

2017ko irailaren 5eko EHAAn argitaratu da 2016/2017 ikasturtean HABEren euskara-mailak edo horien baliokideak gainditu dituzten ikasleei dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautu eta dagokion deialdia egiten duen HABEren zuzendari nagusiaren EBAZPENA.

Nork eskura ditzake HABEren dirulaguntzak?

Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izateko baldintza hauek bete behar dira:

  • Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean matrikulatua egon izana 2016ko martxoaren 18tik 2017ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian.
  • 2016/2017 ikasturtean HABEren mailaren bat edo baliokideren bat egiaztatu izana:
    - HABEren mailei dagokienez, 2016. urteko bigarren ebaluazio garaian edo ohiko bigarren deialdian edo deialdi irekian, edo 2017. urteko lehen ebaluazio-garaian edo lehen azterketa-deialdian egiaztatuak.
    - 297/2010 Baliokidetza-Dekretuaren bitartez (uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuan bidez aldatua) HABEren mailen baliokide diren euskara-mailak egiaztatuakoen kasuan (IVAP, Ertzaintza eta Osakidetzako hizkuntza-eskakizunak, EGA, Hizkuntza Eskola Ofizialak…), 2016ko irailaren 1etik 2017ko abuztuaren 31ra bitartean egiaztatuak.

Nori ez dagokio HABEren dirulaguntza?

Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro batean ikasle izanda HABEren euskara-maila edo baliokideren bat egiaztatuta ere, jarraian aipatzen diren kasuetan ez dute HABEren dirulaguntza hauek jasotzeko eskubide izango:

  • Azken bi ikasturteetan (2015/16 eta 2016/17) euskaltegi edo autoikaskuntza zentroan ikasitako mailak baino beheragokoa egiaztatzen dutenek. 
  • Herri Administrazioak finantzatuta eskolaratu diren ikasleek.
  • Lehendik egiaztatutako maila bera edo beheragoko bat egiaztatu dutenek. Kontu izan, ondorio hauetarako, edozein baliokide hartuko dela kontuan. Adibidez, IVAPeko 2. hizkuntza-eskakizuna lehendik egiaztatua duen ikasle batek aurten HABEren B1 edo B2 maila egiaztatzen badu, ez du laguntza hauetarako eskubide izango.

Zer egin behar du baldintza horiek betetzen dituenak?

Aipatu Ebazpenak ezarritako baldintzak betetzen dituenak eta dirulaguntza hauek eskuratu nahi izatera, www.habe.euskadi.eus web orrian, SARBIDEAn (erabiltzailea/pasahitza) sartu ahal izango da eta bertan jakinaraziko zaio dagokion laguntza eskuratzeko duen aukera. Jakinarazpen horretan gehienez eskura dezakeen laguntza adieraziko zaio, betiere gutxitu daitekeena euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentroetan azken bi ikasturteetan ordaindutako kopuruagatik, beste administrazio publikoetatik jasotako laguntzengatik edo aurreikusitako gehienezko kopurua (1.250.000 euro) eskaera guztiei aurre egitera heltzen ez delako gerta daitekeen hainbanaketagatik.

Egiten zaion proposamenarekin ados badago, eskuera jarriko zaion datuen bilketarako orria bete beharko du (ikasleak ordaindutako matrikula-kopuruak, beste administrazio publikoetatik jasotako dirulaguntzak, HABEren dirulaguntza eskuratzeko kontu korrontea…) eta onartu egin behar du "Grabatu"n klik eginez. Hori egin eta gero, hor bukatzen da bere egitekoa (ez du HABEn ezer aurkeztu beharrik izango).

HABErena ez den maila baliokideren bat egiaztatu duen ikasleak, edo HABEren proposamenarekin ados ez dagoelako egiten zaion proposamena onartuko ez balu, zuzenean eskari-orria bete beharko du, bertan eskatzen diren datuekin inprimakia osatu (ikasleak ordaindutako matrikula-kopuruak, beste administrazio publikoetatik jasotako dirulaguntzak eta HABEren dirulaguntza eskuratzeko kontu korrontea). Jarraian, datuak gorde ("Grabatu"n klik eginez), inprimatu eta sinatu egin beharko du. Aipatu eskari-orria egiaztatutako mailaren agiriaren kopia edo dagokion erakundeak luzatutako ziurtagiriarekin batera, HABEren egoitza batean edo herritarrentzako ZUZENEAN zerbitzua eskaintzen den bulego batean aurkeztuko du edo, bestela, postaz bidali.

  • HABEren egoitza batean edo herritarrentzat ZUZENEAN zerbitzua eskaintzen den bulego batean aurkeztu nahi bada, hauek dira helbideak eta bulego-ordutegiak: HABEren egoitzak / ZUZENEAN zerbitzua.
  • Postaz bidali nahi bada (Donostian: Vitoria-Gasteiz kalea, 3; Gasteizen: Samaniego kalea, 2; Bilbon: Gran Via, 85), kontuan izan zorroa zabalik eraman behar dela posta-etxera, eta barruko agiria zigilatu behar dutela bertan. Horrela bakarrik ulertuko da instantziak posta-bulegoan utzi ziren egunean izan dutela sarrera HABEren Erregistro Orokorrean.

Noiz egin behar da eskaera?

www.habe.euskadi.eus web orriaren bitartez datu-orria osatzeko epea 2017ko irailaren 6tik urriaren 5era bitartekoa (biak barne) izango da.

Zenbat diru eskura dezake ikasleak?

  1. Egiaztatu den maila bakoitzeko jarraian zehazten den kopurua eskura dezake gehienez ikasleak:
    • HABEren A1 maila: 125 euro
    • HABEren A2 maila: 175 euro
    • HABEren B1 maila edo baliokidea:  550 euro
    • HABEren B2 maila edo baliokidea:  400 euro
    • HABEren C1 maila edo baliokidea:  150 euro
    • HABEren C2 maila edo baliokidea:  100 euro
  2. Irizpide nagusi bezala, ikasleak ezin dezake eskuratu berari euskaltegian/zentroan 2015/16 eta 2016/17 ikasturteetan ikastea kostatu zaiona baino gehiago. Horretarako, norberak ordaindutakoa eta jasotako beste dirulaguntza publikoak izango dira kontuan.
  3. Guztira 1.250.000 euro aurreikusi dira dirulaguntza hauetarako. Kopuru hau onartutako eskari guztiei erantzutera helduko ez balitz, hainbanaketa egin beharko litzateke.

Noiz erabaki eta eskuratuko dira dirulaguntzak?

Erabakia 2017ko azaroaren 30a baino lehen hartuko da. Erabakiaren berri eskaria egiteko erabili den HABEren web gune berean emango da.

Ikasle bakoitzari dagokion dirulaguntza, ahal dela behintzat, 2017 urtea amaitu aurretik ordainduko zaio eskaera-orrian adierazitako kontu korrontean.

Azken aldaketako data:

Euskadi, auzolana