HABE

euskadi.eus

  1. Sarbidea
 

Ebaluazio-irizpideak

1. maila

Lehenengo maila burutzerakoan, ikaslea gai izango da eguneroko testuinguru ezagunetan eta gai orokor eta arruntei buruzko kontaketa eta narrazio sinpleak, instrukzioak, pertsona eta objektuen deskribapen laburrak ulertu eta, ahoz nahiz idatziz, adierazteko. Halaber, eguneroko harreman hurbilen inguruan, solasaldietan parte hartzeko gai izango da. Dena den, testuaren mezu nagusia eta orokorra jaso/adieraziko du; eta zenbaitetan, helburuaren arabera eta testuaren egiturak bideratzen duenean, informazio xehea ere jasoko du.

Irakurmena

Ikaslearen eguneroko testuinguru ezagunetan eta gai orokor eta arrunten inguruan idatzizko kronika eta artikulu laburrak, deskribapenak eta argibideak ulertzeko gai izango da. Irakurketa helburuaren arabera eta irakurgaiaren egiturak bideratzen duen neurrian (informazioaren antolaketa, kateamendua, zenbatekoa, elementu ikonikoak, hizkuntzaren aberastasuna...) informazio orokorra edo xehea aurkitzeko gai izango da.

Idazmena

Ikaslearen eguneroko testuinguru ezagunetan eta gai orokor eta arrunten inguruan esperientziak deskribatzeko, gertaerak kontatzeko, oharrak idazteko gai izango da.

Entzumena

Ikaslearen eguneroko testuinguru ezagunetan gai orokor eta arruntei buruzko kontaketa edo narrazioak ulertzeko gai izango da, baita instrukzio zuzenak jarraitu eta elkarrizketan parte hartzeko ere. Informazio orokorra, alditan xehea, eta zenbait testuingurutan (zaratarik eza, abiadura normala, ahoskera garbia, erredundantzia, ikusizko lagungarriak...) ñabardurak jasoko ditu. Hala ere, konpentsazio-estrategietara jotzeko joera izango du.

Mintzamena

Ikaslearen eguneroko testuinguru ezagunetan eta gai orokor eta arrunten inguruan, ikasleen arteko nahiz jatorrizko hiztunekiko elkarrizketetan parte hartzeko gauza izango da. Baita instrukzioak emateko, pertsonak eta objektuak labur deskribatzeko eta narrazio edo kontaketa laburrak antolatzeko ere.

2. maila

Bigarren maila burutzerakoan, ikaslea gai izango da ohiko gai eta egoera ezagunei buruzko solasaldi eta jardunak, narrazioak, deskribapenak, instrukzioak eta azalpen laburrak ulertu eta, ahoz nahiz idatziz, adierazteko. Dena den, zailtasunak izango ditu ñabardurak jaso eta adierazterakoan.

Irakurmena

Ikaslearen eguneroko testuinguru ezagunetan ohiko gaien inguruko idatzizko narrazio, kronika, erreportaje eta artikuluak, deskribapenak, ipuinak eta argibideak ulertzeko gai izango da. Irakurketa helburuaren arabera informazio orokorra eta xehea aurkituko du, ia beti. Dena den, irakurgaiaren egituraketak (informazioaren antolaketak, kateamenduak, zenbatekoak...) zaildu dezake ulermena.

Idazmena

Ikaslearen eguneroko testuinguru ezagunetan ohiko gaien inguruan idatziz esperientziak deskribatzeko, ipuinak kontatzeko, oharrak eta gutunak egiteko gai izango da.

Entzumena

Ikaslearen eguneroko testuinguru ezagunetan ohiko gaiei buruzko solasaldi eta jardunetan parte hartzeko gai izango da, baita instrukzioak eta narrazioak jarraitu eta gai ezagun baten inguruko azalpenak ulertzeko ere. Informazio orokorra eta xehea jasoko du, baina zenbait testuingurutan eta jatorrizko hiztunaren hizketa oso kolokialean ñabardurak jasotzeko zailtasunak izango ditu. Hala ere, zailtasun hauek entzumen-estrategiaz baliatuz gaindituko ditu, komunikazioa apurtu gabe.

Mintzamena

Ikaslearen eguneroko testuinguru ezagunetan ohiko gaien inguruan ikasleen arteko nahiz jatorrizko hiztunekiko elkarrizketetan parte hartzeko gauza izango da. Baita instrukzioak emateko, narrazioak edo kontaketak egiteko eta gai baten inguruan azalpenak egin eta iritziak emateko ere.

3. maila

Hirugarren maila burutzerakoan, ikaslea gai izango da kultura orokorraren mailan edozein euskal hizketa ulertzeko , baita zuzentasunez, egokitasunez eta aberastasunez komunikatzeko ere. Saiakera arruntak, ipuinak, nobelak, etab. ulertuko ditu; gutunak, artikulu laburrak, testu errazak eta antzekoak ere idazteko gai izango da. Hala ere, zailtasunak izango ditu gai espezializatuei eta erregistro bereziei buruzko testuak jaso eta adierazteko.

Irakurmena

Kultura orokorraren mailako prosa-testuak, saiakera arruntak, ipuinak, nobelak, erreportaje eta artikuluak, deskribapenak, iritzi-artikuluak, etab. ulertzeko gai izango da. Irakurketa helburuaren arabera informazio orokorra eta xehea aurkituko du eta gaiaren konplexutasunak nahiz irakurgaiaren egituraketak sor ditzaketen arazoak irakur-estrategiaz baliatuz gaindituko ditu, irakur helburua lortuz.

Idazmena

Kultura orokorraren mailako gaiei buruz idatziz gutunak, artikulu errazak, ipuinak, azalpenak eta antzekoak egiteko gai izango da, hauek egokitasunez, zuzentasunez eta aberastasunez egingo dituelarik.

Entzumena

Kultura orokorraren mailako edozein gai eta egoeratan parte hartzeko gai izango da, baita euskara estandarrean nahiz herri-hizkuntzan edozein euskal hizketa (instrukzio, azalpen, narrazio, argudio, elkarrizketa...) ulertzeko ere. Informazio orokorra eta xehea jasoko du; baina gai espezializatuei buruzko azalpenetan, adibidez, xehetasunak ulertzeko zailtasunak izango ditu.

Mintzamena

Kultura orokorraren mailako edozein gai eta egoeraren aurrean ikasleen arteko nahiz jatorrizko hiztunekiko elkarrizketetan, euskara estandarrean gutxienez, parte hartzeko gauza izango da. Instrukzioak eta azalpenak emateko, narrazioak eta kontaketak egiteko, iritziak eta argudioak emateko gai izango da, hauek guztiak egokitasunez, zuzentasunez eta aberastasunez egingo dituelarik.

4. maila

Laugarren maila burutzerakoan, ikaslea gai izango da kultura-maila goreneko eta norbere espezialitateko gaien inguruan elkarrizketa mantentzeko eta iritziak eta azalpenak emateko. Halaber, testu espezialduak bere osotasunean jasoko ditu; eta, hizkuntza formalean nahiz informalean egoerari egokituz eta arrakasta lortzeko moduan, era guztietako testuak zuzen, zehatz eta jator idazteko gai izango da. Euskalkietako berbaldiak eta idatzizko testuak ere ulertzeko gai izango da.

Irakurmena

Batuan zein euskalkitan idatziriko kultur maila goreneko testuak eta testu espezialduak emandako informazioa jasotzeko gai izango da.

Idazmena

Kultur maila orokorreko nahiz goragoko gai sozial ala espezialduez gain, hizkuntza formalean nahiz informalean egoerari egokituz eta arrakasta lortzeko moduan, hainbat motatako testuak zuzen, zehatz eta jator idazteko gai izango da.

Entzumena

Hizkuntza estandarrean edozein diskurtso (kultur maila zabalekoak, norbere interesekoak edo espezialitatekoak) bere osotasunean ulertzeko gai izango da. Euskalkietako berbaldia ere ez zaio arrotza egingo eta mezua bere funtsean jasoko du.

Mintzamena

Kultur maila goreneko eta norbere espezialitateko gaien inguruan elkarrizketa mantentzeko, iritziak emateko edota, beharbada, jendaurrean azalpena egiteko gai izango da.

Azken eguneratzea: 2010/03/16
Euskadi, auzolana